AHTren lanak emango dituzte zortzi zatitan
Aurten Beasain eta Tolosa arteko lau zatiren lanak eskainiko ditu Jaurlaritzak; beste lau zatirenak 2009an
Erredakzioa
DonostiaGipuzkoan, Bergara eta Zizurkil artean, AHT abiadura handiko trenaren lanak zortzi eremu berritan hasi nahi dituzte datorren urtean. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bilera egin zuen atzo, eta Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailari zortzi zatitako lanak eskaintzeko baimena ematea erabaki zuen. Lau lan lehenbailehen eman nahi ditu Jaurlaritzak: Beasain ekialdeko, Beasain mendebaldeko, Legorretako eta Tolosako zatiak aterako ditu lehiaketara, orain, Garraio eta Herri Lan Sailak. 2009ko lehen seihilekoan beste lau zatiren lanak eskainiko ditu: Bergara eta Antzuola artekoa, Ezkio eta Beasain artekoa, Tolosa eta Hernialde artekoa eta Hernialde eta Zizurkil artekoa.
Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuorde Iñaki Betolazak eman zuen Gobernu Kontseiluaren erabakiaren berri, atzo, Saileko Garraio Azpiegituren zuzendari Mirari Arruabarrenarekin batera. Beasain eta Tolosa arteko lanak egiteko aurrekontua ia 255 milioi eurokoa da, baina zenbait urtetan banatuko da gastua. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin 2006an sinatu zuen akordioaren arabera, Kontzertu Ekonomikoaren Kupotik deskontatuko da diru hori. Oraingoz, 5 milioi euroko kontratua sinatzeko aukera du Garraio eta Herri Lan Sailak.
Guztira 11,4 kilometroko luzera dute Beasain eta Tolosa arteko lau zatietako lanek eta, Betolazaren esanetan, zati horietako bidearen %82 lur azpitik joango da. Betolazak nabarmendu du AHTren hasierako ingurumen irizpideak hobetu egin direla, eta Gipuzkoan trenak lur azpitik egingo duela bidearen %70. Ordizia eta Itsasondo artean egiten ari diren tunelean 30 metro zulatu dituztela ere jakinarazi du sailburuordeak.
Horrez gain, Betolazak iragarri du 2009 urte bukaeran, edo 2010 hasieran, Bergarako, Antzuola eta Ezkio arteko, Urnieta eta Hernani arteko, Hernani eta Astigarraga arteko eta Donostiara sartzeko zatietako lanak eskaintzeko asmoa duela Jaurlaritzak.
AHTren lanak ez ezik, Bilboko tranbiaren ibilbidea Basurtutik Errekaldera luzatzeko erabakia ere hartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak. Bi urtetan burutu nahi dituzte lanak eta, guztira, 7 milioi euro erabiliko dituzte. Kopuru horren %35 Bilboko Udalak jarriko du, gainerakoa Eusko Jaurlaritzak.
Nafarroako zatia, laster
Nafarroako AHTren zatia eraikitzeko Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren arteko akordioa «ez dago oso urrun», Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetarako ministro Elena Salgadoren esanetan. Iruñean izan zen atzo Salgado ministroa, Atzerritarrentzako Bulegoaren inaugurazioan, eta Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzekin bildu zen.
Sustapen Ministerioaren lana defendatu du Salgadok, eta halako azpiegiturek aurrelana eskatzen dutela nabarmendu du. «Orain Ekonomia eta Ogasun Ministerioak egin behar ditu zehaztapen eta azterketa osagarri batzuk, eta nik espero dut akordioa laster sinatuko dela», nabarmendu du Salgadok, baina ez du egunik zehaztu.
Bestalde, Durangoko AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi duenez, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak Zornotzako (Bizkaia) zenbait lurren desjabetzeari buruzko berria argitaratu zuen azaroaren 21ean. Desjabetzeen aurka, 296 helegite batu ditu taldeak, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidali ditu, Bilbora.
Zenbakia
200
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
