Euskara «pauso bat harago» eraman nahi du Kontseiluak
«Euskal herritar guztiak» gonbidatu ditu abenduaren 13an BECen egingo duen ekitaldian parte hartzera
Miren Korta
BarakaldoPauso bat harago. Modu horretan ospatuko du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hamargarren urteurrena, eta abenduaren 13an Bilbao Exhibition Centreko Bizkaia Arenan egingo duen jaialdia aurkeztu du. Antolatu duten ekitaldi sorta, nolanahi ere, «ospakizunaz harago» doala aurreratu du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari eta Kontseiluko zuzendaritzako kide Koldo Tellituk. Izan ere, aurtengo erronka, «ehuneko ehunean euskaraz bizi ahal izatea» izango da. Xede horrek urrats berriak eskatzen ditu, eta Kontseiluak datozen urteotan «lanean tinko» jarraituko duela ziurtatu dute abenduko hitzorduari begira.
Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan Kontseiluko zuzendaritza osoa izan zen atzo Barakaldon, ikusgai izango dena «mugarria» dela nabarmentzeko asmoz. Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenez gain, beste hainbat lagun izan ziren: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellitu; Aritz Zerain, Bertsozale Elkarteko kidea; Oskar Elizburu, AEK-ko ordezkaria; Mikel Arrizabalaga, Elkarrekoa; Marisa Zeberio, Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kidea; Joan Mari Larrarte, BERRIAko ordezkaria; Igone Lamarain, Euskal Herrian Euskaraz-ekoa; Agurtzane Loidi, Elhuyar Aholkularitzakoa eta Sebastien Castet, Euskal Konfederaziokoa.
%100 euskaraz
Antolatzaileek argi utzi nahi dute, euskarak egun bizi duen egoera ikusita, hizkuntzarekiko atxikimendua ez dela aski. Hemendik aurrera, herritarrek, entitateek eta instituzioek normalizazioa izan beharko dute benetako hizpide, Kontseiluaren iritziz: «Bai Euskarari esatetik, Euskaraz bai egitera igarotzeko garaia da».
Kontseiluak mahai gainean jarri nahi ditu hizkuntza berreskuratzeko orain arte egindako prozesuak urteotan izan dituen gabeziak. «Bilakaera horrekin jarraituz gero, mendeak beharko dira normalizazio egoerara iristeko», ohartarazi du Tellituk. «Ezin ahantz ditzakegu orain arteko lanen ondorioz jasotako uztak», nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek, «baina uztarik oparoena oraindik hartzeko dago».
Normalizazioan sakontzeko proposamenak mahai gainean jarri dituzte. «Hizkuntza politika egokitu eta behar diren baliabideak ezartzeko aukera dago», dio Kontseiluak. Konpromiso politikoak, sozialak eta norbanakoenak ezinbestekoak izango dira, beraz, hemendik aurrera. Horretarako, Kontseiluaren zuzendaritzak BECeko ekitaldian parte hartzeko deia zabaldu die euskal herritar guztiei, «helmuga nahiz helburu potoloak dituen bidaia horren ibilbidea zein izango den partekatzeko».
Ekitaldia «abiapuntu» izango da Kontseiluarentzat berarentzat, baita azken urteotan euskarari beren babesa adierazi dioten herritarrentzat ere, Tellituren esanetan. «Kontseiluak orain hamar urte Bai Euskarari leloarekin abiatu zuen bere ibilbidea. Gaur egun, baina, aldaketarako garaia iritsi da, eta lelo hori berreginda irudikatu nahi izan dugu eman beharreko aurrera pausoa». Horrela, Bai Euskarari erabiltzetik Euskaraz bai aldarrikatzera pasatuko dira hemendik aurrera. BECen abiatuko duten aroan, «euskara berreskuratzeko prozesua indartzea eta areagotzea» ezinbestekoa dela deritzo Kontseiluak.
Armstrongen lorratza
Ekitaldia iragarriko duen kartelean aurretik duten bide hori irudikatu nahi izan dute. «Oraingoan, Neil Armstrong astronauta estatubatuarrak 1969an Ilargian utzitako lorratza ikus daiteke Euskaraz bai leloa irudikatzen duen eguzkiaren alboan eta Pauso bat harago izenburupean», azaldu du Mendigurenek. Euskararen helburua «eguzkia da», horrenbestez, «hau da, euskal herritar orok euskara ezagutzea, hori baita Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokirako bide bakarra».
Ekitaldia, beraz, «benetako bidaiaren hasiera» izango da, eta, bide batez, modu ikusgarrian euskalgintzak egindako lanari «atzera begiratzeko» parada emango du.
Sarrerak, doan
Antolatzaileak ziur daude egitasmoak «harrera bikaina» izango duela, eta oso ekitaldi jendetsua espero dute. «Euskaraz bai eguzkira bidean jarriko gaituen ontzi bilakatu nahi dugu Bizkaia Arena». Jaialdirako sarrerak debaldekoak izango dira. «Hala ere, bidaia txartelak eskuratzeko modua hurrengo astean ezagutaraziko dugu».
KOLDO TELLITU
Ikastolen Konfederazioko lehendakaria
xabier mendiguren
Kontseiluko idazkari nagusia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
