Espainiak De Juanaren errua frogatu behar duela dio Ipar Irlandako lehen ministroak
«Terrorismoa goratu» duela begi bistakoa bada, Ipar Irlandak ez du trabarik jarriko hura Espainiaratzeko
Xan Harriague
DonostiaPeter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak ez du nahiko frogarik ikusi Iñaki de Juana estraditatzeko. Espainia «hurbileko kide» jo arren, argi utzi du bertako Auzitegi Nazionalak euskal preso ohiaren errua «begi bistan» utzi beharko duela. Baldintza hori betetzea ezinbestekotzat jo du Erresuma Batuko Justiziak euroaginduari buruz baiezkoa emateko.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak zabaldu zuen De Juana bilatzeko eta atxilotzeko euroagindua, azaroaren 11n. Egun horretan haren aurrean inputatu gisa deklaratzera joan behar zuen, ustez «terrorismoa goratzeagatik». Epaileak delitu horren zantzuak ikusi zituen kartzelatik ateratzean egin zitzaion ongietorrian lagun batek bere izenean irakurri zuen gutunean.
Agindu horren berri izatean, Thomas Burgess Belfasteko Auzitegiko epaileak hitzordua jarri zuen bi aldeen iritzia jasotzeko, Espainiako Gobernua ordezkatzen duen bertako Fiskalarena eta De Juanarena. Orduan Burgessek ez zuen auzia ebatzi, eta une horretan nahikoa frogarik ez zuela ikusi adierazi zuen. Erabakitzen duen bitartean, De Juana aske utzi zuen, 5.900 euroko bermea ordainduta eta Belfasten egoteko neurri zorrotzak jarrita. Espainiako Auzitegi Nazionalari froga gehiago helarazteko eskatu zion, baita bertako Zigor Kodearen itzulpena ere.
Burgessek Velascori eskatu dio zehazteko zer artikulutan oinarritzen den «terrorismoa goratzea» izan dela adierazteko. Gisa berean jakinarazi dio akats bat egin duela delitu hori biltzen duen Erresuma Batuko Zigor Kodearen artikulua aipatzean. Ohartarazi dio ere zigor handiena bi urtekoa dela Espainiako legearen arabera, eta estradizio bat eskatzeko gutxienekoa hiru urtekoa dela. Velascok eskaera galdetzaileei helarazi die: Fiskalari, Ermuko Foruari, Terrorismoaren Biktimen Elkarteari eta Dignidad y Justiciari.
Espainiako Justiziari dagokio De Juanaren errua frogatzea, Robinsonen arabera, eta horrela gertatzen bada Ipar Irlandako Justiziak ez duela inongo arazorik jarriko hura Espainiaratzeko adierazi du Robinsonek. Dena dela, auzia justiziaren esku dagoela azpimarratu du, eta gaineratu du Erresuma Batuan politikariak ez direla sartzen justizia gaietan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
