2012-07-10
ETAren adierazpena
Elkarrizketak abiatzeko eginahala «biderkatu» du ETAk
Elkarrizketari uko egitea leporatu die erakunde armatuak estatuei, eta «jarrera itxienei laguntzea» egotzi dio EAJri
«Barne egokitzapenak» egin eta hizketarako ordezkaritza izendatu duela jakinarazi du
Oihana Elduaien
Armak uzteko erabakia jakinarazi eta zortzi hilabetera, Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketak ez direla abiatu eman du aditzera ETAk. «Elkarrizketa bideak zabaltzeko ahaleginak biderkatzen ari gara», dio erakunde armatuak, Gara eta Naiz.info komunikabideetara igorritako oharrean. Horretarako, «nazioarteko eragileekin harremanak sendotzen eta prozesuak eskatzen dituen barne egokipenak gauzatzen» ari dela jakinarazi du ETAk, eta elkarrizketetarako ordezkaritza bat osatua duela.
Elkarrizketa horiek Espainiako eta Frantziako gobernuekin egin nahi ditu ETAk, gatazkaren ondorioez hitz egiteko, baina bi gobernu horiek «bakearen kontrako agendan» daudela salatu du. Elkarrizketari uko egitea aurpegiratu die bi estatu horiei; are gehiago: prozesua gelditzeko ahaleginetan ari direla uste du.
Eta, egoera hori ikusirik, hainbat alderdik duten jarrera salatu du ETAk. EAJ, PSOE, UPN eta PP elkar hartuta «ezker independentismoa higatzeko asmoarekin» ari direla nabarmendu du, eta bereziki gogor egin du jeltzaleen aurka. Aieteko Adierazpenaren kontrako diskurtso eta jarduera izatea aurpegiratu dio EAJri, eta «konponbidearen kontra egiten duen gobernuarekin» ulerkor azaltzea. «Jarrera itxienak laguntzen ari da, Espainiako Gobernuaren mezu ofizialaren bolumena igotzen duelarik, konponbideak aldarrikatzen dituzten herritarren txistuak entzun ez daitezen». Hala, gogoeta egiteko deia egin die alderdi jeltzaleko kideei.
Izan ere, ETAk argi adierazi du herritarrek konponbidea nahi dutela. Gainera, «bake eta askatasun etorkizuna» posible dela uste du. Horretarako, ordea, ezinbesteko jotzen du herritarren parte hartzea. Eragileen parte hartzea ere hala jotzen du, eta «arduraz eta modu eraikitzailean» jokatzeko deia egin die guztiei.
ETAren agiria osorik irakurtzeko, bisitatu webgune hau:
www.berria.info/agiriak/
Iazko urriaren 20an eman zuen ETAk armak uzteko erabakiaren berri. / BERRIA
Agiria
«Modu eraikitzailean jokatzeko deia»
Hona hemen, ETAren agiriaren zati batzuk, hitzez hitz:
(...)2011ko urrian irismen sakoneko bi gertakari eman ziren Euskal Herrian. Batetik, nazioarteko pertsonalitate ezagunek Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko proposamen zehatza aurkeztu zuten Aieteko Adierazpenean. Bestetik, ETAk Adierazpenaren lehenengo puntuak egiten zion eskaerari erantzun baikorra eman eta jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen.(...)
Zortzi hilabete beranduago, honoko irakurketa egiten du ETAk:
Euskal Herriak konponbidea nahi du(...) Konponbiderako proposamenaren arrazionaltasunarekin batera, Euskal Herriaren gogoa eta nazioartearen konpromisoa prozesuaren oinarri sendoak ditugu.
(...) Espainia eta Frantziako Gobernuek ez dute erantzun positiborik eman. Alderantziz, elkarrizketari uko egiteaz gain, hasiera-hasieratik prozesua gelditu eta zangotrabatzeko estrategiari eutsi diote. (...)
Bestalde, ohartarazi nahi dugu Espainia eta Frantziako indar polizialak errepresioan sakontzeko baliatzen ari direla ETAk prozesua bultzatzeko duen konpromisoa. Prozesua kaltetu lezaketen egoerak ekidin asmoz eta ustekabeko enfrentamenduak saihesteko helburuarekin ETAk hartu dituen erabakiak jazarpena areagotzeko erabiltzen ari dira, arrisku handiko egoerak sortuz. Era berean, materiala baldintza seguru eta egonkorretan biltzeko egiten ari den ahalegina polizia dispositiboak antolatzeko erabiltzen ari dira. Jarduera horiek inolako konponbide prozesurekin batera ezinak dira.
(...) Kezkagarria da zenbait alderdi politiko izaten ari den jokabidea. Alderdi interesak direla medio, PNV, PSOE, UPN eta PP alderdiek ekimen bateratuta darabilte ezkerreko independentismoa higatzeko asmoarekin. (...). PSOEk Gasteizko Gobernuak konponbidearen aldeko jarrera aktiboa izango zuela iragarri zuen. Alabaina, PSOE Espainian gobernu arduretan egon zen bitartean, Gasteizko Gobernuak ez zuen urrats bakar bat ere eman.(...). Ondoren ere, salbuespen bakan batzuk kenduta, konponbidearen gakoak desitxuratu nahian aritu da (...).
PNVri dagokionez, jarrera alderrai eta kontraesankorra izaten ari da. Aieteko Adierazpena txalotzetik bertan azaltzen ziren puntuen kontrako diskurtso eta jarduera izatera igaro da. Adierazgarria da oso, konponbidearen kontra egiten duen gobernuarekin ulerkor agertzen den bitartean, ezker abertzaleari zuzentzen dizkiola bere kritikarik zorrotzenak (...)
Zein da, bada, PNVren proposamena? Ba al du ekarpen eraikitzailerik? Besteek egin beharko luketena agintzeaz gain, ba al dago konpromiso zehatzen bat hartzeko prest?
Prozesua espetxeetan kateatu nahi dute (...) Jendartearen aldarria ozena izan arren, presoen eskubideen errespetuari begira ez da urrats positiborik eman, ez eta latzenak diren egoerak gainditzeko ere. (...)
Errealitate lazgarri horri amaiera eman ordez, euskal preso politikoekiko xantaiarako plana aurkeztu du Espainiako Gobernuak. (...) Onartu ezinezko baldintzak ezarriz aurrerapen aukera oro blokeatu nahi dute, horrela prozesua geldiune luze batean sartuko dutelakoan.
Frantziako agintariek ere presoen egoera izan dute ahotan. Baina presoak hurbiltzearen alde mintzo arren, euskal preso politikoek Frantziako Estatuko lurralde osotik sakabanatuta eta beren eskubide oinarrizkoenak zapalduta dihardute.(...). Horren aurrean, txalogarria da EPPK erakusten ari den jarrera. (...) Konponbiderako tarte zabala eskaintzen du, gobernuen aldetik borondate politikoa egon ezkero.
Euskal Herriak konponbidea behar du (...)
Salbuespen egoera eta gatazkaren ondorioak gainditzeko premiarekin batera, ezin da bazterrean utzi blokeoaren beste aldea: Euskal Herriak Frantzia eta Espainiako estatuen menpe jarraitzen duela (...)
ETAren Adierazpena:
1.- (...)ETAk Euskal Herrian bake eta askatasun etorkizun bat posiblea dela aldarrikatzen du. Indarkeriarik gabe, preso eta iheslari politikorik gabe, indar armatuen larderiarik gabe, inork bere burua mehatxatuta ikusi gabe. Elkarrizketa eta akordioaren bidez gatazka politikoa gainditzea posiblea eta beharrezkoa da (...).
2.- (...) ETAk arduraz eta modu eraikitzailean jokatzeko deia luzatzen die eragile guzti-guztiei, denontzat onuragarria den aukera usteltzen ez uzteko.
3.- ETAk gogoetarako dei berezia luzatu nahi dio PNVri (...). Merezi al du alderdi interes hutsengatik konponbide aukera kaltetzea? Onuragarria al da hauteskundeei begira ezkerreko independentismoa higatzearren prozesua zangotrabatu nahi dutenekin behin eta berriz lerrokatzea? (...)
4.- (...)Euskal herritarren presioa eta indar biltzea ezinbestekoak dira gotortuta daudenak mugiarazteko. (...)
5.- (...) Urriaren 20an hartutako erabakiari eutsi ez ezik, elkarrizketa bideak zabaltzeko ahaleginak biderkatzen ari gara, nazioarteko eragileekin harremanak sendotzen eta prozesuak eskatzen dituen barne egokipenak gauzatzen, elkarrizketetarako ETAren Ordezkaritza osatuz, besteak beste. Aurrerantzean ere bide berari eusteko konpromisoa adierazi nahi dugu, bakea eta askatasuna helburu duen prozesua bururaino eramateko.
Zaballako kandela gauean parte hartuko du Etxerat-ek
«Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten senide eta lagunek etxean egon behar dutelako», Etxerat elkarteak parte hartuko du Herrira mugimenduak antolatutako kandela gauean. Hilaren 13tik 14rako gauean Zaballa espetxearen atarian pasatuko dute gaua hainbat lagunek, gaixo dauden presoak askatzeko eskatuz. Etxerat-ek gogora ekarri du 14 lagun daudela gaixotasun larriekin preso, eta horrek familiakoei eta lagunei «izugarrizko buruhausteak» eragiten dizkiela azpimarratu du. Hain justu, gaixo dauden presoen senitarteko eta lagunekin dokumental bat egin du Etxerat-ek, eta hilaren 13an aurkeztuko dutela jakinarazi du. Kandela gauean ere emango dute.
ETA: «Prozesua espetxeetan kateatu nahi dute»
Espainiako eta Frantziako gobernuak presoen auzian izaten ari diren jarrera ez du gustuko erakunde armatuak. Herritarren eskaera argia izan den arren, urratsik ez egitea aurpegiratu die bi estatuei. ETAk argi dauka: «Prozesua espetxeetan kateatu nahi dute». Xantaiarako plana osatzea egotzi dio Espainiari, eta presoak hurbiltzearen alde hitz egin arren ezer ez egitea Frantziari. «Gerra estrategiaren baitan EPPK zigortzeko eta zatitzeko helburuz eraiki den salbuespen legedia konponbiderako arau izan behar dela defendatzen dutenak egiten ari diren iruzurra salatu nahi dugu». Horren aurrean, EPPKren jarrera «txalotu» egin du ETAk, «konponbiderako tartea» irekitzen ari delako.
«Ermuko izpirituak» bizirik dirauela dio Espainiak
Espainiako Estatu Segurtasunerako idazkari Ignacio Ulloak atzo azpimarratu zuen espainiar eta euskaldun askorengan oraindik bizirik dirauela «Ermuko izpirituak». Hain justu, gaur bete dira hamabost urte ETAk Miguel Angel Blanco PPko Ermuko zinegotzia bahitu zuela, 48 orduko epean presoak Euskal Herriratzen ez bazituzten hiltzeko mehatxuarekin. Blanco hilzorian agertu zen, bi egun geroago, eta hurrengo egunean hil zen, erietxean. Indakeriaren biktimei buruz Madrilen egiten ari diren konferentzia batean Ulloak nabarmendu zuen oraindik orain bizirik dirauela «instituzioak norabide baikorrean mugiaraztea lortzeko mobilizatzen den gizartearen ereduak».






