2006-11-17
Nortasun bat erakusteko estilo liburua
Berriak bere lehen estilo liburua kaleratu du, euskaraz idazten duen ororentzat baliagarri izateko
iñigo bilbao
Bilbo
BERRIAk bere lehen estilo liburua kaleratu du, eta atzo aurkeztu zuen, Euskaltzaindiaren egoitzan, hiru urteko lanaren emaitza. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak azaldu zuenez, liburu horretan Euskal Herria ulertzeko modu jakin bat jasotzeaz gainera, gizartea ulertzeko era berezi bat islatzen da.
BERRIAk egin duen lehenengo estilo liburua bada ere, ez da hutsetik abiatutako proiektua izan. Otamendik berak aitortu du, emandako jauzia erabatekoa izanik ere, ezingo litzatekeela oraingo hau ulertu bere garaian Egunkaria-k egin zituen estilo liburu haiek aintzat hartu gabe.
Komunikabide bakoitzak bere nortasuna duela gogoratu, eta estilo liburuak hark duen mundu ikuskera, kazetaritza egiteko modua eta hizkuntz eredua finkatzen dituela nabarmendu du. BERRIAren estilo liburuak, hortaz, nazio ikuspegi ezagun bat jasotzeaz gain, gizarte arloan oso eragin berezia duten hainbat gai lantzeko jarraibideak ere finkatzen ditu.
Kazetariek idazterakoan, hizkuntz arauak zaintzearekin batera, hizkerak ere oso kontuan izan behar dituztela ohartarazi du, immigrazioaz, sexu askatasunaz eta emakumeen kontrako indarkeriaz idazteko, esaterako. Hiru auzi horien inguruan ahalegin berezia egin dute liburuaren egileek.
FORMATU BERRITZAILEA. Liburuaren formatuari dagokionez, bestalde, berritzailea dela ohartarazi du, Espainiako hedabideetara ohituta daudenentzat batez ere. «Bitxia egingo zaio askori. Ohitzea izango da gauza».
Estilo liburua egunkariko kazetarien esku bakarrik ez: liburu dendetan ere salgai dago dagoeneko; izan ere, bertan jasotako irizpideak BERRIAn betetzekoak dira, baina euskaraz idazten duten guztientzat baliagarriak izan daitezke. BBK-k sustatu du argitalpena, eta Otamendik jasotako laguntza eskertu du. Hain zuzen, Jon Manzisidor BBK-ko arduradunaren ustez, euskaraz idazten duen edonorentzat ezinbesteko erreferentea izango da estilo liburua. «Euskarak lan munduan du etorkizuna, eta hau bezalako tresna egokiak behar-beharrezkoak ditu bide hori egiteko».
Andres Urrutia euskaltzainburuak estilo liburuaren kalitatea goraipatu zuen. Izan ere, hedabideak, akademiak egindako lanaren jarraitzaile ez ezik, osagarri ere badira. «Egia da arauei kutsu deitoragarria dariela hainbaten ustetan, idazlearen askatasuna mugatzen dutelako; baina hizkuntzak askatasunkerian jausten dira gutxieneko eta oinarrizko komunikazioa egiteko balio ez badute».
Jose Luis Lizundia euskaltzainaren ustetan, estilo liburua oso ona da, kategoriakoa. «Hizkuntzaren normatibizazioan Euskaltzaindiak arauak emango ditu, baina hortik aparte hedabideen zeregina da horiek hedatzea, eta horretarako tresna ezin hobea da hau».
ERAKARGARRI IDATZI. Egileen esanetan, gehien azaltzen diren dudak argitzea eta idazteko baliabideak lantzea da estilo liburuaren helburu nagusietako bat. Erakargarri idaztea ardatz hartuta, beste hainbat irizpide praktikorekin osatu dute lana, komunikazio argia eta idazkera erakargarria lortzeko asmoarekin. Hautuak egiteko tradizioan oinarritu direla azaldu zuten: euskal prosaren tradizioan eta ahozko euskararenean.
Ongi idaztea kazetarien eginbeharra dela onarturik, komunikazio argia eta idazkera erakargarria lortzeko baliabideak eskaini nahi izan dituzte liburu honekin. Izan ere, zenbat eta baliabide gehiago izan eskura, orduan eta libreago izango da kazetaria idazteko orduan. BERRIAren estiloaren irizpide nagusia, hortaz, argi eta erakargarri idaztea dela esan zuten. Txukun eta zentzuz, gainera. Egunkaria-ren estilo liburuetan ez bezala, deontologiari buruzko atala landu dute, ERRIAren konpromisoen artean gizarte eredu integratzailea sustatzea, adierazpen askatasuna bultzatzea eta giza eskubideak babestea ere badagoelako.
Liburua euskaraz idazten duen edonorentzat baliagarri izango denez, egunen batean sarean jarriko dutela aurreratu zuen Otamendik, baina oraindik ere denbora beharko dela hori lortzeko.
martxelo otamendi
'Berria'-ko zuzendaria
jon manzisidor
BBK-ko arduraduna
andres urrutia
euskaltzainburua
Iritziak
«Hizkuntzaren gainean ematen diren adibideei erreparatu izan diegu»
asier larrinaga
ETB-ko euskara arduraduna
«Edukien inguruan gogoeta egiteko ere balio izango digu»
Elixabete Perez
Deustuko Unibertsitateko irakaslea
«Aitortzen dut argi horrek gidatu gaituela euskaraz idazterakoan»
Igor Elordui
AEK-ko komunikazio arduraduna
«Ezinbesteko testu liburua da hori gaur egun gure ikasleentzat»
karmelo landa
EHU-ko kazetaritza irakaslea
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
