Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:16

EUSKALHERRIA;2008-10-15;Atez ateko zabor bilketa azalduko die Usurbilgo Udalak herritarrei . Astelehen arratsaldean egingo da lehen batzarra, eta herritarrek ekarpenak egitea nahi dute

Atez ateko zabor bilketa azalduko die Usurbilgo Udalak herritarrei

Astelehen arratsaldean egingo da lehen batzarra, eta herritarrek ekarpenak egitea nahi dute

Ainara Arratibel

Usurbil

Usurbilen (Gipuzkoa) abian jarri nahi duten hondakinen gaikako bilketa atez atekorako prozesua azken txanpan sartu da. Udalbatzaren oniritzia jaso eta gero, datorren astetik aurrera Udalak bilerak egingo ditu herritarrekin, proiektua zertan den azaldu eta haiek dituzten zalantzak eta proposamenak jasotzeko. Lehen batzarra astelehenean egingo dute, 18:30ean, Sutegi kultur elkartean. Eztabaida prozesuak hiru aste iraungo du. Behin hori amaituta, atez ateko bilketa urte hasierarako martxan izatea espero dute. «Lehen herria izango gara sistema hori ezartzen, eta gure hazia gainerako herrietara zabaltzea espero dugu», dio Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok (EAE-ANV).

Usurbil helburu eta erronka «handiei» aurre egitera ohituta dagoela nabarmendu du Errekondok, eta hala egingo dutela hiri hondakinen kudeaketaren gaiarekin. «Usurbildarrok herri garbi eta osasuntsu bat nahi dugu, baina bi gauza horiek arriskuan ikusten ditugu Zubietan ezarri nahi diguten errauste plantaren ondorioz». Hala, gaikako bilketa atez atekoaren alde egin dute, eta garbi dute zein den luzera begira duten xedea. «Hasieran, birziklatzea %80koa izatea lortu nahi dugu; helburu gorena, baina, batere hondakinik ez izatea lortzea da».

Gaikako bilketa atez atekoak «erabat» aldatuko du gaur egun zaborrak jasotzeko dagoen era. Hirigunean, herritarrek bost ontzitan bildu beharko dituzte hondakinak. Beira kaleko ontzietan bilduko dute, eta gainerako guztiak etxeko atarietan jasoko dituzte kamioi bereziek egun ezberdinetan. Udalaren proiektuan jasotzen denez, materia organikoa astean hirutan jasoko lukete, ontziak bitan jasoko lituzkete, eta astean behin paperak, kartoiak eta erreusak. Konpresak eta pixoihalak astean sei egunetan jasotzeko asmoa ere badute. Landa eremuetan, autokonpostaren bidez, hondakinen kudeaketa norberak egitea proposatzen dute. Zubietan konposta egiteko gune txiki bat ezartzekoa ere badira.

Mankomunitatearen babesa

San Markoseko Mankomunitatea da proiektuaren bultzatzaileetako bat. Hala, aholkularitza teknikoa emateaz gain, proiektuaren zati bat finantzatu egingo dutela aurreratu du San Markoseko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortegak (EB-Berdeak). «Hiri hondakinen kudeaketa osasungarria eta iraunkorra izan dadin, ezinbestekoa da zaborrak atez ate biltzea».

Mankomunitateko lehendakariorde eta Usurbilgo zinegotzi Imanol Azpirozek (EAE-ANV) ere atez ateko bilketa defendatu du. «Emaitzak eskuetan, Usurbilek erakutsiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen errauste plantak ez duela ez hankarik eta ez bururik». Usurbilen abian jarri ostean, gaikako bilketa Mankomunitateko beste bederatzi herrietara zabaltzea da haien xedea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia