Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:23

EUSKALHERRIA;2008-10-29;AHTren egitasmoan «txeke zuririk» ez sinatzeko eskatu diete Lapurdiko hautetsiei. Garraio ministroak geltokia egongo dela zin egin arren bermerik ez dutela ukanen erran diete CADEk eta LABek

AHTren egitasmoan «txeke zuririk» ez sinatzeko eskatu diete Lapurdiko hautetsiei

Garraio ministroak geltokia egongo dela zin egin arren bermerik ez dutela ukanen erran diete CADEk eta LABek

Aitor Renteria

Baiona

Ingurumenaren defentsan eta AHT xede berriaren aurka diharduen CADE elkarteak eta LAB sindikatuak gutun bat igorri diete Lapurdiko hautetsiei. AHT xedearen finantzaketa osatzen ari den unean, «txeke zuririk» ez izenpetzeko eskatu diete hautetsiei. Gutunean gogorarazi dute 2006an AHT buruzko eztabaida publikoa eman zelarik hautetsi gehienek RFF konpainiak aurkeztutako hirugarren xedearen alde agertu zirela, ingurumenari kalte gehien egin eta garestiena izan arren. Orduko okerra ez errepikatzeko eskatu diete.

Frantzia AHT xedearen finantzaketa osatzen ari da. Dagoeneko Bordele-Tours atala egiteko finantzaketa egin du, eta horren arabera ordaindu beharko dituzten kopuruak jakinarazi dizkie Lapurdiko herri elkargoei. Kontseilu Nagusiak 230 milioi euro jarri beharko ditu, Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoak 55 milioi, Hego Lapurdi Herri Elkargoak 25,1 milioi. Azken horren kasua aski adibide argitzat du Victor Pachon CADEko presidenteak. «Zor hori ordaintzeko ondoko hamar urteetako inbertsio guztiak AHTra bideratu behar dira, gizarte arlo guztiak baztertuz».

Hautetsiak Frantziako Garraio ministroarekin bilduko dira azaroaren 13an. «Ministroa jinen da eta Lapurdin geltoki bat eginen dela erranen die; hautetsien txekea eskuratu orduko ahantziko zaio hitzemana», azaldu du Pachonek. AHT eta geltokia doan lortuko zituztela uste izan bazuten, horrelako oparirik egiten duen Olentzerorik ez dagoela erran die Pachonek hautetsiei. Nabarmendu du Tours aldeko AHT egiteko dela oraingo ordainketa eta hautetsiek ez dutela oraindik ezagutzen ez Lapurdiko ibilbidea, ez balizko geltokiaren kokapena. Ipar Euskal Herriko atala eginen dutelarik, prezioak biderkatu direla azaldu du. Haiei dagokien atala lortu ondoren, bertze eskualdeek ez dutela ordaindu nahi izango uste du. «Neurriz kanpoko xede honek guztien etorkizuna hipotekatzen du».

AHTren kontraesanak

AHTren beharra justifikatzeko, urtero Hendaiatik (Lapurdi) hogei milioi tona garraiatuko zirela erran zuen RFFk, 2004an. CADEk datu horiek egungo errealitatetik urrun daudela dio. 2007a arte urtero bi milioi tona baino ez dituztela garraiatu eta 2008ko lehen sei hilabeteetan kopuru hori %1,8 apaldu dela esan du, oraindik krisialdia ez zegoen arren indarrean. «Frantziak salgaien garraiorako nahi du AHT eta Espainiak bidaiarienerako, xedeak ez dira osatzen», nabarmendu du Pachonek.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia