«Ez dakigu garbi hamarkada batzuk barru zer gertatuko den»
anil markandya - BC3/Klima Aldaketa Ikergai zentroko zuzendaria
Klima aldaketa gertatzen ari da, baina fenomeno berria denez, etorkizunean izango dituen ondorio zehatzak aurreikustea zaila dela uste du Markandyak.
jakes goikoetxea
Gasteiz
Anil Markandya (Lahore, Pakistan, 1945) da Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako BC3/Klima Aldaketa Ikergai zentroko zuzendaria. Goizean zentroa aurkeztu eta arratsaldean hitzaldia eskaini zuen Gasteizko Artium museoan, zientziaren funtzioaz klima aldaketa ulertzeko eta aurre egiteko politika egokiak bultzatzeko. Markandya, ekonomista eta IPCC Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Batzordeko kidea da.
Goizean esan duzu oraindik zalantza handiak daudela klima aldaketak izango dituen ondorioei buruz. Zergatik?
Klima aldaketarena fenomeno berria da, ez dugu inoiz ikusi. Berotegi efektua eragiten duten gasen hazkundea handia izan da eta ez dago garbi ze ondorio izango duen, zientzian ez baitago horri buruzko iraganeko erreferentziarik. Ez dakigu garbi hamarkada batzuk barru zer gertatuko den. Oso jende jakintsua ari da lanean eta etorkizuneko modeloak egiten, baina modelo oso ezberdinak daude .
Ze neurritan da klima aldaketa gizakiaren jardueraren ondorio? Ba al dago horren inguruko adostasuna?
Klima aldaketa gizakiaren jardueraren eragina da. Hala uste dugu %99k, baina badago hori uste ez duen gutxiengo bat. Eta, gainera, uste dute klima aldaketaren ondorioak ez direla hain larriak izango. Batzuetan denbora asko behar izaten da jendea konbentzitzeko, Galileok mendeak behar izan zituen jendea konbentzitzeko Lurrak zela eguzkiaren inguruan birak ematen zituena, eta ez alderantziz.
Ez al dago joera bat gaur egungo hondamendi natural guztiak klima aldaketari egozteko?
Bai. Batzuetan klima aldaketak eragiten ditu, baina beste batzuetan ez. Esaterako, El Niño fenomenoa ez du klima aldaketak eragiten. Agian klima aldaketak eragiten die, baina dena ez da klima aldaketaren ondorio.
Katastrofismo handiegia al dago klima aldaketaren ondorioei buruzko azterketetan?
Kontuz ibili behar dugu, ez dugu jendea beldurtu behar, ezin dugu esan Lurra erabat suntsituko denik. Baina, era berean, errealistak izan behar dugu jendeari ematen diogun informazioan, etorkizunerako aurreikuspenetako horietako batzuen ondorioak oso serioak baitira. Arazoa da ez dakigula zein den aurreikuspen horiek betetzeko aukeraren portzentajea.
Ze arrisku dago Euskal Herriko kostaldean itsas mailak gora egiteko eta uholdeak izateko?
Ondo antolatutako herrialdeetan horrelakoak ez dira nola hala gertatzen. Zonalde zehatzetan uholdeak gerta daitezke eta horiek identifikatuz gero, baloratu behar da ea leku horietan uholdeak ez gertatzeko neurriak hartzea zenbat kostatzen den. Erabaki garrantzitsuak hartu beharko dira. Erresuma Batuan, esaterako, aurreikusi dute zonalde batean uholdeak izango dituztela datozen hamarkadetan, eta agian jendeak lurralde hori utzi egingo du, baina pixkana-pixkana. Europan aukera daukagu horrelako neurriak hartzeko, baina, zoritxarrez, herrialde pobreetan ezin dituzte uholdeen eta bestelako fenomenoen kontrako neurriak hartu, oso garestiak direlako. Lurra galduko dute.
Zu IPCCko kide eta ekonomista zara. Klima aldaketaren ikuspuntu ekonomikoa, eragingo dituen galerena, behar al da gobernuek eta enpresa handiek erreakzionatzeko?
Bai. Hori da, hain zuzen, IPCCk egin duen lanaren zati bat. Ikuspuntu zientifikoaz gain, ekonomikoa ere eskaini du. Ez dugu nahi arriskua muturrekoa izaterik, onargarria baizik. Ondorioetako batzuk diote etorkizunean klima aldaketaren ondorioak onargarriak izateko berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa %60-%80 murriztu behar dela datozen 30-50 urteetan. Lan handia egin genuen horren kostua neurtzen saiatzeko eta uste dugu murrizketa horiek lortzeko gastuak onargarriak direla gizartearentzat. Ez da hainbesteko gastua, izango lituzkeen onurekin alderatuta.
Aipatutako helburu hori lorgarria al da?
Berez bai. Lortuko da, baina ahalegin handia egin beharko dugu. Herrialdeek eta gobernuek elkarrekin lan egiten badute, urratsez urrats, bai. Denbora behar da, baina bide hori hartu behar dugu. Aldaketa asko egin behar dira, baita gure bizimoduan ere.
Nik batzuetan klima aldaketaren kontrako borroka tabakoaren kontrakoarekin alderatzen dut. Izugarri murriztu da tabakoa erretzen dutenen portzentajea, baina horretarako denbora behar izan da.
Herrialde aberatsek pobreen kutsatzeko eskubideak erosten dituzte. Hori ez al da herrialde aberatsek arazoaren konponbidea atzeratzeko edo arazoa herrialde pobreei pasatzeko modua?
Ez, berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzeko bide eraginkor bat da. Hala ere, jakina, Europan ere gutxitu behar dugu gas horien isurketa. Beste herrialde batzuen kutsatze eskubideak erosteak egoera hobetzen laguntzen du. Esaterako, Brasili edo Indonesiari beren kutsatze eskubideak erostea lortzen baduzu, bertako oihanak ez moztea lortuko duzu eta egoera hobetuko duzu, oihanek CO2a xurgatuko baitute. Basoei eusteko modu bat da.
Ba al dago teknologiarik aldaketa bultzatzeko?
Teknologia berriak garatu behar ditugu, gaur egun gas kutsagarrien emisioak murrizteko biderik merkeena gure teknologiak eta sistemak eraginkorrago egitea baita. Esaterako, auto hibridoak, erregaia eta elektrizitatea erabiltzen dutenak. Baina horiek behin-behineko irtenbideak dira eta epe luzera begira gas kutsagarrien emisioak desagertzea lortu behar dugu. Horretarako energia berriztagarriak bultzatu eta sistema aldatu behar da.
Zertan lagunduko du aurkeztu berri duzuen BC3 zentroak?
Klima aldaketaren eskualde mailako eragina ulertzen eta aldaketa horiei hobeto egokitzen lagunduko digu.
Batzuek energia nuklearra klima aldaketari aurre egiteko baliagarria dela diote eta hala aurkezten dute. Energia nuklearraren aldekoa al zara?
Ez nago energia nuklearra erabiltzearen kontra gas kutsagarrien emisioa murrizteko. Baina horrek ez du arazoa konponduko. Erresuma batuan, esaterako zentral nuklear zaharrak itxi eta berriak zabaltzen ari dira.
Klima aldaketa ikertzeko zentroa eratu dute EHUk eta Ikerbasquek
ERREDAKZIOA
Bilbo
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
