3.273 fusilatu oroimenean
Sartagudako Memoriaren Parkearen inaugurazioa egingo dute larunbatean, 1936ko biktimak gogoan
Amaia alvarez
Iruñea
Maravillas Lambertoren izenaren gainean arrosa gorri bat itsatsi du norbaitek. Larragakoa zen, eta 14 urte zituela,1936an, faxistek bortxatu eta fusilatu egin zuten aitarekin batera. Bere izenaren alboan, Nafarroan 1936an eta frankismoan fusilatu zituzten gainerako 3.272 pertsonaren izenak erakusten ditu Sartagudako Memoriaren Parkean dagoen zazpi metroko hormak. Lambertori arrosa jartzearen gisako helburua du parkeak, alegia, pertsona horiek ez ahazteko eta herri omenaldia egiteko toki bat sortzea; sarraski hura errepika ez dadin, memoria historikoa aldarrikatzea. Larunbatean inauguratuko dute parkea, eta milaka lagun espero dituzte; izan ere, bazkarirako dagoeneko 2.700 lagunek eman dute izena.
Fusilatuen zerrenda bukaezina ez ezik, Joxe Ulibarrenaren eta Nestor Basterretxearen eskultura bana daude parkean. Jose Ramon Andaren lan bat ere paratuko dute, baina ez da inaugurazioaren egunean jarrita egonen. Bernardo Atxaga, Jokin Muñoz, Castillo Suarez, Jose Maria Jimeno Jurio, Pablo Antoñana eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak eta Alargunen Herriko Elkarteak egindako testuak ere irakur daitezke parkean. «Hilik nahi zintuzteten, nahi zaituztete ahanzturaren gatibu, baina bizirik dirauzue gure buru bihotzetan», dio Muñozen testuak.
Parkea egiteko kokaleku Sartaguda hautatu izana ez da kasualitatea izan. Herri horrek jasan zuen Nafarroan errepresiorik handiena 1936an. Hiru hilabete eskasetan, Sartagudako 84 lagun fusilatu zituzten, populazioaren %8. Harrezkero, alargunen herria deitzen diote. Hala ere, parkeak Nafarroako fusilatu guztiak omendu nahi ditu, eta dagoeneko foru erkidego osoko jende ugarik bisitatu dute. Fusilatuen zerrenda herrika sailkatuta dago, eta ordena alfabetikoari jarraitzen dio. Identifikatu gabeko gorpu kopurua eta Ezkaban fusilatutakoak ere agertzen dira. Halaber, Nafarroatik kanpo fusilatutako nafarren izenak daude, besteak beste, Aragoin (Espainia), Santanderko (Espainia) espetxean eta Gussen II (Austria) nazien kontzentrazio esparruan hildakoak.
Parkearen proiektua 2002an abiatu zen, eta 500.000 eurotik gorako aurrekontua izan du. Egun, ia erabat ordainduta daude gastu guztiak; hala ere, iazko azaroan jasan zuten lapurretaren kalteak ordaintzeko 15.000 euro falta zaizkie. Zoruko 11 proiektoreak eta instalazio elektrikoa ostu zuten parketik. Finantzaketa hainbat erakunderen laguntzaz egin dute. Foru Parlamentuak hasieratik babestu zuen ekimena, eta Nafarroako 86 udalek diru laguntzak eman dituzte. «Asko kostata», azkenean, Nafarroako Gobernuak ere lagundu du, parkearen koordinatzaile Ioseba Ezeolazak gogoratu duenez. Behin inauguratuta, parkearen mantentze lanak Nafarroako Gobernuak bere gain hartzeko urratsak egiten saiatuko dira. Horrez gain, gerora begira, parkearen interpretazio zentro bat eraikitzeko proiektua ere badute.
«ELKARBIZITZAREN EREDUA». Proiektuaren sustatzaileak Nafarroako Fusilatuen Senideen eta Alargunen Herriaren Elkarteak izan dira. Kideek behin eta berriz azpimarratu dute memoria historikoa berreskuratzearen garrantzia. Alargunen Herriko kide Delfin Martinezen aita (Delfin hura ere) berak sei hilabete zituela fusilatu zuten. «Orain badakit aitaren izenean ahal den guztia egin dudala, lasai hil naiteke». Julio Sesmaren aita (Andres), berriz, berak lau hilebete zituela hil zuten. Sesmak dio bere bizitzan bi une garrantzitsu izan direla; lehena, 1978an fusilatuen gorpuzkinak berreskuratu zituztenean. «Bagenekien non zeuden gutxi gorabehera, eta Suarez Espainiako Gobernura iristean euren bila joan ginen». Bat izan ezik, Sartagudako 83 hilotz exhumatu zituzten. Bigarren une garrantzitsua parkearen inaugurazioa izanen da.
Martinezek kontatzen du 1936ko gerran Murchanten bazela emakume bat egunero senarraren hiltzailea ikusten zuena. Haren leiho ondotik pasatzen zen, egunero ordu berean. Emakumeak adreilu bat zuen leiho ondoan hiltzaileari burura jaurtitzeko. Egunero saiatzen zen, baina ez zen inoiz ausartu. Sartagudan ere ez ziren horretara ausartu. Bertako alkate Juan Ramon Martinezek uste du herria «elkarbizitzaren eredu» dela. «Fusilatuen seme-alabak hiltzaileekin bizi ziren, eta ez da inoiz arazorik egon». Carlos Martinez Alargunen Herriko Elkarteko kidearen ustez, «gertatua mendeku sutsua egiteko aukera eman zuen, baina ez zen halakorik egin».
delfin martinez
delfin martinez fusilatuaren semea
carlos martinez
alargunen herriko elkarteko kidea
Egitarau zabala larunbaterako
Terrorea islatu dute Ulibarrenak eta Basterretxeak euren artelanetan
Artista biak 1936ko gerraren biktimak izan ziren, eta krudelkeria hori adierazi dute euren lanetan
A.a.
Iruñea
Sartaguda, alargunen herria
Nafarroan, Erriberan izan zen errepresiorik handiena, eta, eskualde horretan, Sartagudak jaso zuen zartakorik latzena
A.a.
Iruñea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
