Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:39

EUSKALHERRIA;2008-12-04;«Bide zuzena aukeratu genuela frogatzen du sariak» . AGUSTIN MARKAIDE . Eroskiko zuzendari nagusia

Agustin Markaide - Eroskiko zuzendari nagusia

«Bide zuzena aukeratu genuela frogatzen du sariak»

Mikel Peruarena

Eroskiko zuzendari nagusi Agustin Markaidek (Arrasate, 1957) jaso zuen, atzo, Consumer Eroski aldizkariak lortu duen Ukan sarietako bat. Kooperatibak, sortzetik, euskararekin izan duen konpromisoa nabarmendu du.

Ekainean paperean argitaratzen hasi zineten euskarazko Consumer Eroski aldizkaria, eta, orain, Ukan sarietako bat eman diote. Pozik?

Bai, oso pozik. Sariak bultzada ederra eman digu, eta bide zuzena aukeratu genuela frogatzen du. Aldizkariarekin, hasieratik izan genuen argi itzulpen soila baino gehiago egin behar genuela. Euskarazko kazetaritzan aitzindari direnekin elkartu gara, testu irakurgarriago eta jatorragoak lortzeko. Kultura eta kazetaritza aldetik hedadura handia izango du, euskararen hizkuntz normalizazioari egingo dion ekarpenarengatik. Corpus bat sortuko du euskarazko informazioan hain ezagunak ez diren esaldiekin, esaterako ile-lisagailua, pentsio-planen erreskatea, eta antzekoekin.

Bikain ziurtagiria ere jaso duzue aurten, baina noizkoa da euskarari buruzko kezka Eroskin?

Kooperatibaren sorrera aktari begiratu behar diogu, ikusteko nolako sentiberatasuna izan dugun, betidanik, euskararekiko. Sorrera Estatutuetan bertan jasotzen da euskara koofiziala dela Kooperatibaren eremuan. Hau da, ia 40 urte pasatu dira euskararen aldeko konpromisoa hartu genuenetik.

Euskara alferrikako gastua dela uste izaten du hainbat merkatarik...

Guk, ordea, oso bestela ikusten dugu gai hori. Beti sinistu izan dugu bertako kultura suspertu behar dugula, eta gure jarduerak hala frogatzen duela uste dut. Enpresa baten jarduera ez da mozkinetara begira soilik antolatu behar. Baina arrazoi komertzial taxuzkoak ere badaude bertako hizkuntza kontuan izateko. Demagun euskaldunak izan beharrean, 200.000 alemaniar ditugula gure zerbitzuak eskaintzeko. Zalantzarik izango genuke pertsona horien hizkuntza ikasteko? Merkatariok prest egon behar dugu bezeroak eskatzen duena emateko, saiatzeko behintzat.

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuak nola eragingo du sektorean?

Erronka polita da denontzat. Guk ez dugu obligazio modura ikusten, baizik eta zerbitzua hobetzeko modura. Gauza asko jadanik egiten ditugu: dendetako txartelak eta publizitatea elebitan jartzen ditugu; webgunea lau hizkuntzatan daukagu aspalditik; gure arreta zenbakian lau hizkuntzatan hartzen ditugu bezeroak; euskarazko menua daukate gure telefonia negozioan saltzen diren sakelako telefonoek. Baina oraindik gehiago egin genezake, eta lanean gabiltza. Zorionez, dekretua progresiboa eta errealista da, eta kontuan hartzen du enpresa bakoitzaren izaera.

Euskara Plana ere eguneratu duzue. Aldaketarik egin duzue?

1999az geroztik hasitako jarduerak indartzeko plana da, baina bada aldaketarik. Batetik, euskararen erabilera gehitu nahi dugu Kooperatibaren barnean. Bestetik, giro soziolinguistiko elebiduna nahi dugu. Euskararen aldeko jarrera bereizgarria ere eduki nahi genuke. Gure enpresan euskara ezagutza maila ona daukagu, baina erabilera txikia da oraindik. Lan munduan gauzak ez daude beste esparru batzuetan bezain garatuta. Horregatik erabaki genuen erabilera bultzatzea, ez bakarrik ezagutza.

Noizko izango da posible bezero guztiak euskaraz hartzea?

Ez naiz ausartzen data bat ematera, baina helburu hori lortzeko ari gara lanean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia