EUSKALHERRIA;2007-10-27;Heziketa fisikoko ordurik ez murrizteko eskatu du Soin Heziketaren Aldeko Taldeak. Kirolari, sendagile, guraso elkarte eta sindikatu askok bat egin dute Sohat taldearen aldarrikapenekin. ELKARRIZKETA: LUIS LARRAŅAGA, Sohat, Soin Heziketaren Aldeko Taldearen bozeramailea
Heziketa fisikoko ordurik ez murrizteko eskatu du Soin Heziketaren Aldeko Taldeak
Kirolari, sendagile, guraso elkarte eta sindikatu askok bat egin dute Sohat taldearen aldarrikapenekin
jon rejado
Gasteiz
Soin heziketaren garrantzia aldarrikatu dute dozenaka kirolarik, elkartek, sendagilek, fisioterapeutak, guraso elkartek eta hainbat sindikatuk. Soin Heziketaren Aldeko Taldeak (Sohat) deitutako prentsaurrekoan hori aldarrikatu zuten, eta, bide batez, soin heziketako orduak murrizten dituen EAEko curriculum dekretuak aldatzeko eskatu zuten. Lehen hezkuntzako heziketa fisikoko saioen %40 gal daitezke, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dekretu berriaren arabera, eta bigarren hezkuntzan %37 izan daitezke, Sohatek jakinarazi duenez.
Soin heziketaren garrantzia aldarrikatzeko bidean gizartearen babesa jaso dutela azpimarratu zuen Fernando Garrigos Euskal Herriko Zientzietako Lizentziatuen Elkargoko presidenteak atzo emandako prentsaurrekoan. «Matematika eta hizkuntza jakiteaz gain, seme-alaba osasuntsuak izan nahi dituzte ». Babes hori prentsaurrekoan hitz egin zutenek berretsi zuten. «Jolasten hezten dira eta ohitura osasungarriak garatzen dituzte», gogoratu zuen Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko ordezkari batek. «Beste ikasgaien garrantzia du, edo gehiago».
GAI SERIOA. Soin heziketaren orduen murrizketa kontuan hartzeko gaia dela azpimarratu zuen Josean Lekue Athleticeko medikuak. Gure sasoiko filosofoek lau eztabaidagai garrantzitsu aipatzen dituztela nabarmendu zuen: osasuna, hezkuntza, ingurumena eta demografia. «Soin hezkuntzak horietako birekin harreman zuzena du, eta horrek ematen du gaiaren garrantziaren berri», gogoratu zuen. Europako herrialde askok heziketa fisikoa osasuna hobetzeko bide estrategikoen artean sartzen dutela esan zuen.
Bittor Rodriguez nutrizioan adituak «kezka» agertu zuen egungo egoera ikusirik. Euskal Herriko haurren gizentasunak gora egin duela nabarmendu zuen. Haur gizenen kopurua orain dela hamabost urte zeudenen halako hiru dela gogoratu zuen, eta ez dela behin-behineko egoera bat. «Joera bat da, eta ikerketa guztietan ohitura txarrak eta jarduera fisiko falta aipatzen dira», nabarmendu zuen Rodriguezek.
Luis Larrañaga - Sohat, Soin Heziketaren Aldeko Taldearen bozeramailea
«Ikuspuntu pedagogiko batetik ezin da ulertu hartu duten erabakia»
J.R.
Gasteiz
Bost hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza dekretuaren ildo nagusiak jakin zirenetik, soin heziketaren murrizketa jakinarazi zenetik. Soin heziketako irakasleak, ikasleak, osasun arloko adituak, guraso elkarteak eta beste arlo batzuk horren aurka agertu dira ordutik, eta Soin Hezkuntzaren Aldeko Taldea (Sohat) sortu dute norabide berean lan egiteko.
Zeintzuk dira Sohaten aldarrikapenak?
Hezkuntza integrala nahi badugu, seme-alabak balioetan hezi nahi baditugu, soin heziketan proposatu duten murrizketa kontraesana da. Hau ez da irakasle batzuen arazoa soilik. Jokoan ez daude hainbat irakasleren lanpostuak bakarrik. Arazoa gizarteari dagokio. Sinadura bilketa hasi dugu Eusko Jaurlaritzari gizartearen babesa dugula frogatzeko.
Orain dela hamahiru urte egoera bertsua gertatu zen.
Orduan astean soin heziketako ordu bat ematea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak atzera egin zuen, eta Hezkuntza Sailak berak atzera egin zuen. Onartu zuten ez zela nahikoa ordu bat zehaztu zituzten helburuak betetzeko. Zer aldatu da azken urteetan? Egun, gizartea okerrera doa sedentarismoaren arazoan, pediatrek onartu bezala. Hori dela eta, neurria guztiz tokiz kanpo dagoela pentsatzen dugu.
Zuen ustez, zergatik hartu dute erabaki hori?
Okerrena da hezkuntza askotan mugitzen dela datu estatistikoen arabera eta marketinaren arabera. Nork gidatzen du hezkuntza une honetan? Pedagogoak eta hezkuntzan egunero murgilduta dauden horiek egiten dute, edo hezkuntza ikuspuntu teknokrata baten bitartez kudeatzen dutenek? Ikuspuntu pedagogiko batetik ezin da ulertu hartu den erabakia. Nahi dituzten ikasgaiak indartzeko bide egokiagoak dituzte: baliabide material eta giza baliabide gehiago eskaini, irakasleei prestatzeko aukera gehiago eman, ikasle gutxiago sartu ikasgelan...
Zer eragin izan dezake soin hezkuntzako orduen murrizketak?
Soin hezkuntzako ordu gutxiagorekin, ikasleak izango dira galtzaile, osasunean nabarituko dute. Bestelako alorretan laguntzen du soin hezkuntzak, beste ikasgaietan lantzen ez dena. Nola lortuko ditugu curriculumak ezartzen dizkigun helburuak orduak murriztu badituzte? Ezinezkoa da.
Ikastetxeek soin hezkuntzara bideratu ditzaketen erabilpen askeko orduak dituztela esan du Hezkuntza Sailak.
Aurpegi garbiketa hutsa da hori. Irakasgai bat %40 murriztu eta aste bat geroago ikastetxeek autonomia dutela esatea gizarteari iruzurra egitea da. Kirol plana, osasun plana eta horrelakoak egitea ondo dago, baina elkarrekin txertatu behar dute asmo horiek guztiek.
Eskolaz kanpoko kirola behartuko du erabaki horrek?
Zehaztu behar dira soin heziketako edukiak, jende askok ez baititu ezagutzen. Gorputzaren ezagutza lantzen da, gorputzaren onarpena, abilezia ere lantzen da, naturarekin harremana, elkarren arteko harremana, gorputz adierazpena emozioaren eta sentimenduen ikuspegitik... Kirola baino ez dela egiten pentsatzen dute askok, baina askoz gehiago da. Dena den, hezkuntza publikoaren oinarria gogoratzen da horren gainetik. Guztientzat eta doakoa da. Kirola eskolatik kanpo egin behar izatea pribatizazioaren bidean aurrera egitea da eta hori ezin dugu onartu.
«Nola lortuko ditugu curriculumak ezartzen dizkigun helburuak orduak murriztu badituzte?»
«Kirola eskolatik kanpo egin behar izatea pribatizazioan aurrera egitea da, eta hori ezin dugu onartu»