EUSKALHERRIA;2008-11-04;Iruņeko EAE-ANVren bulegoaren auzian 11 lagun epaituko dituzte. Mikel Gastesi ANVko zinegotziaren aurka bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute
Iruñeko EAE-ANVren bulegoaren auzian 11 lagun epaituko dituzte
Mikel Gastesi ANVko zinegotziaren aurka bi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute
Erredakzioa
Iruñea
Ekainaren 17an, Iruñeko Udaleko EAE-ANVren bulegoa itxi ostean izandako gertaeren harira, Iruñeko Instrukzio 4. Epaitegiak, Nafarroako Fiskaltzaren eskariz, ahozko epaiketa abiaraztea erabaki du, eta hamaika lagun inputatu ditu kasuan, Mikel Gastesi Iruñeko ezker abertzaleko zinegotzia tartean dela.
Fiskaltzak «desordena publikoen eta desobedientzia larrien delituak» egotzi dizkio Gastesiri. Gainontzeko hamar lagunei «desordena publikoen delitua» leporatu die. Hala, bi urteko eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eta «sufragio pasiborako inhabilitazioa»- zinegotziaren kargugabetzea suposatuko lukeena- eskatu du, Gastesiren kasuan. Inputatu dituzten beste zortzi lagunentzat bi urteko kartzela zigorra eta «sufragio pasiborako inhabilitazioa» eskatu ditu. Halaber, gertakaria jasotzen ari ziren Gara egunkariko kazetari baten eta Argazki Press agentziako argazkilari baten kontra bost hilabeteko kartzela zigorra eta sufragio pasiborako inhabilitazioa eskatu ditu Fiskaltzak.
EAE-ANVren jarduerak eteteko Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen autoen gainean Nafarroako Toki Administrazioko Departamentuak egindako irakurketan oinarrituta, Yolanda Barcina (UPN) buru duen Udal Gobernuak erabaki zuen EAE-ANVko zinegotziek ez zutela eskubiderik alderdi horrek Iruñeko udaletxean zuen bulegoa erabiltzeko. Hala, ekainaren 16an bulegoa ixtea erabaki zuten dekretu bidez, eta 24 orduko epea eman zieten zinegotziei bulegoa hustu zezaten. Garzonen erabakian oinarrituta zegoela argudiatuta, lokala itxita zegoela zioen paper bat jarri zuten bulegoko atean hurrengo egunean.
Aginduaren berri izan bezain pronto, ezker abertzaleko hainbat kide udaletxera joan ziren. Fiskaltzaren arabera, Gastesi eta eta beste bi inputatu bulegoan sartzen saiatu ziren eta udaltzainei «oldartu» zitzaizkien. Gastesi eta beste bi inputatuak bulegotik kanporatu zituztela dio Fiskaltzak, azken horiek «airean» atera behar izan zituztela dio. Gainontzeko inputatuak udaletxeko korridoreetan Iruñean demokrazia zero zioen pankarta bat zabaldu zutela azaldu du Fiskaltzak bere idazkian. Udaltzainek «alde egiteko eskatu» zietela eta inputatuak lurrean eseri zirela gaineratu du, «denak Gara egunkariarentzat lan egiten duten kazetaria eta argazkilaria izan ezik».
Bertan beste hainbat komunikabide izan arren, gainontzeko bederatzi inputatuei eta bi kazetari horiei soilik eskatu zieten nortasun agiria, eta argazkilariari kamera kendu zioten. Fiskaltzaren autoaren arabera, «gertakarien inguruan ahalik eta publizitate gehiena egiteko» zeuden kazetaria eta argazkilaria bertan eta «konplize» gisa inputatu dituzte. Bi kazetariei elkartasuna azaldu eta haien errugabetasuna aldarrikatzeko haien lankideek agiri bat igorri diete komunikabideei. Fiskaltzaren erabakiak, «informatzeko eskubideari mehatxu» egiten diola salatu dute.
«Ideologiaren legez kanporatzea» ezarri izana egotzi dio ANVk Gorenari
Babes helegitea aurkeztu du ANVren defentsak Auzitegi Konstituzionalean, eta epaiaren betearaztea eteteko eskatu du
Gorenak «demokrazia militantearen» teoriaren bidetik jo duela salatu ANVk
Pello Urzelai
EAE-ANVk babes helegitea jarri du Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Auzitegi Gorenak, joan den irailaren 22ko epaian, ezarritako legez kanporatzearen kontra. EAE-ANVren defentsaren ustez, epai horrek Espainiako Konstituzioaren 6. eta 22. artikuluak eta Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Babeserako Europako Hitzarmenaren 10.1 eta 11.1 artikuluak urratu ditu, elkartzeko askatasunari kalte eginda, dena adierazpen askatasunerako eta askatasun ideologikorako eskubideei lotuta. Helburuak eta bitartekoak parekatuz «ideologiaren legez kanporatzea» eraikitzea egotzi dio ANVk Auzitegi Gorenari. Legez kanporatzeko epaian, argudiatu du ANVren defentsak, Auzitegi Gorenak «demokrazia militantearen» doktrinaren bidetik jo du, hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionalak zehazki arbuiatu zuenean 48/2003 epaian.
Babes helegitea aurkeztearekin batera, legez kanporatzeko epaiaren betearaztea eteteko eskatu dio ANVk Auzitegi Konstituzionalari, adierazpen askatasunari eta elkartze eskubideari eragingo lizkioketen kalteak konponezinak liratekeelako.
ANVren ustez, Auzitegi Gorenaren epaia Auzitegi Konstituzionalak zein Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ezarritako jurisprudentziaren kontrakoa da. Zeren eta epaiak gainditu dituelako alderdi politikoen jarduera debekatzeari eta horretarako legeriaren interpretazioari aipatutako jurisprudentzian ezarritako murrizketak.
Urraketaren adibide argienetako bat, ANVren helegitearen arabera, Alderdien Legearen 9.3.d) artikuluarekin interpretazioarekin gertatzen da. Artikulu horretan, legez kanporatzeko motibotzat jotzen da «terrorismoa edo indarkeriarekin eta berari lotutako jokabideekin identifikatzen diren sinbolo, mezu edo elementuak erabiltzea alderdiaren jardueraren tresna gisa». Artikulu honen bidez, ANVren defentsaren ustez, «alderdi helburuen legez kanporatze ezkutatua» bultzatzen ari da. Artikulu horrek jasotzen duen identifikazio eskaeraren eraginez, azkenean, «ez da posible bereiztea helburuak eta bitartekoak. Bata eta bestea gauza bera dira. Badago legez kanpokotasunaren proiekzioa, bitartekoetatik helburuetara».
Aipatutako artikuluari lotuta, Auzitegi Gorenaren epaian Batasunak erabilitako lelo edo sinbolo batzuk aipatzen dira legez kanporatzeko motibo gisa: Bilboko Aste Nagusiari begira argitaratutako aldizkari batean jarritako iragarki bat, Euskal Herria Demokrazia Zero lelodun kartelen erabilera eta Anaitasuneko ekitaldiaren amaieran Jo ta ke irabazi arte esamoldea erabili izana. Kasu hauetan, ANVren helegitearen arabera, helburuak eta bitartekoak identifikatzen dira, eta «bitartekoen legez kanpokotasunaren gainean eraikitzen da ideologiaren beraren legez kanporatzea». Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren arabera, defentsak nabarmendu duenez, alderdi politikoen legez kanpokotasuna «bakarrik bitarteko antidemokratikoengatik ezar daiteke eta ez helburuengatik».
Europako jurisprudentzia
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, alderdi politiko baten legez kanporatzeak dakarren eskubide murrizketa onartzeko hainbat baldintza bete behar dira: legean aurreikusita izatea, zilegi den helburua bilatzea, «behar sozial premiatsua» izatea eta bilatutako helburuaren neurrikoa izatea. ANVren defentsaren iritziz, epaiak ez ditu baldintza horiek bete. Kasu guztietan. Adibidez, Auzitegi Gorenak ez ditu kontuan hartu EAE-ANVren programa eta estatutuak, «saihestu egin du horiei buruzko edozein aipamen». Era horretan, tribunalak ez du ANVren jarrera eta ekintzen azterketa orokorra egin.
Horrez gain, ANVk Auzitegi Gorenaren epaiaren hainbat kontraesan eta arbitraritate nabarmendu ditu, adibidez, EHAKren kontrako epaiarekin alderatuta froga bera ezberdin baloratzea.