Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:17

EUSKALHERRIA;2008-10-21;Inkomunikazioa zergatik ez duen ezabatzen argitzeko eskatu dio NBEk Espainiari. Giza Eskubideen Batzordeko kideek, Espainiako ordezkarien azalpenak entzun ondoren, «kezka» agertu dute NBEko batzordeak emandako gomendioak ez dituen beteko galdetu diote

Inkomunikazioa zergatik ez duen ezabatzen argitzeko eskatu dio NBEk Espainiari

Giza Eskubideen Batzordeko kideek, Espainiako ordezkarien azalpenak entzun ondoren, «kezka» agertu dute

NBEko batzordeak emandako gomendioak ez dituen beteko galdetu diote

Aitziber Laskibar

Geneva

Berriemaile berezia

Tortura eta tratu txarrak, inkomunikazioa eta behin behineko atxiloaldia. Gai horiei buruz argitasunak eman ditzala eskatu diote Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko adituek Espainiari, Genevan eginiko biltzarrean. Espainiaren egoerari buruzko txostena lantzen ari da Batzordea, eta adituek igorritako galdera sortari erantzutera joan da Espainiako ordezkaritza Genevara. Baina erantzunen ondoren, egoera argitu baino ilundu egin zen itxura hartu zuen atzoko saioak. Espainiako ordezkari gisa aritu zen Fernando Irurzunen azalpenak entzun ondoren, adituen galderak bikoiztu egin ziren. Azalpenen aurretik aurkeztuta zeuden itaunak baino askoz gehiago izan ziren azalpenen ondoren egindakoak. Ia guztiak, euskal herritarrei buruzkoak. «Terrorismoarekin zerikusia dutelakoan» atxilotutako pertsonei ematen zaien tratuaren ingurukoak.

Adituen zalantzak agerian geratu ziren, hortaz, eta sarri entzun zen «ezin dut ulertu» esaldia haien ahotik. Nigel Rodley Giza Eskubideen Batzordeko adituak laburbildu zuen batzordekideen hausnarketa: «Aditu guztiek gauza bera esaten badute, zergatik ez da egin behar dena egiten; zergatik ematen dira horrenbeste itzulinguru denek gomendatzen dutena egin ordez?».

Espainiako Gobernuak giza eskubideen alde zein neurri hartu dituen azaltzen aritu zen Espainiako ordezkaria. Torturaren aurkako neurriak hartu dituela azaldu zuen. Bide horretan, inkomunikazioa «salbuespen egoeretan» soilik ezartzen dela esan zuen. Hala ere, inkomunikazioak ez du eskubiderik urratzen, Irurzunen hitzetan. Espainiako Konstituzioak jasotzen duela, epaileek baimentzen dutela, gainontzeko atxilotuen eraikin berberetan inkomunikatzen dela eta erakunde armatuarekin lotura dutenei soilik ezartzen zaiela esanaz argudiatu zuen urraketarik eza.

Adituek aurrez egindako galderei erantzunez, atxilotuak konfiantzazko abokatua lehen egunetan soilik ez duela izaten azaldu zuen. Eta egun horietan ofiziozkoa izaten dutela. Horiek «independenteak» direla nabarmendu zuen. Horienganako konfiantza eta atxilotuek aukeratzen dituztenenganako mesfidantza erakutsi zuen, gainera. Areago, konfiantzazko abokatuek ikerketak oztopatzen dituztela iradoki zuen: «Gogoratu Frantzian abokatu horietako bi atxilotu dituztela erakunde armatuari laguntza emateagatik».

Espainia tratu txarren aurka sutsu ari dela adierazi zuen, eta «bide praktikoak» hartzen ari dela. Baltasar Garzon epailearen ondotik, «epaile asko» galdeketak grabatzen ari direla esan zuen. Indar polizialak hezteko lana egiten ari dela, eta urtea amaitu aurretik «Giza Eskubideen Plan Nazionala» martxan jarri nahi duela Espainiako Gobernuak.

Irurzunen azalpenak entzun eta horiengatik eskerrak eman ondoren plazaratu zituzten beren kezkak NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kideek. Abdelfattah Amorrek kezka agertu zuen Espainiak «terrorismo delitua» zein neurritan zabaldu duen ikusita. Indarkeriari aurre egiteko giza eskubideak urratzearen arriskuaz ohartarazi zuen, eta neurriak hartzeko eskatu. «Ezin da ideiengatik zigortu, egin diren ekintzengatik baizik. Lehergailu juridiko bilakatu daiteke, bestela».

Kezkatuta

«Espainiaren egoera larria da eta kezkatzen gaitu», azaldu zuen Elizabeth Palmek. «Tortura Espainian gertatzen den zerbait da eta inkomunikazioa mantentzeak kezkatuta gaitu». Giza Eskubideen Batzordeak 1996an eginiko txostenean inkomunikazioa kentzeko eskatu ziola gogorarazi dio. «Ez dut ikusten Espainiak gure gomendioak jarraitzen dituenik, areago, batzutan aurkako bidean doala dirudi». Hortaz, giza eskubideen aldeko plana egiteko asmoa badu, ezabaketa hori jasotzeko proposatu dio.

«Atxilotuak konfiantzazko abokatua ez hautatzeak justizian nola sakon dezakeen ere ez dut ulertzen», gaineratu zuen. Areago, neurri horrek Giza Eskubideen Ituna kolokan jartzen ote duen «zalantza» plazaratu zuen.

Cristine Chanet-i ere «asko kostatzen» zaio «abokatuekiko deskonfiantza sistematikoa ulertzea». Behin behineko espetxeratzearen sistema ere «bitxia» iruditu zaio. «Ez dut uste lau urte badaezpada preso izateak errugabetasun presuntzioarekin bat egiten duenik eta ez dut bere koherentzia ulertzen».

Ruth Wedgwoodek eta Nigel Rodleyk, berriz, tratu txarrak saihesteko, inkomunikatuta daudenen galdeketak batzuetan grabatzea egin zaie arraroa. «Zergatik ez duzue dena grabatzen? Horrela ez litzateke zalantzarik eta salaketa faltsurik ere ezingo litzateke jarri». Edozein kasutan, tarteko bideak bilatu ordez, «denek» gomendatzen dutenari kasu egin eta torturak saihesteko inkomunikazioa ezabatzearen alde egin zuten biek.

 


Ezin da ideiengatik zigortu, egin diren ekintzengatik baizik»

abdelfattah amor

NBEren Giza Eskubideen Batzordeko kidea



«Espainian egoera larria da, eta kezkatzen gaitu. Tortura gertatzen den zerbait da»

«Gure gomendioak jarraitu ordez, Espainia batzutan aurkako bidean doala dirudi»

elisabeth palm

NBEren Giza Eskubideen Batzordeko kidea



«Tratu txarren aurka sutsu ari gara, eta segurtasun indarrak hezteko esfortzua egiten»

fernando irurzun

Espainiako ordezkaritzaren eleduna





 

«Zergatik dago atxilotuta Karmelo Landa, ideiengatik? Kuriositatea da»



Espainiako Gobernuko ordezkariei dozena erdi galdera egin ondoren, «kuriositatez» egin zuen azkena. Aspalditik duen zalantza bat argitu nahi duela-eta, ahal badu erantzuteko esan zion Abdelfattah Amorrek Fernando Irurzuni, ideiengatik ezin dela inor zigortu ohartarazi ondoren: «Karmelo Landa atxilotuta dago otsailetik. Batasuneko militantea da eta ideia separatistak defendatzen ditu. Ni agian ez nago ados berekin baina... Europarlamentaria izana da eta gaur kartzelan dago. Kuriositatea dut. Agian ideia separatista horiengatik dago kartzelan, edo ekintza terrorista zehatz batzuengatik? Zein ekintza terrorista egin ditu zehazki? Kuriositatea da. Besterik ez».

Espainiako ordezkariak gaur goizeko saioan izango du galdera horri eta adituek atzo egindako gainerakoei erantzuteko aukera.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia