Bilboko gazteak ez dira ohartzen indarkeria sexistaz euren erlazioetan
Generoen araberako estereotipoetan oinarritzen dira gazte unibertsitarioen arteko harremanak
Maite Asensio
BilboGizonek emakumeak mendean hartu dituzteneko egituretan hazi eta hezi dira egun unibertsitatean dauden gazte bilbotarrak. Hartara, generoen araberako rol eta estereotipoak oinarri hartuta eraiki dituzte maitasunaren eta erakargarritasunaren inguruko ideiak. Genero indarkeria helduen bikote harremanetan gertatzen dela uste dute; hau da, ez dira ohartzen euren harremanetan ere bortizkeriarik egon daitekeenik. Bilboko Udalak eskatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Sailak egindako Genero indarkeria Bilboko nerabe eta gazteen bikote harremanetan txostenak dioenez, gazte horiek ez dute indarkeria sexista antzemateko estrategiarik, euren harreman afektibo eta sexualetako arrisku egoerak identifikatzeko zailtasun handiak dituztelako.
«Babesa eta segurtasuna ematea» eskatzen diote 18 eta 20 urte bitarteko emakume unibertsitarioek bikotekide «idealari»; adin bereko gizonek, aldiz, emakume «politak, erakargarriak» nahi dituzte. «Sistema patriarkaletik eraikitako harreman erromantikoaren isla» dira adierazpen horiek, txostenak azaltzen duenez; izan ere, ez dago berdintasunik harreman horietan, estereotipo tradizionalek indarrean jarraitzen dutelako.
Gainera, auzitan jartzen ez den maskulinotasun eredu bakarra dago gizon gazteen artean, Mila Amurrio txostenaren egileetako batek azaldu bezala. «Benetako gizona» izatea eskatzen zaie mutilei; emakumeei, aldiz, «neska ona» izatea. Unibertsitatean dauden emakumeen artean estereotipo horiekin hausteko joera antzematen da; elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako balioen transmisioak, aldiz, eragin txikiagoa du gizonengan.
Edonola ere, 15 eta 20 urte bitarteko neska-mutilek ez dute indarkeria sexistari buruzko informazio zehatzik. Arazo larria dela uste dute, baina hirutik batek baino ez du azaltzen gizonen eta emakumeen botere harremanen ondoriozko gaitza dela. Halaber, batik bat helduen bikoteetan gertatzen dela uste dute gehienek.
Ondorioz, zailagoa zaie emakume gazteei bortizkeria zantzuak identifikatzea, jazarpenik edo indarkeria fisikorik ez dagoenean batez ere. Tratu txarren barruan mailak daudela uste dute gazteek, eta, hortaz, maila apalenak jasaten dituztela dio txostenak. Adibidez, neskek ez dute gaizki ikusten gizonek eskuko telefonoa miatzea, emakumeei bere lagunekin joan ez dadin eskatzea edo nola jantzi behar duten esatea.
Atxilotu bat Iruñean
Indarkeria sexista kasu baten berri eman zuen atzo Iruñeko Udalak. 45 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak iragan larunbatean, Labrit aldapan, emakume bati sexu erasoa egiten saiatu izana egotzita.
Genero indarkeriaren biktimei laguntzeko instituzioen arteko akordioa berritu dute
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
