Euskal Herriko 300.000 erretirodun baino gehiago pobrezian bizi dira
Adinekoen bizi baldintzak aztertu dituzte Ipar Hegoak eta LABek haien egoera larria «ezagutu eta iraultzeko» asmoz
Euskal Herriko 655.000 erretirodunen batez besteko pentsioa 876 eurokoa da
Mikel Carramiñana
BilboLehenengo aldiz aztertu du erakunde batek Euskal Herriko adinekoen egoera eta datu gabezia izan da, hain zuzen ere, oztopo handienetarikoa. Administrazio publikoek egin beharreko lana zela uste dute Ipar Hegoa fundazioko eta LABeko ordezkariek, eta edadetuen arazoen gaineko arduragabekeria eta jarrera «koldarraren» adibide gisa jarri zuten. Euskal Herriko adineko pertsonen eta pentsiodunen bizi baldintzei buruzko azterlanaren bitartez, aldiz, «gertutik» ezagutu nahi izan dituzte 65 urtetik gorakoen «itxaropenak, beharrak eta eskariak», Pazis Ortega Ipar Hegoako lehendakariak esan zuenez.
Txostenaren aurkezpena egin zuten atzo LABen Bilboko egoitzan. Bertan, Bea Martxueta Gizarte Politikako arduradunarekin eta Juan Mari Arrizabalaga Adineko eta Pentsiodunen arloko ordezkariarekin batera, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eman zituen azterketaren emaitza eta ondorio nagusiak. Sindikatuak sortutako sail berriaren estrategiarekin bat egiten du ikerlanak: «Aldatu nahi dugun egoera larria ondo ezagutu behar baitugu irauli ahal izateko». Hegoaldeko 65 urtetik gorako 1.600 lagun elkarrizketatu dituzte, eta Iparraldean datu ofizialak baliatu dituzte azterketa egiteko.
Euskal Herriko 65 urtetik gorako herritarren egoera «larria» dela esan zuen LABeko buruak, «gizarte osoaren egoeraren isla» delako. Pobrezia dute arazo nagusietako bat, baina ez, ordea, bakarra. Azaldu zuenez, «adinekoek askotan ez dute beren burua gizartearen parte sentitzen, eta iritzirik ere ez dute ematen». Horri aurre egiteko sortu dute, besteak beste, LABeko Adineko eta Pentsiodunen arloa: «Informazioa eman behar zaie, eta dagozkien gaien inguruan parte-hartze aktiboa izatea lortu behar dugu».
1. Pobrezian
Pobrezia erlatiboaren arabera -diru sarreren muga, hilean 715 eurokoa-, Euskal Herriko pentsiodunen ia erdia bizi da pobre, 94.781 egoera larrian eta 209.169 pobrezia erlatiboan. Elkartzen erakundeak ezarritako mugaren arabera, berriz, 322.899 pentsiodun bizi dira pobre. Egindako elkarrizketen arabera, adinekoen %44,7k diote arazo ekonomikoak dituztela beren beharrak asetzeko. 1.000 euro baino gutxiago jasotzen dituztenen %63k ez dauka diru nahikorik bere beharrei aurre egiteko.
2. Etxebizitza
Hegoaldeko adinekoen %91,6 dira etxebizitzaren jabe, eta %56,9, Ipar Euskal Herrian. Horien artean, alabaina, 1915. urtea baino lehen eraikitako etxeetan bizi dira %20. Horrexegatik, Hegoaldeko 65 urtetik gorakoen %55,30ek ez dute igogailurik, eta %80k irisgarritasun arazoak dituzte.
3. Biztanleria
Euskal Herri osoan 560.448 lagunek dute 65 urtetik gora. Horietatik %41,6 gizonezkoak dira, eta %58,4, emakumezkoak. Europako zahartze tasarik handiena dauka Euskal Herriak, %130ekoa.
4. Osasun egoera
Euskal Herriko adinekoen gehienek, %54,2k, uste dute beren osasun egoera osoa ona edo ona dela.
5. Elkarbizitza
Hegoaldean, 65 urtetik gorakoen %17, 67 bakarrik bizi da, 80 eta 89 urte bitartekoen %26,27 bezala.
6. Emakumeak
Gainerako adinetan bezala, adinekoen artean ere, emakumeak dira gabezia gehien dituztenak: «Pobre bizitzeko probabilitatea biderkatu egiten zaie emakumeeei». Horrez gain, «menpekotasun bortitzean» bizi direla salatu zuen Etxaidek, zaintzaile izatera «behartuta» daudelako eta horrek ematen dielako familiako lotura eusteko aukera nagusia. Haiek, gainera, zainduak izateko eskubiderik ez dutela gaineratu zuen.
Laugarren adina deritzotenaren egoera ere aztertu du ikerketak, eta «guztien artean larriena» dela nabarmendu zuten. 85 urte edo gehiago dituztenen bizi baldintzak hobetzeko erakunde publikoek «ezer egiten ez» dutela salatu zuen.
7. Sistema propioa
Euskal Herri osoko pentsiodunen kopurua 655.746 lagunekoa dela azaltzen du txostenak eta, hilabeteko, batez beste, 876,24 euro jasotzen dituztela. Bizitza duina bermatzeko moduko pentsioak aldarrikatu zituen Etxaidek, eta horretarako dirua badagoela berretsi zuen. LABek, gainera, Euskal Herriko pentsio sistema propio baten alde egiten duela gogorarazi zuen.
Adibide gisa, azken sei urteetan Hego Euskal Herriak Espainiako Gizarte Segurantzaren kutxa bakarrari egindako ekarpena euskal erretirodunek kotizaziopeko pentsioetan jasotakoa baino gehiago izan dela azaldu zuen.
Ipar Hegoaren txostenak, bestalde, adinekoen bizi baldintzei buruzko beste hainbat alderdi aztertu ditu.
ainhoa etxaide
LABeko idazkari nagusia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
