Brouarden eta Muguruzaren bideari jarraituta herriaren alde lan egitera dei egin dute
Egungo esparru politikoa gainditzeko eta «trantsizio demokratikoa» egiteko aukera egon badagoela uste du Itziar Lopategik
Abertzaleen indarrak batzearen alde egin du, «horrela indartsuago garelako»
Aitziber Laskibar
BilboSanti Brouarden eta Josu Muguruzaren senide eta lagunek herritarren berotasuna jaso dute, HBko bi buruzagiak tiroz hil zituztenetik 24 eta 19 urte bete diren egunean. Urtero bezala, jende asko irten da kalera, bai goizean, bai arratsean, biak omentzera. Malkoak ikusi dira iluntzeko ekitaldian. Gorazarre hitzak entzun. Maitasun adierazpenak egin. Haien bideari eusteko deia egin dute. Euskal Herriaren aldeko lanean jarraitzeko deia. Ezker abertzaleak eredutzat dauzkan bi militanteen urratsei erreparatu eta haiek eginiko lanari jarraitzekoa.
Izan ere, eredutzat dauzka biak ezker abertzaleak. Haien bizitzek «militantziaren esanahia» beste ezerk baino hobeto erakusten dutela uste du. Horregatik sortzen diela «zirrara berezia» oraindik ere azaroaren 20ak, hil zituzteneko egunak, Brouard zein Muguruza ezagutu zituztenei eta ezagutu ez zituztenei. Horregatik hunkitzen direla oraindik adinekoak zein gazteak. Horregatik iritsi zaizkiela «maitasun hitzak» biei zein haien hurkoei kartzelatik igorritako gutunean eta jaso dituztela bina krabelin gorri bien alabek.
«Urte gogorrak»
1984a eta 1989a, Brouard eta Muguruza hil zituzten urteak, Euskal Herriarentzat «urte gogorrak» izan zirela gogoratu dute. Orain ere, «mozkorraldi errepresiboarekin», garai zailak direla esan dute. «Baina zein urte ez da izan gogorra?».
Azken urteetan, halere, ezker abertzaleak helburu dituen independentzia eta sozialismorako bidean urrats handiak egin direla uste dute. «Euskal Herria estatu izateko bidean» aurrera egiten ari dela. Eta, ezker abertzalea, «makurtzetik» urruti, «zutik» dagoela eta «indartu» egin dela, gainera.
Hain zuzen, «proiektu askatzailea suntsitzea» da, Itziar Lopategiren esanetan, Espainiako Konstituzioaren helburu nagusietako bat. Bestea, «Euskal Herria asimilatzea» dela dio. Eta, hori, Francok hil aurretik, «ondo lotua» utzi zuen lanaren emaitza dela uste du. Konstituzioaren bidez, «Euskal Herriak dituen eskubide demokratikoak ukatzeko terapia» ezarri zuela. «Estatuaren menderatze politiko eta ekonomikoa» ziurtatu zuela.
Baina ezker abertzalea horri aurre egiteko antolatu zela gogoratu du. Eta, ordutik, beti ibili dela bi ildotan lanean: «alderdi abertzaleei elkarlanerako deia egiten», eta estatuari negoziazioa proposatzen. Xibertako elkarrizketen oinarria alderdi abertzaleen batasuna izan zela azaldu du. Eta, orain ere, antolakuntza eta lanerako eskaintza egiten ari dela gainerako alderdi abertzaleei.
Konstituzioaren «porrota»
Izan ere, «duela 30 urte diseinatutako operazioak», Espainiako Konstituzioak eta horren ondorio diren Gernikako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak «porrot» egin dutela uste du. Espainiako Konstituzioak ez duela lortu «herri hau asimilatzea», eta gainera, herritarren gehiengoak uste duela marko hori agortuta dagoela. Gainditu egin behar dela. Ez dela nahikoa erreforma soilak egitea.
Eta aldaketarako aukerak egon badaudela dio Lopategik. Hori gauza dadin, «trantsizio demokratikoa» egin dadin, independentistek «indar erabakigarria», «motorra» izan behar duela sinetsita dago. Eta horregatik egin du elkarlanerako deia: «indarrak batuz indartsuago izango garelako». Hortaz, eragileei ez ezik, ezker abertzaleko herritar guztiei egin die alorrez alor lan egiteko deia, «Santi eta Josuren eredua jarraitzeko deia».
Elkarlanerako deia
Arratsaldean ez ezik, goizean ere omendu zituzten Brouard eta Muguruza. Ehun bat lagun bildu ziren Ametzola parkean eguerdian, Muguruza eta Brouarden omenezko eskulturen aurrean eginiko lore eskaintzan. Bertan izan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi, Eugenio Etxebeste Antton, Rafa Diez, Itziar Aizpurua eta Periko Solabarria, eta baita ere bi hildakoen lagun eta senideak, Edurne Brouard eta Ane Muguruza alabak, adibidez.
Guztien izenean Shanti Kirogak hartu zuen hitza. Muguruza eta Brouarden izaera gogoratu eta ezker abertzaleko bi militante horiek autodeterminazioa eta burujabetzaren alde eginiko lana goraipatu zuen Kirogak. Haren ustez, Muguruza eta Brouard «eredu» bilakatu dira Espainiako Konstituzioak Euskal Herriari ezarritako «kaiola» apurtzen saiatzen direnentzako. Eta haiek irekitako bidetik jarraitzeko deia egin zion euskal gizarteari. «Duela 30 urte bezala, egun ere autodeterminazioan, lurraldetasunean eta amnistian oinarritutako markoa eskaini eta eskatzen du ezker abertzaleak». Ideia horietan sakontzeko abertzale eta ezkertiar diren guztien elkarlanerako dei egin zien Kirogak.
Ildo horretan, EAJ jarrera kritikatu zuen Kirogak. «Frankismo osteko esparrua betikotzea» leporatu zien jeltzaleei; baina ohartarazi zien «beste iruzur bat» egiteko orain dela 30 urte baino «joko eremu murritzagoa» dutela. Kirogaren aburuz, proiektu independentista geroz eta indartsuago da.
itziar lopategi
Ezker abertzaleko kidea
Shanti Kiroga
Ezker abertzaleko kidea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
