Presoen hainbat eskubide urratzea egotzi dio Europako Kontseiluak Frantziari
Kartzeletako bizi-baldintzak «onartezinak» direla dio Thomas Hammarbergek giza eskubideen komisarioak bere txostenean
Kondena luzatzeak salbuespen neurria behar duela oroitarazi dio Parisko gobernuari
Xan Harriague
Thomas Hammarberg Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak Frantziako kartzelei buruzko txostena kaleratu berri du, eta nabarmendu du hobetzeko asko dagoela, bai politikan, baita bertan eskaintzen diren bizi-baldintzetan ere. Frantziako Gobernuari ohartarazi dio zigorren gogortzea eta handitzea ez dela presoak gizarteratzeko bide egokiena. Salatu du hainbat eskubide ez daudela bermatuak. Europako arautegiari kasu gehiago egiteko deia luzatu dio.
Hammarberg aurtengo maiatzean egon zen Frantzian. Bertako ministro, administrazioko kide eta gizartearen ordezkari batzuekin solastatu zen kartzelen egoeraz eta espetxe politikaz jabetzeko. Bertatik bertara gaia jorratzeko Fresneseko kartzela bisitatu zuen, eta, sei hilabete geroago, bere iritziaren berri eman du.
Kontra ez bada agertu ere, segurtasun zigorra edo kondena luzatzearen aldebikotasunaz ohartarazi du, oroitaraziz erabil daitekeela soilik pertsona arriskutsuak direlarik gizartearentzat. «Zero arriskuaren logika ez litzateke arau bihurtu behar norberaren eskubideak urratuz». Onartu du baloratzea zaila dela, baina nabarmendu du zalantzak presoari egiten diola mesede.
Gisa berean oroitarazi du segurtasun zigorra jar daitekeela bakarrik epailearen ebazpenak horrela aurreikusten bazuen. Haren ustez, Frantziak indar berezia egin behar du arlo horretan. «Segurtasun espetxeratzea azken baliabidea izan behar da, eta ezinbestekoa da askatasuna urratzen ez duten prebentzio neurriak abian jartzea hori saihesteko».
Zaintzapeko askatasuna gutxiegi erabiltzen da, komisarioaren arabera. Kartzeletan dagoen presoen gehiegizko kopuruari aurre egiteko irtenbide bat litzateke, haren ustez. Baina ikusi ahal izan duenez, Frantziak kartzela gehiago eraikitzeko apustua egin du, eta harentzat huts bat da hori. «Salbuespen neurri bat izan beharko luke epe luzera irtenbiderik ez baitakar». Eskumuturreko telematikoen erabilera gehiago eskatu dio. «Zaintzapeko askatasunean bizi direnen kopurua emendatzen ari da, baina oraindik oso eskasa da».
Diskriminaziorik gabe
Presoen sakabanaketari buruz argi ez jokatzea leporatu dio Hammarbergek Frantziari, eta oroitarazi dio familiarekiko harremanak eusteko erraztasunak izatea eskubidea dela. «Presoa bere herritik ahal bezain hurbil egon behar du senideekiko loturak atxikitzeko eskubidea daukalako, eta abokatuarengandik gertuago egotea komeni delako». Hori arautzen duten neurriak zehazteko eskatu dio Frantziako Gobernuari, haren ustez, norberaren irakurketa ahalbideratzen dutelako oraingoek. «Bizitza pribatuaz gozatzeko aukera izateko legeak argitu behar dira neurri gabeko baldintzak ez inposatzeko eta diskriminazioa saihesteko».
Kartzela barruko politikan eta egoeran ere, hobetu beharreko gauza asko ikusi ditu Hammarbergek. Salatu du isolamendua arautzen duen dekretua kontraesankorra dela. Bi urtetan mugatzea gehiegizkoa iruditzen zaio, eta, gainera, «oso kezkagarria da, batetik, ezin zaiolako helegiterik jarri, eta, bertzetik, neurria berritzen ahal delako kartzela zigorra bezainbeste». Isolatuta dauden presoek kartzelako bertze jardueretan aritzeko aukera izan beharko lukete, komisarioaren ustez. Hari beretik diziplina-zigorrak gehiago mugatzea ezinbestekoa iruditzen zaio.
Dena dela kartzeletako bizi-baldintzek dute gehien kezkatzen. Haren arabera, «onartezinak» dira. Higiene gutxiengoa errespetatzen ez dela salatu du, eta horren erantzule nagusia kartzeletan dauden tokiak baino preso gehiago izatea jo du. Azken urteetan Frantziak zigorrak gogortzeko izan duen joeraren ondorioa da, haren arabera. 2007ko ekainetik 2008kora 3.000 preso gehiago ziren kartzeletan. Gehiegizko presoak 13.000 ziren, eta kartzelen betetze indizea %125ekoa. Behin-behineko kartzela zigorra betetzeko espetxeetan egoera are larriagoa zen, batez bestekoen okupazio indizea %140ra iristen zelako, eta batzuetan %220ra.
Horren ondorio asko aipatzen ditu Hammarbergek txostenean. Europako arauen arabera, ziegetan bakarka egotea eskubidea dela oroitarazten dio Frantziari, eta salatzen dekretu baten bidez hark ahalmena bihurtu duela. Arau hori hautsiz presoen intimitatea ez dutela errespetatzen azpimarratu du gehienetan komunak ziega berean direlako.
Kartzeletan hainbeste izaki, zerbitzu minimoak ez direla segurtatzen ere nabarmendu du, tartean dutxak, medikuen kontsultak eta bisiten tartea. Komisarioak kezka agertu du langileen kopurua, hala sozialak, nola begiraleak edo administrariak, kartzelari egokitua delako, eta ez presoen kopuruari. Horiek egiten duten lana murriztua ikusten du, eta begiraleen eta presoen arteko ika-mikak maizago gertatzen direla beldur da.
Frantziako Gobernuak heldu den hilabeteetan ekinen dio espetxe politika arautzen duen legea berritzeari, eta Hammarbergi ezinbestekoa iruditzen zaio puntu horiek guztiak zuzentzea.
Thomas Hammarberg
Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioa
Txostena
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
