Otamendik Espainia Europan salatu du, jasotako torturak ez ikertzeagatik
Espainiako Erresumaren kontrako salaketa Europako Giza Eskubideen Auzitegian aurkeztu du, aste honetan bertan
Giza Eskubideen Hitzarmeneko 3. artikuluko eskubideak urratu izana egotzi dio
Pello Urzelai
DonostiaMartxelo Otamendik Espainiako Erresumaren kontrako salaketa jarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Espainiako auzitegietan bide guztiak agortu ondoren. Aste honetan bertan aurkeztu du auzi eskaera Estrasburgoko Auzitegian, Iñigo Iruin abokatuaren eskutik. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi dio Espainiari: «Ezin izango da inori torturarik edo zigor edo tratu gizagabe edo ankerrik ezarri». Hitzarmen haren 3. artikuluak horrela jaso arren, Martxelo Otamendi BERRIA-ko zuzendari eta Egunkaria-ko zuzendari ohiak torturak eta tratu txarrak jaso zituen 2003an, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen bost egunetan, aukera izan zuen lehen unetik bertatik salatu zuenez.
Tortura salaketa hori --lehenik instrukzio epailearen aurrean egina, eta ondoren Madrilgo epaitegian-- eraginkortasunez ez ikertzegatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik auzitara eraman du Martxelo Otamendik Espainiako Erresuma. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren arabera, sinatu duten estatuek bi derrigorrezko betebehar dituzte: batetik, ez egitea torturarik edo tratu txarrik (inolako salbuespenik gabe), eta, bestetik, eskubide horren urratzearen «ikerketa eraginkorra» egitea.
Martxelo Otamendiren salaketa, ordea, ez da iritsi epaiketara, artxibatu egin dute (lehenik, 2004an, Madrilgo 5. instrukzio epaitegiko epaileak eta gero, 2005ean, lurralde auzitegiko bigarren sekzioak), benetako ikerketarik egin gabe. Hori da Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegian aurkeztutako salaketaren funtsa.
Salaketan azaltzen denez, Estrasburgoko Auzitegiaren jurisprudentzian argi jasota dago ikertzeko betebeharra. «Ikerketa ofizial eraginkorra egon behar du. Ikerketa horrek gai izan behar du arduradunak identifikatzeko eta zigortzeko», adibidez, Assenov eta beste batzuek Bulgariaren kontra jarritako salaketaren epaian (1998) jasotzen denez.
Ikerketak eraginkorra izateko «gutxieneko batzuk» bete behar ditu, Estrasburgoko Auzitegiaren jurisprudentzia oinarri hartuta, Martxelo Otamendiren abokatuak argudiatu duenez. Batetik, ikerketak independentea, alderdikeriarik gabekoa eta kontrol publikoaren menpekoa izan behar du. Beste alde batetik, eraginkortasunak «eskura dauden bitarteko guztiak erabiltzea» eskatzen du («tratu txarren ikerketa zorrotza izan behar du», 2006ko epai batean jasotzen denez). Azkenik, ikerketa «alferrikako atzerapenik gabe» egin behar da.
Ikerketarik eza
Martxelo Otamendiren kasuan, tortura eta tratu txarren salaketa ikertu beharrekoa zen, Iñigo Iruin abokatuaren ustez. Salaketak gertatutakoaren azalpen zehatza zuen eta inguruabarra jasotzen zuen. Koherentzia zuen, momentu prozesal ezberdinetan azaltzen duenagatik, auzitegiko medikuen txostenen edukiagatik eta auzitegiko medikuak lekuko gisa deklaratutakoagatik. Halaber, gertaerek nahiko larritasuna dute, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikuluan debekatutako ekintzetan kokatzeko beste. Baina salatzailearen ustez, gertaerak ez ziren behar bezala ikertu, ez Auzitegi Nazionalean ez Madrilgo Instrukzio Epaitegian.
Auzitegi Nazionalari dagokionez, instruktoreak --Juan del Olmo epaileak-- ez zuen ikertzeko ekimenik hartu Otamendi atxilotuta zegoenean, auzitegiko medikuaren txostenen berri izan arren. Halaber, ez zuen bidali salaketa Madrilgo epaitegira, eta salatzaileak eskatu zuenean, kontra azaldu zen. Otamendik berak jarri behar izan zuen salaketa Madrilgo epaitegian, eta Del Olmok hiru hilabetez atzeratu zuen deklarazio judizialaren lekukotasuna bidaltzea.
Madrilgo Instrukzio Epaitegiari dagokionez, epaile instruktoreak ez zion inoiz «era pertsonal eta zuzenean» hartu deklarazioa Martxelo Otamendiri. Salaketa berresteko eta salaketaz galdekatzeko ohiko dena, auzi-jartzailea aurrez aurre entzun eta ikustea, ez zuen egin Madrilgo epaile instruktoreak. Halaber, Guardia Zibilari ez zion eskatu argitzeko non izan zuten atxilotuta, ezta atxiloketan parte hartu zuten guardien identifikazioa ere. Ondorioz, guardia zibil batek ere ez zuen deklaratu epaitegian. Otamendik guardia baten ahotsa -- 'Torque' ez izena erabili zuenarena-- ezagutzeko gai zela esan arren, epaileak ez zuen ezer egin identifikatzen saiatzeko.
Lekuko bakarra entzun gabe
Epaile instruktoreak auzia ixtea erabaki zuenean, behar bezala arrazoitu gabe egin izana ere argudiatu du Iñigo Iruin abokatuak. Artxiboa soilik oinarritu zen auzitegiko medikuaren deklarazioan eta aztarna fisikorik ez egotean. Aldi berean, Martxelo Otamendirekin batera polizia etxeko ziegan egon zen Fermin Lazkanoren lekukotasuna eragotzi zuen, eta ez zuen onartu froga gisa ETBk grabatutako irudi batzuk (Otamendi aske gelditu zeneko uneko irudiak, non jasotako tratuaren berri eman zuen hedabideen aurrean). Lurralde auzitegiak, artxiboa berrestean, ez zuen kontuan hartu Fermin Lazkano zela gertaeren lekuko bakarra eta ETBren bideoan deklarazio judiziala egin eta ordu eskasetara eskainitako lekukotasuna biltzen zela. Iruinen esanetan, ondorioa argia da: «Espainiako agintari judizialek 'ez dituzte beharrezko urrats guztiak egin', 'ez dituzte bitarteko guztiak erabili' eta, ondorioz, 'ez dute ikerketa oso eta eraginkorrik egin', auzi-jartzailearen ordezkaritzak proposatutako ikerketa ekimenak eragozteaz gain, horrela izanik, prozedurari dagokionez, Giza Eskubideen Hitzarmenaren 3 artikuluko eskubideak urratuz».
Ibilbide judizialaren kronologia
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
