Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:36

EUSKALHERRIA;2008-11-26;BEGIRADAK. Futbola ez dut gustuko

Begiradak

Eider Alkorta - Politologoa

Futbola ez dut gustuko

Futbola ez dut gustuko, eta aurten gure futbol selekzioaren partidarik ikustera ez naiz joango, aurreko urtean Euskal Herriko Selekzioarena ikusi ez nuen bezala. Eta zein da 2006 eta 2007an jokatutako partiden arteko ezberdintasuna? Gure selekzioaren izena, zeren izanean ez zegoen aldaketa esanguratsurik. Azken urtean, aldiz, izen aldaketak izanaren aldaketa ere ekarri duela dirudi, uste hori zabaldu da behinik behin.

Beti pentsatu dut herri honetan bizitzea eta gris kolorekoa izatea baino gauza zailagorik ez dagoela. Batzuentzat aspergarria dena beste batzuentzat entretenigarria da, eta gatazka guztiak hil edo biziko gaitzat hartzen dituztenak ere badira. Une oro eta burura etor daitezkeen edozein gairekin dago ika-mika gurean; zu nongoa zara? HABEkoa edo AEK-koa, Kakitzat-ekoa edo KEMekoa, Eguzkikoa edo Ekikoa. Ez dut esango Euskadi eta Euskal Herriaren arteko aukeraketa Coca cola, Pepsi cola edo Meca cola artekoa baino garrantzitsuagoa ez denik, baina jende askok Euskadi/Euskal Herria ez zuen dikotomia bezala ulertzen, ez pasa den astera arte behintzat.

Niretzat Euskadi eta Euskal Herria ezberdinak dira, baina aurreko belaunaldiko askorentzat, eta ez jeltzaleak soilik, Euskadi eta Euskal Herria berdintsuak dira. Kontzeptuak argi izatea garrantzitsua da, baina gurean ia ezinezkoa da. Nik Euskal Herria 7 herrialderekin irudikatzen dut (6koaren ideia ez nuen asimilatu), ez daukadana argi da zer den gaur egun Euskadi. Miren Azkarateren arabera, Euskadi ez dute hiru herrialde horiek bakarrik osatzen, baina ni behin eta berriro ibili naiz www.euskadi.net-en eta ez dut beste herrialdeen inongo erreferentzia eta instituziorik aurkitu. Euskal Herriko Unibertsitateak ere izena badu, baina izana eskas, zeren Gipuzkoa, Araba eta Bizkaira mugatzen da. Nahaste hau ekiditeko eta jendea ez nahasteko, bakoitzari bere izenez deitzea erabaki nuen, Euskal Autonomia Erkidegoaz ari banaiz, kontzeptu hori erabiltzen dut, eta Espainiaz ari banaiz, ez daukat konplexurik eta ez dut beharrezkotzat jotzen Estatua dela azpimarratzea.

Euskal Herriak bere selekzioa izatea nahiko nuke, baina lainoetatik lurrera jaitsi ondoren aurretik beste zereginik ikusten dut. Izena aldatuz ere, ofiziala ez litzateke une honetan, ez Murtziakoa baino gehiago behintzat. Ofiziala izanda ere futbolariek hainbeste maitatzen dituzten 7 herrialdeak, 3 egitura administratibo lituzke eta Euskal Herriak subjektu politiko izan gabe jarraituko luke. Nik uste dut oiloa behar dela arrautzak izateko, eta arrautz opila huevinarekin egin badaiteke ere, ez da berdina. Euskal Herriko Selekzioa izenez eratzeak ez du politikoki subirano izango den naziorik ahalbidetuko, alderantziz, bai, ordea; Euskal Herria subjektu politiko balitz, izena eta izana duen selekzioa izango genuke.

Gu-a zeinek osatzen dugun ez dakigu, eta urteetako haurdunaldi luzearen ondoren ere umearen izena ez dugu adostu. Dramatikoa denez, (euskal) umorearekin bukatuko dut. Sinatzaileen artean Athleticeko jokalariak daude, eta ez daude prest Euskadirekin jokatzeko, zazpi herrialdek eta 21.000 kilometrok osatzen duten nazioa ordezkatu nahi baitute. Sentitzen duten kamisetarekin bakarrik jokatuko dute, beraz, baina nik Petronor hainbeste maite dutela ez dut sinetsi nahi.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia