Euskal Herriko domeinuaren beharra azaleratu dute EH 2.0 jardunaldiek
Euskarazko komunitatea batu eta oinarri sendoa sortu behar dela ondorioztatu dute
UNAI ZUBELDIA
Donostia
«.eus ez, .na edo .eh behar dugula planteatzea, eztabaida eraman behar ez den tokira eramatea da. Euskaldunok, betidanik, hizkuntzak, euskarak batu gaitu. Beraz, garbi dago hizkuntzak markatu behar duela euskal komunitatearen Interneteko domeinua». Internet, Euskal Herria, euskara, software librea, blogak, jarrera 2.0, globalizazioa... Euskarak eta euskal komunitateak sarean daukaten etorkizunaz hausnartu zuten atzo, Donostian, Euskal Herria 2.0 jardunaldien bigarren egunean. Josu Amezaga EHUko irakaslearen hausnarketa da jardunaldietako ondorioen lagin argia: euskal komunitateak domeinu propioa behar du; munduan euskaraz jarduten duen Interneteko euskarazko komunitatea batu egin behar da.
Batu bai, baina nola? «Diskrezioz». Katalanak eta Herrialde Katalanetako kulturak iaz lortu zuen .cat domeinua, eta, jada .cat domeinudun 18.000 web orrialde baino gehiago daude. Jarraitu beharreko bidea zein den erakutsi dute, beraz, eta euskal komunitatea bide horri heltzeko zer aukera dauden aztertzen hasi da. Horretarako zer hoberik Vicent Partal Vilaweb egunkari elektronikoko zuzendariaren eta .cat domeinuaren bultzatzaileetako baten hitzak entzutea baino. «Estatu bat zaretela esanez bidea egin nahi izatea paretaren kontra talka egitea da. Ez dauka zentzurik. Hizkuntza eta kultura batzeko tresnatzat ulertu behar da domeinua. Hortik hasi behar da lanean, baina diskrezioz».
Diskrezioa, sekretismoa, eztabaida... Hitz potoloak dira, eta batek baino gehiagok plazaratu zituen atzo bere beldurrak eta zalantzak. Gorka Julio Teketen irratsaioaren sortzaileak, esaterako: «Dena aldatzeko eredu bat behar dugu, guk sortutakoa; gure esparrua Internet da. Baina nor izango da lehena gure aukera oztopatzen? Aurrera egiteko gai izango al gara?». Beldurrak, zalantzak eta ezkortasuna. Josu Landa Susa argitaletxeko ordezkariarena, nabarmenena. «Zer eskaini diezaioke euskal ziberespazioak ziberespazio globalari? Ezer gutxi. .eus domeinua izan daiteke nolabaiteko marka, baina ezer gutxi gehiago aporta dezakegu. Hala ere, gurea ekosistema txikia denez, ez dugu kantitateaz hizketan hasi behar. Kalitatea behar dugu».
TALDE NORTASUNERAKO, IKURRAK BEHAR. Amezagaren hausnarketa oinarri hartuta, eta beldur, zalantza eta, kasuren batean, ezkortasun artean, ondorio argi batzuk ere atera zituzten atzo: herri baten talde nortasuna indartzeko oinarri objektiboez gain ikurrak behar dira. Ikur horietako bat sortzeko balia daiteke hizkuntza. «Sor dezagun .eus domeinua». Nola? Herrialde Katalanetan egindako bideari begira, oinarria unibertsitateetan sortu behar dela nahiko argi dago. «EHUko ordezkariak badaude hemen, unibertsitate pribatuetakoak ere bai, eta Baionan eta Iruñean ere badauzkagu kontaktuak. Oinarria sortzeko lehenengo pausoa hor dago». Proposamena egitearekin batera iritsi zen erantzuna. «EHUk ez dauka oso harreman ona ez euskararekin eta ezta Internetekin ere».
Nola galdera airean geratu zen, baina euskal komunitateak lehen pausoa eman du. Aurrera egiteko Partalek gomendio batzuk eman zituen. «Itxaropen handirik ez sortu eta diskrezioarekin lan egin. Ondo pentsatu behar duzue helburua zein den, ondoren eztabaida sortu eta denek lan egin. Eta hori bai, bide politikoa ez hartu, hortik ez baitago zereginik».
Icann
Erakundea eta domeinuak
VICENT PARTAL
.cat domeinuaren bultzatzaileetako bat
josu landa
susa argitaletxeko ordezkaria
JOSU AMEZAGA
EHU-KO IRAKASLEA
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
