Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:29

HARIAN;2008-11-19;MEMORIA HISTORIKOA. GARZONEN AUZIBIDEA. Frankismoaren aurkako auzia ikertzeari utzi dio Garzon epaileak . Lurraldeetako auzitegien esku utzi du aferarekin jarraitzeko aukera; besteak beste, Nafarroa eta Bizkaiko auzitegien esku Erantzuleak hilda egonik erantzukizun penala ezin dela inoren aurka bideratu dio epaileak

Frankismoaren aurkako auzia ikertzeari utzi dio Garzon epaileak

Lurraldeetako auzitegien esku utzi du aferarekin jarraitzeko aukera; besteak beste, Nafarroa eta Bizkaiko auzitegien esku

Erantzuleak hilda egonik erantzukizun penala ezin dela inoren aurka bideratu dio epaileak

Iñaki Petxarroman

Donostia

Frankismoaren krimenak aztertzen dituen auzia ikertzen jarraitzeari utzi dio Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Erantzukizun penalak eskatzeko zeinengana jo ez dagoela argudiatu du epaileak, erantzule guztiak -tartean Francisco Franco diktadorea- hilda daudelako. Edonola ere, delituak ez direla baliogabe geratu berretsi du epaileak, gizateriaren aurkako delituen ondorio juridikoak gaur egun arte iristen direlako.

Garzonek lurraldeetako auzitegien esku utzi du auziarekin jarraitzeko aukera, besteak beste, hobietan indusketak egiteko. Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat auzitegiren esku utzi du auzi honekin jarraitu edo ez jarraitu erabakitzeko ardura, besteak beste, Nafarroako eta Bizkaiko auzitegien esku. Epaileak agindutako 25 indusketa horiek geldirik daude oraingoz, Auzitegi Nazionalak aginduta, gai honen gaineko eskuduntza nori dagokion argitu bitartean.

Garzonek indusketak agindu zituen -tartean Nafarroako Ezkabako gotorlekuan- joan den urriaren 16ko autoan. Auto berean auzia ikertzeko eskumena zuela deliberatu zuen. Erabaki horri, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarri zion, eta eskuduntzari buruz Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako batzarrak laster hartu behar zuen erabakiari aurreratu zaio epailea.

Atzo ezagutarazi zuen autoan epaileak eskatu du 1977ko Amnistiaren Legea baliogabetzeko, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak eskatu bezala. Lege hori baliogabetuta, 1936ko gerraren eta frankismoaren giza eskubideen bortxaketen gaineko egia historikoa jakiteko modua izango dela uste du Garzonek. Halaber, ahaideek biktimak identifikatu eta exhumatu ahal izango dituztela dio.

Umeen auzia

Auzi honen erantzukizun penala oraingoz itxitzat jo badu ere, etorkizunean bideren bat ireki dezakeen atal bat aipatu du Garzonek autoan. Izan ere, frankismoari leporatu dio milaka ume gurasoengandik banatu eta erregimenaren aldeko familiei eman izana. «Horrekin 1940ko hamarkadan milaka ume euren nortasuna galtzeko bidean jarri zituzten». Besteak beste, oraindik biktima batzuk bizirik egon daitezkeela gogorarazi du Garzonek, eta hori beste arrazoi bat da delituak ez direla baliorik gabe geratu esateko. «Frankismoak tamaina kezkagarria hartuko zuen umeen segregazioa egin zuen, erregimenarekiko aldekotasuna babesteko». Ikerketa hori hasierako urratsetan dagoela aipatu du Garzonek autoan.

Magistratuak bere erabakiaren berri eman dio Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salari, eta Espainiako Justizia ministroari. Bi erakundeei ohartarazi die Garzonek: ikerketa galarazteak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren aurka jardutea litzateke. Garzonek gogor jardun du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren aurka, eta orain arte beste auzi batzuetan izandako jarrerari ez diola eutsi leporatu dio Garzonek, eta biktimak babesik gabe uztea egotzi dio. Esaterako, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur etakidearen kasuan edo Adolfo Scilingo Argentinako militar ohiaren auzian hartutako erabakia -bi kasuak ikertzen ari da- ez dator bat, Garzonen ustez, afera honetan hartu duen jarrerarekin.

«Errealitate hau ahaztea, eta ikerketari trabak jartzeak delituaren ondorioak betikotzearen parekoa litzateke, eta hori, bidegabea izateaz gain, krudela ere litzateke biktimentzat, eta espainiar gizartearen eta nazioartearen giza eskubide oinarrizkoenen aurkako litzateke», esan du.

 

Frankismoko biktimen auzia



2008

Ekainaren 27. 2006ko abendutik aurrera hainbat elkartek aurkeztutako salaketak aztertzen hasi zen Garzon epailea.

Irailaren 1a. Espainiako Gobernuari eta Elizari informeak eskatu zizkien Garzonek, 36ko gerraren ondorioz desagertutako pertsonen errolda egiteko.

Irailaren 22a. 5.800 euskal herritar desagerturen zerrenda eman zioten senideek epaileari.

Irailaren 24a. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan desagertutako 8.650 lagunen errolda aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Irailaren 25a. Garzonek datu gehiago eskatu zizkien administrazio eta artxibo ugariri.

Urriaren 16a. Auzia ikertzeko eskumenak zituela erabaki zuen Garzonek. Diktadurako goi karguak gizateriaren aurkako krimenen erantzule izan zirela erabaki zuen, eta hainbat hobi komun zabaltzeko agindu zuen, Ezkabako gotorlekukoa tartean.

Urriaren 20a. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zion Garzonen erabakiari, auzia artxibatzeko eskatuz.

Urriaren 23a. Garzonek ez zuen onartu Fiskaltzaren helegitea tramitatzea.

Azaroaren 7a. Auzitegi Nazionaleko zigor salak hobi komunak zabaltzeari uzteko behin-behineko erabakia hartu zuen.



 


Garzonek frankismoaren aurkako auziarekin ez badu jarraitzen, nazioarteko justiziak egingo du»

Jose Antonio Martin Pallin

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile emeritua





 

45



Frankismoko krimenen erantzuleak. 1936. eta 1951. urteen artean Francoren gobernuetan esku hartu zuten 35 militar, Franco bera tartean, jo zituen Garzonek 1936ko gerrako krimenen erantzule. Atzoko autoan beste hamar izen gehitu dizkio zerrenda horri.



 

Katolikoen hilketak ikertzeko eskatu dio Del Burgok Garzoni



Garzon epailearen aurrean idatzia aurkeztu du UPNko diputatu ohi Jaime Ignacio Del Burgok. «Eliza katolikoaren kontrako sarraskia» ikertzeko eskatu dio epaileari. Gerran errepublikanoek eta 1934ko urriko altxamendu iraultzailean PSOEk egindako bortxa ekintzak ikertu behar direla adierazi du Del Burgok.



 

Francori eman domina kendu egingo dio Durangoko Udalak



Durangoko Udaleko EAE-ANVk, Aralarrek eta EBk egindako proposamena ontzat jo du EAJk, eta 1972an Francori Durangoko Udalak eman zion domina kendu egingo dio. Aitziber Irigoras alkateak adierazi duenez, domina kentzeko osoko bilkura egin behar den edo ez aztertzen ari dira udal teknikariak.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia