Berria.info

Osteguna, 2009ko azaroak 12 -

2008-04-24

AEBetako tropen buruzagi izendatu dute Petraeus Irak eta Afganistanen

erredakzioa

Afganistanen eta Iraken zabalduta dauden tropa estatubatuarren buruzagi goren izendatu zuten atzo David Petraeus jenerala. Iraken zabaldutako AEBetako 167.000 militarren buru izan da orain arte Petraeus. Centcom Ekialde Hurbileko tropen agintegunean, martxoan goi kargua utzi zuen William Fallon almirantearen segida hartuko du. Wallonek dimisioa eman zuen George Bush AEBetako presidenteak Irani militarki oldartzeko nahiarekin ustez ez zelako ados.Petraeusen izendatzea AEBetako Defentsa idazkari Robert Gatesek iragarri du, «postu horretarako egokiena da» adierazita. Raymond Odierno jeneralak, berriz, David Petraeusen segida hartuko du Iraken.

Anartean, Afganistanen egoera gero eta larriagoa bihurtzen ari dela ohartuta, AEB Ameriketako Estatu Batuek tropa gehiago bidaltzeko eskatu diete behin eta berriro euren aliatuei. Hauek, baina, uzkur geratu dira. Eskari horri baiezkoa eman dion herrialde bakana da Frantzia; 1.200 soldadu gehiago bidaliko ditu.



ERASOAK. Ustezko hamahiru gerrillari taliban, zazpi polizia eta hiru zibil hil zituzten atzo Afganistanen gertatutako hainbat erasotan. Ekintzaile taliban islamistek eginiko bi oldarralditan hil ziren zazpi poliziak. Hiru zibilak, aldiz, eraso suizida batean hil zituzten.

Afganistango segurtasun indarren aurkako erasoak Kunar eta Helmandeko probintzietan egin zituzten. Kunarko probintziak Pakistanekin egiten du muga, eta bertako Polizia etxe bati eraso egin zioten talibanek. Borroketan, bost polizia eta hamahiru ekintzaile hil zituztela zehaztu zuen eskualde horietako segurtasun indarren buruzagiak. Beste erasoa Afganistan hegoaldean, talibanek indar hartu duten Helmandeko probintzian jazo zen. Bertan bi poliziak galdu zuten bizi.

Talibanek 2006. urtean indarberritu geroztik, indarkeria nabarmen handitu da Afganistanen. Hala, 2006an eta 2007an izandako eraso eta borroken ondorioz, 12.000 lagunek bizia galdu dute herrialdean, hauen artean 330 inguru Afganistanen zabalduta dauden nazioarte indarretako soldaduak dira. Guztira 70.000 soldadu inguru daude: munduko berrogei bat herrialdek osatzen duten ISAF Afganistanen Segurtasuna Bermatzen Laguntzeko Indarren 50.000 militar eta AEB Ameriketako Estatu Batuen zuzendaritzapean dagoen nazioarte koalizio militarreko beste 20.000 soldadu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia