'Egunkaria' ixteko arrazoirik ez zegoela aitortu du orain Fiskaltzak
Frogarik ez dagoenez denak errugabetzeko eta epaiketarik ez egiteko eskatu dio epaimahaiari
IMANOL MURUA URIA
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berak aitortu du: Euskaldunon Egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoen, ETAren mende jardun zuela adierazten duen froga bakar bat ez dagoelako, lau urteotako ikerketan erakunde armatuarekin lotura erakusten duen agiri bakar bat ez dutelako atzeman. Horregatik, zazpi auzipetuak errugabetzako eta epaiketarik ez egiteko eskatu dio Miguel Angel Carballo fiskalak Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako lehen sekzioari.
Honenbestez, Juan del Olmo epailearen ardurapean Guardia Zibilak egindako ikerketaren porrota aitortu du fiskalak, eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak berak orain arte izan duen jarrera goitik behera aldatu du. Izan ere, Egunkaria-ko arduradunen auzipetzeei eusteko eskatu zion fiskaltzak Zigor Salari joan den otsailean, eta horixe egin zuen epaimahaiak. Zazpi lagun daude auzipetuta Egunkaria-ren itxierari buruzko auzian: Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria.
Lehen sekzioko epaimahaiko hiru magistratuek erabaki beharko dute orain auziarekin aurrera jarraitu eta epaiketa egin edo, fiskalak eskatu bezala, denak errugabetu eta auzia bertan behera utzi. Aste batzuk joango dira erabakia hartu arte, aurretik hamarna eguneko epea izango baitute herri akusazioak -AVT eta Dignidad y Justicia- eta defentsak, fiskalaren eskaerari buruzko iritzia emateko.
Fiskalaren idatziak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten. Lau urteko ikerketak ez du frogatu Del Olmok Egunkaria ixteko erabilitako argudio bakar bat ere: ez Egunkaria ETAren diru iturri zenik, ez ETAren dirua zuritzeko tresna zenik, ez ETAren helburuen alde egin zuenik, ez lerro editoriala ETAren aldekoa zuenik, ez auzipetuek ETArekin loturarik zutenik, ezta zuzendaria ETAk izendatu zuenik ere. «Egunkaria ETAren helburuak betetzeko tresna izan dela islatzen duen agiri bakar bat ez da atzeman», dio fiskalaren idatziak.
Del Olmo epaileak eta Guardia Zibilak frogatzat aurkeztu izan dituzten agiriek, izatekotan, ETAk Egunkaria-ren proiektuan interesa zuela -eta, «akaso», kontrolpean eduki nahi zuela- besterik ez duela erakusten argudiatu du fiskalak, 26 orrialdeko idatzian. Dena den, auzipetuek ETAren interesaren jakinaren gainean zeudela edo asmo horrekin ados zeudela egiaztatzen duen ezer ez dagoela dio fiskalak. Areago, Egunkaria-ren autonomiaren zantzuak eta autonomia horri eusteko borondatea sumatu ditu fiskalak hainbat agiritan eta jokabidetan. «Agiri hauen azterketak nabarmen uzten du Guardia Zibilak egindako interpretazioak sendotasunik ez duela», dio fiskalak, «eta auzipetuaren aldeko interpretazio arrazoizkoagorik badela, izan ere, argi eta garbi ondorioztatzen baitira egunkariko arduradunek errezeloak zituztela ustez ETArengandik zetozen proposamenen gainean».
AGIRIAK. Fiskalak banan banan aztertu ditu Del Olmok eta Guardia Zibilak akusazioaren oinarritzat izan dituzten agiriak, ETAko hainbat kideri 1990 eta 1993 artean ustez atzemandakoak. Epaile instruktorearen eta Guardia Zibileko ikertzaileen ondorioak okerrak direla ondorioztatu du. Fiskalaren iritziz, ordea, ETAko kideek Egunkaria-ri buruzko hainbat informazio jasotzen zituztela besterik ez dute erakusten agiri horiek - «ustez KASeko kide baten bitartez, zeina ez baitzen Egunkaria-ko kide»-. Gainera, ETAk agiriotan Egunkaria-ri buruz hitz egiten duen moduagatik, erakundetik kanpoko errealitatetzat hartzen baitu, euskarazko kazetaren gaineko kontrolik ez zuela adierazten dute dokumentu horiek beraiek, fiskalaren ustez. «Hau da, ETAk ez du inposatzen, egunkariko inork ez auzipetuetako inork ETAri baimenik ez dio eskatzen, eta ETAk ez du inor izendatzen, edo agiri horiek behintzat ez dute hori egiaztatzen».
Fiskaltzaren iritziz nabarmentzekoa da, gainera, 1993tik aurrera ETAren eta Egunkaria-ren arteko loturari buruzko batere dokumenturik atzeman ez izana. «[Horrek] Ahuldu egiten du, era larrian, instruktoreak egindako interpretazioa».
Egunkaria-k ildo editorialaren bidez ETAren alde egin ez izana ere esanguratsua da fiskalarentzat: «Biztanleria ETAren inguruan biltzeko desioa adierazten duen albiste, editorial edo artikulu bakar bat ez da aurkitu egunkaria argitaratu zen hamahiru urtean».
Galdera baten bidez laburbildu du Carballo fiskalak bere argudio nagusia: «[Egin beharreko] Galdera nabarmena da: Egunkaria ez bada finantz iturri, ezta terrorismotik datozen diruak zuritzeko tresna ere, eta egunkariak ETAren terrorismoari sostengua ematen ez badio, ez zuzenean ez zeharka, indarkeria sustatzen edo legitimatzen ez badu, zertan laguntzen dio edo lagundu zion Egunkaria-ren jardunak ETAren helburuei?».
Ondorioz, epaiketarik egin gabe auzia artxibatzeko eskatu dio fiskalak Zigor Salako lehen sekzioko epaimahaiari. Alegia, auzipetzeak bertan behera uzteko eta auzipetuen aurkako badaezpadako neurriak bertan behera uzteko. Izan ere, aske gelditu ahal izateko bermeak ordaindu zituzten guztiek, aldioro sinatzera joan beharra dute epaitegira edo polizi etxera, eta Espainiako Estatuko mugetatik irtetea debekatua dute oraindik.
«Behin-behinean» artxibatzeko eskatu du fiskalak, halako eskaeratan egin ohi duen bezala: etorkizunean froga berririk agertuko balitz auzia irekitzeko aukera legokeela esan nahi du «behin-behinean» artxibatze horrek.
AUZI EKONOMIKOA. Egunkaria-ren itxieraren sumario nagusiari buruzkoa da fiskalaren eskaera, baina irregulartasun ekonomikoei buruzko beste auziaren gaineko aipamen laburra ere egin du idatzian. Auzitegi Nazionalaren esku dago bigarren auzi hau ere, gai ekonomikoei buruzkoa den arren Del Olmo epailearen irizpideen arabera ustezko delitu horiek ETAren esanetara egin omen zirelako. Orain, auzi nagusia artxibatzeko eskatu duenez, ustezko irregulartasun ekonomikoak Euskal Herriko auzitegi arruntek ikertu beharko lituzketela argudiatu du fiskalak, eta inhibitzeko eskatu dio, ondorioz, Auzitegi Nazionalari. Arlo ekonomikoko auzia instrukzio fasean dago, eta inor ez dute auzipetu oraindik.
Herri akusazioen eta defentsaren eskaeren zain, gero erabakitzeko
FisKalaren iDaTzia
Ez kontrolik, ez loturarik, ezta sostengurik ere
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
