HARIAN;2004-12-12;XIBERTAKO BILERAK. Beste Xiberta baten zain. 1977an Angelun iragan ziren elkarrizketak gogora ekarri ditu Anai Arteak, zenbait lekukoren ahotik; ekimen bertsua gaur errepikatzea nahi lukete guztiek
Beste Xiberta baten zain
1977an Angelun iragan ziren elkarrizketak gogora ekarri ditu Anai Arteak, zenbait lekukoren ahotik; ekimen bertsua gaur errepikatzea nahi lukete guztiek
Eneko Bidegain -
HENDAIA
«Ea 27 urte geroago desadostasunen txapeldun izateari uzten diogun». Joseba Azkarragak desadostasunekin gogoratzen ditu 1977ko apirilean eta maiatzean Xibertan (Angelun) izan ziren elkarrizketak. Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta erakunde abertzale guztiak bildu ziren, Telesforo Monzonen ekimenez, besteak beste. Ekainean izanen ziren hauteskundeetan zer jarrera hartu erabaki nahi zuten. Ez ziren ados jarriÉ
Anai Arteak elkarrizketa haiek gogora ekarri zituen atzo Hendaian, orduko zenbait lekuko ekarraraziz.Guztiek gaur egungo egoerarekin egin dute lotura. Denek nahi lukete beste Xiberta bat, edo beste Lizarra batÉ «Telesforok garbi ikusten zuen euskal herritarren arteko elkarrizketa beharrezkoa zela», ekarri du gogora Jose Luis Elkorok. «Gaur egun, hitz hori modan dago. Hitza erabiltzen da, eta ez da egiten».Joseba Azkarragak ate batzuk irekirik ikusten ditu. Gehiago ikusi nahi balituzke ere. Ibarretxeren Planaz gain, Batasunak Anoetan aurkeztu zuena «oso aintzat» hartu behar dela dio. «Urrats garrantzitsua egin du. Inork ez dio entzungor egin behar». Azkarragaren ustez, «proposamen hori, bake ekimena ez ezik, ETArekiko deia ere bada, eta erakunde armatuak balioetsi egin behar du, su-eten sinesgarri eta sendoa deklaratuz».
Zapaterori ausardia eske
Azkarragak Zapateroren gobernuari ere galdegin dizkio urratsak. «Kemen politikoa, ausardia eta erradikaltasun demokratikoa» eskatu dizkio, «Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen herria dela onartzeko». Horrez gain, «biktima guztiak kontuan hartzea» eta presoen egoera konpontzea ere galdegin dizkio. Halaber, Alderdien Legea bertan behera utz dezaten nahi du Azkarragak.
«Badirudi, 27 urteren ondoren, legez kanpo utzi duten ezker abertzalea bat datorrela Xibertan proposatu genuen planteamenduarekin, alegia, bide baketsuak eta demokratikoak erabiltzearekin». Azkarragak espero du «Xibertan izan ginen guztiok eta beste askok, bai eta beste sentsibilitate politikoetako askok ere, bakera eramango gaituen trenera igotzeko aukera izatea».Hori nahi du Iñaki Aldekoak ere. Horretarako, batasuna beharrezkotzat dauka, Telesforo Monzonek bezala. «Zatiturik baldin bagaude, ez goaz inora. Hobe da elkarrekin joatea, eta hutsak elkarrekin egitea», dio Aldekoak. Lizarra-Garaziko akordioa aipatu du horrek ere. «Lizarra zen Telesforok nahi zuen paradigma. Hura zen haren herentziaren emaitza argia».Jose Manuel Pagoaga Peixoto ere Lizarrara begira dago. «Ez dugu erabat jakin geure egiten Lizarra-Garaziren lorpena. Baina oroitzapenak bizirik ditugu», dio militante historikoak. Hauspoak orduko txingarra berriz pitz dezakeela uste du. Eta gaur egun baikor dago. Lehenik, ironia kutsu batez erran du «Euskal Herrian urtean behin une historiko bat» badela. Baina orain, «bihurgune batean egon gaitezke». Baina lehenik Lizarra-Garazin bakoitzak egin zituen hutsak aztertu behar dituela uste du.«Alde batetik, gobernukoek ausardia apurtxo bat gehiago izaten badute, eta orain arte bide horren aurka egon garenok pazientzia apurtxo bat izaten badugu, asma genezake herri hau behin betikotz bidean jartzen», dio Peixotok. Ez du ukatzen «ñabardurak beharrezkoak» direla, eta bakoitzak bereak ezarriko dituela. Baina beldur da Lizarra-Garaziren «huts egitea ez ote zuen batzuen ausardia eskasak eta besteen pazientzia eskasak» eragin. Xibertako elkarrizketen huts egitearen ondotik Monzonek erran zuena ekarri du gogora: «Euskaldunak honelako bide bati lotzen ez garen bitartean, jai dugu».
z Xibertako lekukoak@:JOSE MANUEL PAGOAGA 'PEIXOTO' (ETA militarreko ordezkari Xibertan)
«Bilkurak giro onean egin ziren, baina denbora mugatua izatea txarra da; erabakia hartzeko epe bat genuen»
Jose Manuel Pagoaga Peixoto-k ETA militarraren izenean parte hartu zuen, Argalak eta Yoyesek bezala. «Xibertako bilkura haiek giro onean» iragan zirela dio. «Batzarrak aurrera egin ahala, garbi nabarmenduz joan zen bakoitzaren jarrera. Bai ala ez garbi esan beharra zegoen. Ekaineko hauteskundeak hurbildu ahala, behar hori handitu zen», gogoratzen da. EAJko ordezkari batek «ez gaude prest pistolen presiopean ibiltzeko» erran zuela oroitarazi du. Argalaren erantzuna ere gogoan du: «Zuek guztiak lekuko zarete hemen inoiz ez dela pistolarik izan. Akordioa lortzeko su-etena beharrezkoa bada, planteatu daiteke». Ondoko bilerara ez zen EAJko ordezkaririk agertu. Peixotoren ustez, «denbora mugatua izatea txarra da».
JOSEBA AZKARRAGA (EAJko ordezkari Xibertan)
«Hauteskundeetan parte hartu behar zen, abertzaleen eremua ez estatu indarren esku uzteko»
Eusko Jaurlaritzako oraingo Justizia sailburuaren ustez, «ETAren indarkeriak dena zapuztu zuen». Xibertako elkarrizketen helburua ez zela «bake prozesuaren abiatzea» azpimarratu du. Etorriko ziren hauteskundeetan parte hartu ala abstentziora jo erabakitzea zen kontua. EAJk hauteskundeetan parte hartzearen hautua egin zuela esplikatu du Azkarragak. «EAJk erreforma demokratikoaren hautua egin zuen. Zaila zen ulertzea zenbait hilabete berantago hauteskundeetan ez aurkeztea. Hauteskundeek hutsune anitz bazuten demokratikoak izateko, amnistiarik ez zegoelako. Baina parte hartu behar zen, euskal abertzaletasunaren eremua ez estatu indarren esku uzteko», azaldu du. Hautu egokia izan zela berretsi du Hendaian.
IÑAKI ALDEKOA (ESBko ordezkari Xibertan)
«Izar nagusiak EAJ eta ETA ziren. Besteak teloneroak ginen»
«Bigarren mailako lekukoa nintzen», erran du Iñaki Aldekoak. «Izar nagusiak EAJ eta ETA ziren. Besteak teloneroak ginen, baina horrek ez du erran nahi ez ginela garrantzitsuak». Telesforo Monzonen «ekarpen handia batasuna» dela azpimarratu du. Horrez gain, «sozialistekin nola negoziatu eta adostasunera heldu» gogoetatzen ari zela ere aipatu du Aldekoak. «Xibertan goizegi zen», baina epe luzeagoan helburu hori lortu nahi zuela berretsi du. Behin eta berriz errepikatu du batasunaren aldeko mezua. Eta pena du Monzonek bere «helburu nagusia» obratzen ez duelako ikusi.
MIRENTXU PURROY (Kazetaria)
«Gaur egun ere bakoitzak bere koloretik esplikatzen du Xiberta»
Elkarrizketa haietako idazkari gisa eramanarazi zuen Monzonek Xibertara. Lehen bileraren oroitzapen berezia dauka. «Bilera klandestinoak ziren, mahai biribil handi bat, ordezkari andana batÉ» Purroyk gogoan du «elkarren arteko herra». Elkarrizketa haiek iragaten ziren bitartean, ETA politiko-militarrek eta EAJk bakoitzak bere aldetik Madrilekin negoziatzen zutela azaldu du. Pena du: «Inor ez zegoen prest urrats bat aurrera egiteko. Ez zen izan abertzaleen arteko adostasunik». Eta gaur egun bakoitzak Xiberta «bere koloretik» esplikatzen duela ere nabarmendu du.
JOSE LUIS ELKORO (Alkateen Mugimenduko ordezkaria)
«Garai batez atzera egitekotan egon nintzen, eta Monzonek lagundu ninduen aurrera egiten»
Jose Luis Elkorok alkateen taldeko ordezkari gisa parte hartu zuen Xibertako elkarrizketetan. Bultzatzaileetatik bat izan zen. Monzoni esker «ikasi zuen Euskal Herria maitatzen». Monzon oroz gainetik «politikoa» zela dio Elkorok. «Beti Euskal Herriaren alde borrokatu zen, eta Euskal Herria herri bat zela erraten zuen», gogorarazi du. Elkorok bere engaiamenduan «atzera egitekotan» egon izan zen. «Monzonek lagundu ninduen aurrera egiten, eta eskertzen diot». Xibertako elkarrizketetan Euskal Herria batu beharra ikusi zuen Elkorok, Monzonek bezala.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
Laguntzaileak:

