Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:18

EUSKALHERRIA;2008-10-26;Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan eskatu dute. Euskaltzale talde batek egungo hizkuntza politikaren aurkako manifestua aurkeztu eta manifestaziora deitu du

Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan eskatu dute

Euskaltzale talde batek egungo hizkuntza politikaren aurkako manifestua aurkeztu eta manifestaziora deitu du

A.B.

Iruñea

Euskararen estatus publikoaren alorrean urrats handiak eta sakonak egitea ezinbestekoa dela sinetsita, hogeita hamar laguneko talde batek Nafarroa osoan euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestua aurkeztu du, Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lema hartuta.

Sinatzaileek uste dute, euskararen ofizialtasuna arautzen duen Euskararen Legea onartu zenetik, urratu egin direla euskal hiztunen eta nafar guztien hizkuntza eskubideak, eta ondorioak larriak direla. «Euskaraz ikasteko ezintasuna, isunak, euskararentzako diru laguntzen murrizketa, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko trabak... orriak eta orriak betetzeko adina eskubide urraketa gertatu dira [hogeita bi urte hauetan]. Azken batean», diote sinatzaileek, «euskaraz, hots, Nafarroako hizkuntzaz, bizitzeko ezintasuna».

«Bazterreratzeko nahia»

Sinatzaileen artean euskara teknikariak daude, unibertsitateko irakasleak, sindikalistak, kirolariak, eta euskaltzaleak. Estitxu Arozena, Iñaki Perurena, Joseba Otano, Koldo Ibañez de Elejalde, Juanja Iturralde, Txari Eleta, Iñaki Lasa, Sagrario Aleman, Patxi Salaberri edo Paul Bilbao, euren artean.

Baina ez da legea bakarrik salatzen dutena. Azken urteetako hizkuntza politikaren atzean, «euskara gure bizitzako alor guztietatik bazterrera zokoratzeko nahia» antzeman dute, eta aurrera egin bada, euskaltzaleen lana eta kemenari esker izan dela. «Azkenaldi honetan, hainbat aldiz atzera egin behar izan dute, eta zenbait aldaketa aurrera eraman behar izan dituzte. Hori, izan ere, etsi ez dugulako gertatu da».

Aurrerapausoak eman beharra serioa dela uste dute, ordea. Euskaldunek euskaraz normaltasunez eta osotasunez bizitzeko erabateko eskubidea dutela. Eta Euskararen Legearen barruan aldaketak egiteko Parlamentuan eman den eztabaida dela eta, gogoeta. «Tokian tokiko aldaketatik haratago, lege baino gehiago eskubide urratzaile den hori atzean utzi eta hizkuntza politika berri baten bila joateko garaia da».

Aste honetan, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak atzera botako du eremu mistoa zabaltzeko lege proposamena. Eremu horren barruan Noain, Aranguren, Beriain eta Galarreko udalerriak sartzeko ekimena Nafarroa Baik (NaBai) aurkeztu zuen Parlamentuan, uda aurretik. Mozioak, hasieran, nahikoa sostengu lortu zuen, gobernuari eusten dioten bi taldeen kontrako iritziarekin, baina koalizioko parlamentario Txentxo Jimenezen hutsuneak ezerezean utzi zuen ahalegina.

IU/EBk, proposamena bere egin eta berriro aurkeztu zuen, baina PSNk, iritzia aldatu eta proposamenaren kontra bozkatuko zuela iragarri zuen orduan. Duela bi aste, kultura batzordean, iragarritakoa bete zen.

Horren kariaz, eta urrats txikiak eta egunerokoak behar direla onartuta, urrats sakonak eta handiak ezinbestekotzat jo dituzte manifestuaren sinatzaileek. «Ofizialtasunean oinarrituta, euskararen berreskuratze prozesua bermatu, bultzatu eta gorpuztuko duen lege berria behar dugu». Manifestuarekiko atxikimendu bila hasi dira sinatzaileak, eta azaroaren 22an manifestaziora deitu dute, Iruñean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia