Koldo Zuazo - EHUko irakaslea
Bateratzera egin dute euskalkiek azken 40 urteotan, euskara batua sortzearekin batera. Gaur egun bost euskalki bereiztu ditu Zuazok, XIX. mendean Louis-Lucien Bonapartek zortzi ikusi zituen lekuan.
«Euskaldunen arteko jarduna bereizten ari da, gaztelaniaren eta frantsesaren eraginez»
Iñaki Petxarroman
DonostiaBadira aste batzuk Euskalkiak. Euskararen dialektoak liburua aurkeztu zuela Koldo Zuazo (Eibar, 1956) EHUko irakasleak. Liburuari buruzko nondik norakoak azaldu ditu.
Euskararen historian indar banatzaile gehiago daudela diozu, indar bateratzaileak baino.
Dialektoak sortzen dira harremanik ez dagoenean. Euskal Herrian, administrazio aldetik, herria apurtuta dago, eta, gainera, euskara ez da ofiziala. Bi indar horiek izan dira euskalkiak sortzearen eragile nagusiak.
Administrazio bat izan bagenuen, hizkuntza ere antzekoagoa izango zela, alegia.
Jakina. Hor ikusten dugu orain, euskara batua egin zenetik, eskolara sartu zenetik... 40 urte hauetan hizkuntza asko berdindu da.
Hori ona da, ezta?
Bai. Baina euskara batua sortu zen modua eta garaia... Alegia, euskara bera hiltzorian zegoen, eta indar handia egin zen euskara batuaren alde, euskara bera bizi zedin. Baina, gero, denbora pasatuta, ondorioak ikusten dituzunean, konturatzen zara euskara batu hori ez zela ondo gizarteratu, ez zirela kontuan hartu eremu euskaldunak eta erdaldunak. Horrek, denborarekin, ondorio txarrak utzi ditu.
Mendebaldeko hiztunak izan dira prozesuko kaltetu nagusiak?
Bai. Tira, nafarrak eta Ipar Euskal Herrikoak ere bai. Hala ere, Iparraldean azken urteotan bertako batua sortu dute, eta hori positiboa da. Euskaldunak eroso daude euskara horrekin, eta identifikatu egiten dira. Hemen, aldiz, jendea ez dago eroso, ETBko euskara ez duelako ulertzen, adibidez.
Iparraldeko batua aipatu duzu, baina ez al gara ari gero eta gehiago bi euskara egiten, bi erdaren ondorioz?
Bai. Gaztelaniaren eta frantsesaren eraginak izugarriak dira hizkuntzaren arlo guztietan. Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen arteko jarduna bereizten ari da.
Bonaparteren garaitik hona zer aldaketa nagusi izan dira?
Euskara batua agertu izana da, duda barik, aldaketa nagusia. Bestalde, euskararen normalizazioan egindako urratsak. 1960ko hamarkadara arte, euskara ahozko jardunerako erabiltzen zen. Ordutik, idatzian erabiltzen hasi gara. Euskara sartu dugu inoiz erabili gabeko esparruetan. Horrek ekarri du hizkuntza suspertzea, eta euskalkiak berdintzea.
Liburuan diozu antzinean euskara berdintsuagoa izan zela.
Bai. Izkribu zaharrak ikusita, XIX. mende hasieratik XX. mende erdira arte, euskalkiek bilakaera dibergentea izan zuten. Hori Mitxelenak ere esaten zuen: XVII. mendeko Lapurdiko, Bizkaiko edo Zuberoako izkribuak hartu, eta berdintsuagoak direla XIX. mendekoak baino. Beti pentsatu du Nafarroako Erresuma apurtu izanak izango zuela ondorio gaiztorik. XII. mende horretan Gaztelara begira jarri ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa, eta ziur naiz horrek hizkuntzan eragingo zuela, baina frogatzea zaila da.
Adibideren bat izango da, ezta?
Esaterako, geroaldiko -go hori (joango, egingo, izango...) Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erabiltzen da. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izanen eta egonen erabiltzen da. XVI. menderako hala zen. Zer dago horren azpian? Zaila da jakitea, baina ezaugarri batzuek Euskal Herria bitan puskatzen dute.
Euskalkien izenak jartzean ez dituzu erabili gipuzkera eta bizkaiera. Hori batzuei digeritzen zaila egingo zaie.
Beharbada. Baina iruditzen zait zuzenagoa dela hala. Adibidez, izara hitza Bizkaikoa dela pentsatzen dugu, baina erabiltzen da Gipuzkoako Goierrin, Urolaldean, Nafarroako Burundan... Beraz, bizkaiera dela esatea ez zait egokia iruditzen. Gainera, kontuan edukita hizkera hori garai batean Arabara hedatzen zela, pentsa liteke hori dena Gasteizen sortutako gauza dela, hiri nagusia izanik. Pentsatzekoa da handik abiatuko zirela hainbat berrikuntza.
Eta gipuzkeraren kasuan?
Hor ikusten da ardatz garrantzitsu bat izan dela Iruñetik itsasalderaino. Hor sortu dira berrikuntza linguistiko batzuk, eta hedatu dira Gipuzkoan eta Nafarroan. Eta, Iruñean, erdaldundu zenetik, Nafarroako mendebaldeko eskualde horiek ez dute nondik elikatu Gipuzkoatik ez bada. Gainera, Leitzan (Nafarroa) hitz egiten den euskalkiari gipuzkera deitzea ere ez zait egokia iruditzen.
Bost euskalki daudela diozu. Bonapartek zortzi aipatu zituen.
Bai, baina Bonapartek zortzi aipatu bazituen ere, gutxiago ere izan zitezkeela esan zuen, zalantzak izan zituen. Ikusten da, batez ere Ipar Euskal Herrian berdintzera jo dutela hizkerek. Gaur egun bi baino ez daude.
Zer hipotesi hobetsiko zenuke euskalkien etorkizunari buruz?
Uste dut euskalkia eta euskara batua oso lotuta daudela. Euskara indartsu badago, euskalkia ere indartsu dago. Euskalkia galtzen den tokian gaztelania edo frantsesa nagusitzen dira, ez euskara batua. Esaterako, Urdiainen (Nafarroa) euskara galtzen ari da, baina nagusitzen dena gaztelania da, ez batua.
100 urte barru, beste Bonaparte bat sortuz gero, zer aurkituko du?
Jakin ez, baina aldaketak lasterrago gertatuko dira, eta euskalkiek bateratzeko joera izango dute. Hala ere, ezberdintasunak izango dira. Eta muga politikoa konpontzen ez dugun bitartean, hor beti izango dugu arazo bat. Nik presazko ikusten dut hori aldatzea. Bestela gaizki goaz.
Eremu erdaldunetan sortu diren milaka euskaldunek zer euskalki egiten dute?
Hor euskalkirik ez dago. Pentsaezina da Gasteizen, Bilbon edo Santurtzin euskalkia erakustea. Hor euskara batutik abiatu behar da. Baina batua ez da zertan berdina izan Baionan eta Bilbon. Baionan euskara ikasi nahi duen herritar bati Lapurdin eta Nafarroa Beherean egiten den euskara irakastea da logikoena; eta Santurtziko pertsona bati Bizkaialdeko egitura eta joerak. Bizkaiko gau eskola batean deus edo igorri esateak ez dauka zentzurik.
Duela bost urte beste liburu bat egin zenuen. Zer berritu duzu?
Ipar Euskal Herrian bizi izan nintzen, eta bertako euskarari leku zabala eman diot. Konturatu naiz Nafarroa Beherean berdintsu hitz egiten dutela 40 urtetik beherakoek. Zaharrek jarraitzen dute euren euskararekin, baina gazteen artean bateratu egin da, nahiko modu naturalean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
