Euskarak kohesioa sortu behar duela uste dute EAEko instituzioek
Gaztelania nahiz euskara«inposatzea» arbuiatu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpenean
Jon Rejado
Gasteiz«Naturaltasuna arnasten duen atxikimendua behar du euskarak». Euskarak normalizatzeko behar duena hitz horiekin laburbildu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek biharko Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta kaleratutako adierazpenean. Idatzian, euskarak «bateratzailea» izan behar duela azpimarratu dute, kohesioa sortu behar duela. Euskarak «zabala» izan behar duela nabarmendu dute, aurrera egiteko kemena aniztasunetik ateratzen baitu, instituzioen esanetan.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak irakurri zuen atzo adierazpen instituzionala. Agiria izenpetu duten instituzioetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean; Esti Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Agustin Otsoa Eribeko Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia eta Jokin Azkue Eudeleko euskara arduraduna, hurrenez hurren.
Euskarak izan behar duen izaera bateratzailea azpimarratu dute adierazpenean. Hizkuntza gutxituek aurrera egiteko bizigiro egokia lortzea ezinbestekoa dela deritzote. Hori lortzeko bidean, «nork bere hizkuntza aukerari uko egin gabe», inguruan daudenen aukera erraztearen alde egiten dute instituzioek. «Hori da eleaniztasunera garamatzan hizkuntza politika demokratiko batentzat helbururik egokiena».
Hala, elebakarrak diren biztanleei «euskararantz urratsak» egiteko ahalegina eskatu diete. Euskaraz hitz egiten duenari euskaraz egiteko oztopoak jartzen zaizkionean «euskarak ezinbestekoa duen arnasa» ezin dela bermatu uste dute erakundeek. Begirune horretan datza «eleaniztasunaren bideragarritasuna», adierazpen instituzionalaren arabera.
Diskriminaziorik ez
Gizartean egon behar duen bizigiro egokiaz gain, hizkuntza politiken garrantzia azpimarratu dute instituzioek. Hizkuntzen Nazioarteko Urtea den honetan, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateko eta Galiziako Xuntak sinatutako Parisko Adierazpena gogora ekarri dute. Bertan arbuiatu egin zuten «jokabide diskriminatzaileak eragiten edo babesten dituen praktika oro» .
Alor hori bereziki azpimarratu dute instituzioek, eta «inposizioa» hizkuntza politiketatik kanpo uztearen aldeko deia egin dute, bai euskarari bai gaztelerari dagozkien politiketan. «Ez gaitu inposizioaren bideak eramango euskararen erabateko biziberritzeraino», irakurri zuen Baztarrikak.
Dena den, adierazpenean gogorarazi dute badaudela pertsonak inposiziotzat hartzen dituztenak euskaraz bizitzea bermatzeko hartzen diren neurri guztiak edo ia guztiak. Elebitasunaren aldeko hizkuntza politika egoki batek dituen «betebeharren» artean, hizkuntza ahulenaren zaintza dagoela gogorarazi dute instituzioek, «bera delako esparruak, funtzioak eta hiztunak irabazi behar dituena». Betebehar horiek «adostasunaren fruitu» izan behar dutela gaineratu dute, gizartean eragina izan dezaten.
Instituzioen ustez, betebeharren inguruko eztabaidan euskararen sustapenak berak izan beharko luke ardatza, eta ez euskararen edo elebitasunaren aldeko politika publikoak behar diren edo ez. Hizkuntza alorreko araurik ezaren aldarria faltsua eta okerra dela deritzote erakundeek. Hala, araurik ez badago, hizkuntza indartsuenak abantaila izango duela adierazi dute. Hizkuntza politiken arautzea inposizioarekin berdindu nahi dutenek «faltsutik maltzurrerainoko jauzia» egiten dutela iritzi diote.
Lankidetza giltzarri
Euskararen aldeko politikek ezin dute erdara edo erdal mundua etsaitzat hartu, adierazpen instituzionalean nabarmentzen dutenez. «Erdal mundua indartu egiten da euskarari babesa emanez, euskal mundua indartu egiten den bezala erdararekiko bizikidetza gogo onez onetsiz».
Euskarak hizkuntzen artean tokia topa dezan, lankidetza da giltza, instituzioen ustez. Hala, erakundeek «adostasunean, atxikimenduan eta erabileran» oinarritutako konpromisoa aldarrikatu dute.
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Ukan sariak banatuko dituzte
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
