2008-11-23
Iñaki Goirizelaia - EHUko errektoregaia
Azken lau urteotan Errektoretza Taldeak egindako hutsak onartu, eta etorkizunean egin beharreko lana du buruan Goirizelaiak.
«Bolognak argiak eta itzalak ditu, baina, oro har, ona dela uste dut»
Maite Asensio
LeioaBizkaiko campuseko Errektoreordetzako bulegoan pilatuta dauzka paperak eta liburuak Iñaki Goirizelaiak (Bilbo, 1958). Izan ere, abenduaren 4ko Euskal Herriko Unibertsitateko bozen ondoren, bertatik alde egin beharko du, metro gutxira duen Errektoretza bulegora, irabaziz gero, edo ikerketa jardunera, Marisol Esteban gailentzen bazaio.
Irabazten baduzu, Juan Ignacio Perez Iglesiasen ildo bera jarraituko duzu, baina desberdintasunik egongo dela adierazi duzu. Zein?
Izaeraz desberdinak gara, baina Juan Ignacio Perezek duen unibertsitate eredua eta nirea berdinak dira. Lau urtean proiektu interesgarriak jarri ditugu martxan; horiek amaitu behar dira, eta beste batzuk abiatu.
Zein da unibertsitate eredu hori?
Unibertsitatearen etorkizunari begira, ikerketa oinarrizkoa dela uste dugu. Ikerketan ezagutza arlo guztiak aztertu behar ditugu, eta, horretarako, argi definitu behar dugu zer den ikerketa egitea arlo bakoitzean. Hori aztertuta, saltoa eman behar dugu Europara eta nazioartera; horrek izan behar du gure erreferentea, hara joan behar dugu.
Irakaskuntzari dagokionez, berrikuntzak egin behar dira, eta gure titulazio mapak Europan egon behar du. Irakaskuntzarako azpiegitura egokia izan behar dugu, bai adreiluzkoa zein giza baliabideei dagokiena. Irakasleen karrera ondo definitu behar dugu, eta horretarako proposatu dugu Irakasleen Plan Gidaria; irakasle berrien bidea ondo zehaztuko luke, sail bakoitzaren beharrizanen arabera. Aldaketa izugarria da sailen kudeaketan.
Ikerketari dagokionez, Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga plataformak dio EHUn ikerketa enpresen mende dagoela, eta oinarrizko ikerketa alde batera uzten dela.
Ez nator guztiz bat horrekin. Ikerketarako aurrekontua handitu egin da, eta hori oinarrizko ikerketa egitera bideratzen da. Enpresekin ere kontratuak egiten ditugu, proiektu zehatzetarako, baina autonomia mantentzen dugu.
Zein desberdintasun nabarmenduko zenuke Marisol Estebanen eta zure programen artean?
Guk kontrastea eta erreferentziak nazioartean bilatzen ditugu. Horregatik proposatu dugu Ikerketa Plana, eta bere programan ez dut halakorik ikusi, ezta Irakasleen Planik ere. Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) arloan, adibidez, argi esaten dugu 400 lanpostu sortu behar direla, eta sei hilabetean trebakuntza plana egongo dela. Nik Euskararen Plan Gidariarekiko konpromisoa dut.
Hain justu, euskararen inguruan sortu da eztabaida handienetakoa.
Plana Gobernu Kontseiluak onartu zuen eta bete behar da. Nik ez dut uste gaindosi linguistikorik dagoenik, ez da posible: irakasleen %35 euskaldunak dira eta ikasleen %45ak eskatzen dute euskaraz ikastea; lehenengo zikloan, derrigorrezko irakasgaien %75 euskaraz eskaintzen dira, eta bigarrenean %45. Datuek argi frogatzen dute gaindosirik ez dagoela. Gure konpromisoa da gradu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz ematea, eta graduatu ondokoetan bien presentzia parekidea izatea, baina ingelesa ere sartzea.
Eta hortik aurrera? Izan ere, oraindik zailtasun handiak daude doktoretza tesiak euskaraz egiteko.
Karrera amaierako proiektua eta doktoretza tesia euskaraz defendatu nituen 1981ean. Egia da zailtasunak daudela, adibidez epaimahaia antolatzean, baina gogoa eta ilusioa eduki behar dira.
Euskal Herriko unibertsitateen sarea bultzatzeko urrats gutxi egin dira azken urteotan. Perez Iglesiasek lan hori azpitik egin behar dela defendatu du. Zein iritzi duzu zuk?
Oso konplexu ikusten dut goi mailako agintarien arteko akordioak lortzea, eta oso erraz behe mailan lortzea. Hori bultzatu behar dugu, batez ere denok konpartitzen dugun altxorra daukagulako: euskara. Dagoeneko badauzkagu proiektuak elkarrekin; memoria batean bildu behar dira, eta horrek ere adieraziko digu zein den biderik egokiena.
Ikasleen parte-hartzea sustatzeko, zer proposatu duzu?
Ikasleen gaietarako batzordea sortzea proposatzen dugu. Ikasle Kontseiluak hautatutako hiru ikaslez eta hiru errektoreordez osatuko litzateke eta, gutxienez, hiru hilabetean behin bilduko. Ikasleen eta Errektoretzaren artean ikasleei buruzko edozein gai eztabaidatzeko bidea izan behar du; gainera, ikasle batek Errektoretza Taldearen bileran egoteko eta iritzia emateko aukera izango luke. Ikasleekiko distantzia handia izan dugu lau urteotan, eta hori berreskuratu nahi dut.
Bologna Prozesuaren inguruan nabaritu da hori. Ikasleekin ezer adosteko aukerarik ikusten duzu?
Oso zaila izango da. Nik ahalegin guztia egingo dut prozesua modu egokian bideratzeko. Baina hor oso jarrera gogorrak daude, eta guk indarrean dauden dekretuak bete behar ditugu. Prozesu honek argiak eta itzalak ditu, baina oro har, ona dela uste dut.
Uste duzu behar adina eztabaidatu dela Bolognaren inguruan?
Ez dut uste behar adina eztabaidatu denik, baina eztabaidatzeko mila ahalegin egin ditugula, bai; ez dugu asmatu, ordea.
Dirudienez, Ikasle Abertzaleak taldeak abstentzioa eskatuko du. Kezkatuta al zaude?
Bai, ikasleen parte-hartzea garrantzitsua delako. Denon errektorea izan nahi dut, eta horretarako sektore guztien parte-hartzeak handia izan behar du. Badakit irakasleena eta AZPrena handia izango dela, baina ikasleena seguruenik ez. Eurek oso urrun ikusten dute Errektoretzaren lana.
Irakasleen ordainsari osagarriek ere eztabaida handia eragin dute. Zer egin da gaizki eta nola konpondu?
Gauza asko ere ondo egin dira. Abiapuntua konplexua zen, defizit handia genuen, eta aurrekontua asko handitzea lortu genuen. Irakasle gehienek gutxieneko bat kobratzen dute, eta askok soldata handitu dute. Egia da bidegabekeriak egon direla, baina ezin da sistema zalantzan jarri. Funtsean, aurreko sisteman lortutako osagarriak ez badira errespetatu, hori konpondu behar da, protokoloak hori diolako, eta ez da bete.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
