Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:35

HARIAN;2008-11-25;GENERO INDARKERIA. EMAKUMEAREN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA. Instituzioek gizonei erantzukizuna eskatu diete, indarkeria ezabatzeko. Herritar eta erakunde guztien beharra nabarmendu dute instituzioek genero indarkeriari aurre egiteko Ibarretxek dio «XXI. mendeko proiektu politiko garrantzitsuena» dela berdintasuna

Instituzioek gizonei erantzukizuna eskatu diete, indarkeria ezabatzeko

Herritar eta erakunde guztien beharra nabarmendu dute instituzioek genero indarkeriari aurre egiteko

Ibarretxek dio «XXI. mendeko proiektu politiko garrantzitsuena» dela berdintasuna

Garikoitz Goikoetxea

Bilbo

Genero indarkeria desagerrarazteko gizonek duten erantzukizun berezia gogorarazi dute instituzioek, bereziki Emakundek antolatutako Gizonduz ekimenaren ekitaldian. «XXI. mendeko lotsarik handienetakoa, baita euskal herritarrontzat ere». Hitz horiekin definitu du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emakumeen aurkako indarkeria. Mundu osoan indarkeria mota hori «globalizatuta» dagoela salatu du, eta herritarrak, gizonezkoak bereziki, horren aurka lan egitera deitu ditu. Erakundeek ere horretan lan egin behar dutela azpimarratu du, uste baitu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna dela «XXI. mendeko proiektu politiko garrantzitsuena euskal gizartearentzat». Emakumeei ere dei egin die, «bizitzaren liburua gizonekin batera idazteko, orain arte gizonek bakarrik idatzi dituztenak baino sakonagoak eta askeagoak izango direlako».

Gizonduz ekimenaren ekitaldian egin zituen atzo adierazpen horiek Ibarretxek, Bilbon. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko presidente Izaskun Bilbao; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak; Jaurlaritzako hainbat sailburu; Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea; eta hainbat alderdi politikotako ordezkariak. Dantza, musika eta kantua uztartu zituzten, guztiekin emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko.

Izaskun Moiuak ere, Emakundeko presidenteak, gizonek duten egitekoa azpimarratu du. «Aurpegi asko dituzte erasoek, baina leku bakarretik jaiotzen dira: gizonak emakumeen jabe izan daitezkeela uste izatetik». Hartatik, indarkeria desagertzeko, lehenbizi desberdintasuna desagerrarazi behar dela adierazi du. Eskerrak eman dizkie orain arte emakumeen eskubideen alde lanean aritu diren elkarteei, baina oraindik ere «biktima» asko dagoela gogorarazi du, «batez ere ahanzturaren biktimak».

Gaitzespena, aho batez

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu zuen, atzo, genero indarkeriaren kontrako adierazpena. PSNk aurkeztu eta bozeramaileek onartutako testuak jasotzen duenez, genero indarkeria ezabatzea guztien betebeharra da, instituzioena eta herritarrena: «Kontzientzia hartuz eta denon konpromisoarekin baino ezingo dugu amaitu giza eskubideen urratze zaurgarri hori».

Gipuzkoako Foru Aldundian, berriz, genero indarkeria sufritu duten zazpi emakumeren testigantzak irakurri zituzten atzo eguerdian. Esmeralda Berbel idazle katalanaren Ongi trata nazazu liburuan jasotako testigantzak irakurtzen esku hartu zuten Parlamentuko presidente Rafaela Romerok, Berdintasunerako Batzordearen presidente Rebeka Uberak eta Acovidem Etxeko Indarkeriaren Aurkako eta Haurren Defentsarako Elkarteak. Politikari eta kulturgile ezagunak ere izan ziren tartean, Iñaki Galdos, Ainhoa Arteta, Begoña Ameztoi edo Arantxa Urretabizkaia, besteak beste.

5.000 telefono dei

Genero indarkeria nozitzen duten emakumeen inguruko pertsonei «konplize» ez izateko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Gai Sozialetako sailburu Javier Madrazok: «Beste aldera begiratzen badute, konplize bihurtzen dira». Tratu txarrak edo sexu erasoak jaso dituzten emakumeentzako Eusko Jaurlaritzaren Telefono Zerbitzuari (900-84 01 11) buruzko balantzea aurkeztu zuen, atzo, Madrazok. Telefono zerbitzua erasoak jasotzen dituzten emakumeek erabil dezakete, baina haien senideek, lagunek, bizilagunek eta lankideek ere erabili behar dute, sailburuaren ustez. Telefono zerbitzuak 5.000 dei jaso ditu hiru urtean, eta 2.500 emakume «babestu, aholkatu eta artatu» ditu, Madrazoren arabera.

Bestetik, PSE-EEko presidente Patxi Lopezek ere salatu du genero indarkeria: «Guztioi dagokigu mezu argi eta sendoa ematea tratu txarrak eragiten dituztenei: honaino heldu gara, ez dugu gehiago onartuko».

 

Ez daude gustura ezagutu eta jaso duten gizon ereduarekin: arrakastatsua, lehiakorra, beldurrik ez duena... Gizon izateko beste modu batzuk bilatzen eta lantzen dituzte gizon taldeetan.

Gizonen kateak

Mikel Peruarena

Donostia



Zutik gizonezkoak, hautsi gure kateak...». Ez da horrelako kantarik entzun oraindik, baina laster sor liteke. Han-hemenka, genero bazterketarik gabeko gizartea eraikitzeko gizonek duten lekuaz eta eginkizunaz hitz egiten duten ahotsak ugaritzen ari dira. Irudia ez da ohikoa, baina Santurtzin (Bizkaia) ikusi zen, urriaren 11n. Gizonek antolatu zuten protesta ekitaldia, Doccas Daviden hilketa gaitzesteko. Harrezkero, gizon taldea osatzen hasi dira Santurtzin, «sexismoa norbere burutik ezabatzeko jarduera pertsonal eta kolektiboa» garatzeko asmoz. Kateatuak sentitzen hasi dira gizonak.

Ibon Arrizabalagak hamar urte daramatza gizon taldeetan eta gizon taldeekin lanean: «Sumatzen nuen mutila izateagatik gauza batzuk ez zirela niretzat onak. Batzuetan ezin nuen ni neu izan, irainak, txantxak, jazarpena jasaten nituelako». Gizonen artean lehia dagoela eta lehian ezin dela ahul agertu azaldu du Arrizabalagak. Gizonek ezin dute inoiz beldurrik erakutsi, nahiz eta gehienek egoera beldurgarriak bizi dituzten: «Badaezpada ere, ez dezatela ikusi ni nolakoa naizen, ez naizela gizon indartsua, gizon irekia...». Gizon eredu horrekin gustura ez eta, gizonentzako taldeak bazirela jakin zuenean, «jo eta buruz» sartu zen Arrizabalaga. Egun, gizonentzako tailerrak dinamizatzen ditu, eta batetik bestera ibiltzen da lan horretan.

Gizon taldeak, Euskal Herrian, duela 20 bat urte hasi ziren sortzen, Arrizabalagaren esanetan. Orain dozenaren bat talde eta tailer egongo dira. Gorabeheratsua da haien bizitza, ordea: «Barrengorriak bezala, euri pixka bat egiten du, eta gero eguzkia, eta ateratzen dira taldeak, baina gero, 12 ziren lekuan hiru daude, eta 200 gizon zeuden lekuan 12 daude». Hala ere, gehituz doala deritzo Arrizabalagak. Joan den larunbatean elkarretaratzeak egin zituen Gizon Sareak -Irun, Hernani, Zarautz (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia) eta Gasteizko gizon taldeak elkartzen dituen koordinakundea-. Elkarretaratzeetan banatu zuten dekalogoaren zortzigarren puntuak hala dio: «Gizarte patriarkalak gizon bezala hazi eta hezteko ezarri dizkigun balio eta jokabide bortitzak, antidemokratikoak eta arriskutsuak guztiz alboratzeko konpromisoa hartzen dugu».

Presio eltzea lehertzean

Gizonei eskatzen zaizkien balio eta jokabideek lotura zuzena dute emakumeen aurkako indarkeriarekin, Arrizabalagaren ustez: «Gizonek beti itxura eman behar dugu dena dakigula, ondo gaudela, arrazoia daukagula... Eta horrela ez gaudenean, zalantzan gaudenean, nahiago dugu inork ez ikustea, eta etxean geratzen gara. Eta txarrena etxean ateratzen da». Kanpoan uso, etxean otso, esaera zaharrak dioenez. «Sanoa litzateke denok edukitzea leku bat presio eltzearen muturra pixka bat askatzeko eta lurruna botatzeko». Horretan saiatzen dira, besteak beste, gizon taldeetan, gizonek barruan duten presioa askatzen.

Gizonen artean ohikoa da oihu egitea, azkar hitz egitea, besteek moztu aurretik, Arrizabalagaren iritziz. Gizon taldeetan elkarrizketa sortzen da, eta hori gauza «berria» da gizonentzat: «Leku bat, non beste gizonek aditu egiten duten; hori ez da ohikoa».

Leku hori edukitzea garrantzi handikoa da ikasitako portaerak aldatuz joateko, Arrizabalagak dioenez: «Azken finean, dauzkagun ohitura txar horiek, korapiloak dira. Korapiloetan minak, tristurak, amorruak, pilatuz joan garen tentsio guztiak daude, ez digutenak uzten gauzei buruz pentsatzen». Korapiloak askatzeko emozioak erabiltzen saiatzen dira talde lanean; batzuetan, emozioen gaineko trebatze bereziak egiten dituzte.

Arrizabalagaren esanetan, gizonek aukera ugari galtzen dituzte nagusi diren ereduak jarraitzeagatik, laguntasuna edo hurbiltasuna, esaterako. Baina, batik bat, zein diren eta zer nahi duten, sen hori galtzen dute gizonek: «Gaztetako zer nahi genuen jakite hura, eta horren alde dena emateko prest egotea galdu ditugu».

Sexismoak eta bestelako zapalketek, oinarrian, gazteen zapalketa dutela uste du Arrizabalagak: «Umeek oso ondo dakite zer nahi duten, baina denok ikasi dugu hori ez dela posible, eta konformatu behar dugula besteek jarritako mugekin». Gazteak ez direla pertsona helduak eta, haien ordez, helduek erabaki behar dutela pentsatzen da: «Tratu hori onartu baldin baduzu, onartzen duzu gauzak beti izango direla zuk nahi ez duzun bezala; eta etsipen hori errotzen denean, zentzugabekeria pila bat onartzeko prestuago zaude, bestela onartuko ez zenituzkeenak, adibidez, sexuaren arabera ezberdin tratatuko dituzula pertsonak».

Zapalketa horiek onartzeko ikasitako bidea desegiteko, jolasa erabiltzen dute, sarri, gizon taldeetan. Jolasek beldurrak eta lotsak pizten dituzte, eta haien bidez emozioak askatu eta aztertu litezke. Dena den, jolasarekin oso ondo pasatzen egon arren, gizon talde batean beti egongo da galdera bera, Arrizabalagaren esanetan: «Ederki ari gara, baina noiz hasiko gara gauza garrantzitsuak egiten? Ondo pasatzea ez da garrantzitsua, ez dugu hori ikasi».

«Gizonen askapenerantz»

«Orain hasi gara gizonak talde bezala antolatzen eta talde horiek izan litezke feministen borrokaren laguntzaile, haiek nahi dutenean, eta nahi duten moduan; baina guk ere gure bidea daukagu egiteko, gizonen askapenerantz», dio Arrizabalagak. Feministen ekina eta gizon taldeena paralelotzat jotzen ditu, osagarritzat, baina ez du uste nahastu behar direnik. Lehendabiziko gizon lantegiak antolatzea ere feministen erabakia izan dela adierazi du: «Beraientzako diren baliabideak bideratu dituzte horretara, baina egoera horrek ezin du iraun. Gizonekin egin beharreko lana beste bide batetik ordaindu behar da, ez emakumeei kendutako dirutik».



 

Gaurko mobilizazioak eta deialdiak



ARABA

Gasteizen, 20:00etan. Gasteizko plataformak Andre Mari Zuriaren plazan biltzera deitu du.

BIZKAIA

Bilbon, 19:30ean. Arriaga aurrean elkartuko dira Bilboko dozenaka eragile. EILAS, ELA eta ESK sindikatuek 12:30ean elkarretaratzea egingo dute, Foru Aldundiaren aurrean. Algortan, Durangon eta Zornotzan ere antolatu dituzte mobilizazioak.

GIPUZKOA

Donostian, 19:30ean. Manifestazioa Bulebarretik abiatuko da, koordinadorak antolatuta. Horrez gain, deialdiak egin dituzte Arrasaten, Azpeitian, Irunen, Errenterian, Tolosan eta Zarautzen.

LAPURDI

Baionan, 18:00etan. Bortizkeriaren kontrako taldeak Herriko Etxearen aitzinean antolatu du ekitaldia.

NAFARROA

Iruñean, 20:00etan. Gaztelu plazatik abiatuko da indarkeriaren kontrako plataformak deitu duen manifestazioa. LAB sindikatuak elkarretaratzea egingo du, 12:00etan, Nafarroako Berdintasun Institutuaren aurrean. Altsasun, Etxarrin eta Lizarran ere izango dira mobilizazioak.



 

288



Iruñeko Udalean aurten laguntza eskatu duten emakumeak. 288 emakumek lehen aldiz jo dute, aurten, Iruñeko Udaleko Emakumearen Arretarako Zerbitzura, gehienak genero indarkeriarekin lotura duten kasuengatik. Haietatik %35ek 30 eta 39 urte artean dituzte.



 

@sarean



Gizon talde eta lantegiei buruzko hainbat webgune daude Interneten:

gizonak.blogspot.com. Gasteizko gizon taldea.

gizon.nireblog.com. Iñaki Kasaresen bloga; Santurtziko gizon taldea.

gizonsare.wordpress.com. Gizon Sare koordinakundearen webgunea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia