Bert zigortzeko frogarik ez dagoela onartu du Auzitegi Nazionalak
ETAk Burlatan zuen etxe bateko kutxa txiki batean topatu zituzten aztarnengatik epaitu nahi zuten
Erredakzioa
Fernando Bert Arretxea absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak zortzi urteko kartzela zigorra eskatu bazuen ere, Bert zigortzeko nahikoa frogarik ez dagoela ebatzi du Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Maria Angeles Barreiro magistratuek osatutako epai-mahaiak.
Xabier Tximeno Inza euskal presoak Burlatan (Nafarroa) alokatzen zuen etxe batean aurkitutako hatz marka batzuk direla-eta zigortu nahi zuten Bert. 1994an, Tximenok ihes egin zuenean, Espainiako Poliziak lehergaia aurkitu zuen etxe horretan, baita ETAk hiru ekintza bere gain hartzen zituela zioten dokumentuak ere. Poliziak atzemandako «kutxa txiki» batean Berten hatz markak zeudela oinarri hartuta, «armak edukitzeagatik» zigortzeko eskatu zuen fiskalak. Armekiko lotura «ezin dela egiaztatu» dio Auzitegi Nazionalak bere epaian. Halaber, 1994. urtetik aitzina Bert eneta Tximenoren artean ezin dela harremanik atzeman diote epaileek. Tximenoren komando kideek ez dute inoiz aipatu Berten izena deklarazioetan. 2003an gaizkile taldeko kide izateagatik kondenatu zuen Bert Frantziako Justiziak eta 2006an Espainiaratu zuten. Martxotik kalean da, bermepean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
