Berria.info

Astelehena, 2013ko maiatzak 20 - 06:35

2012-06-26

Bildu legez kanpo uzteko «zantzua» da presoen film bat diruz laguntzea

Donostiako Udalak 'Barrutik begiratzeko leihoak' laguntzea Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela esan du Barne ministroak

Izagirrek dio «gehiegizkoa» dela mehatxua eta ez duela diru laguntza kenduko

Erredakzioa

Barrutik begiratzeko leihoak film dokumentalaren irudi bat. / BERRIA

Legez kanporatzeko mehatxua gainean du, atzera, Bildu koalizioak. Izan ere, Donostiako Udalak euskal presoen inguruko film dokumental bat diruz lagundu izana Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela ohartarazi du Jorge Fernandez Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Ohar bidez helarazi du abisua ministroak. Fernandez Diazen arabera, Barrutik begiratzeko leihoak presoei buruzko dokumentala diruz laguntzea koalizio abertzalea legez kanpo uzteko arrazoi nahiko da.

Barne Ministerioaren esanetan, Bilduk ez ditu betetzen Auzitegi Konstituzionalak Sorturi jarritako baldintzak, eta legez kanpo uzteko «zantzuak» ikusten ditu, erakundeak baliatuta «terrorismoa goratu» duelako. Zehazki, Donostiako Udalak Sorturen legeztatzearen epaiaren 15. puntua urratu duela uste du Fernandez Diazek. Konstituzionalak Sortu legez kanpo uzteko hainbat baldintza aurreikusten dituela gogoratu du : «Ekintza terroristak» egin dituztenak «gorestea edo biktima zein heroi gisa aurkeztea» legez kanpo uzteko arrazoia izango dela dio, baita biktimak edo haien senideak «gutxiesten edo umiliatzen» dituzten ekitaldiak egitea ere. Konstituzionalak larritzat jotzen du erakundeetan daudenek jarrera horiek «baimentzea eta onartzea».

Barne ministroaren ustez, Bildu epai hori urratzen ari da, eta hori «onartezina» da. «Epaia osorik bete behar da, eta baldintza juridiko horiek Bildurentzat ere ezar daitezela eskatuko dugu». Horrela, dokumentalari emandako diru laguntza kentzeko eskatu dio Donostiako Udalari.

Iragan astean onartu zuen Donostiako Udalak filma 9.000 euroz laguntzea. Horren ondotik, PSE-EEko eta PPko ordezkariek udaleko Giza Eskubideen Batzordea uztea erabaki zuten. Halaber, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela Donostiako Udala.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak komunikabideen bidez jaso du Barne Ministerioaren iragarpenaren berri. Xehetasun gehiago jakin bitartean, Fernandez Diazen adierazpenak «gehiegizkoak» direla eta «lekuz kanpo» daudela salatu du. Barrura begiratzeko leihoak dokumentalari eman dioten diru laguntza Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Donostiako Udalak urtero ematen dituen beste asko bezalakoa dela zehaztu du, eta auzia «bere onetik» ateratzen ari direla kritikatu.

Nolanahi ere, zer egin aztertuko dutela esan du Izagirrek, baina oraingoz diru laguntza hori ez dutela kenduko azpimarratu du.

Bestalde, Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak Espainiako Gobernuaren bide beretik hitz egin du, eta Konstituzionalak Sorturi jarritako baldintzak Bilduk urratu ote dituen «soseguz» aztertuko dutela ohartarazi du. Azkenean, Bildu legez kanporatzen badute, Sorturekin ere gauza bera egin beharko dela iritzi dio. Basagoitik onartezin iritzi dio Donostiako Udalak «ETAko presoen mesedetan» dauden pelikulak ordaintzeari, eta ohartarazi du «Batasunarekin zerikusia duen oro gertutik zainduko» dutela. «Erne egongo gara, badakigulako nortzuk diren».

EAren ustez, ordea, euskal gizartea «nazkatuta» dago legez kanporatze mehatxuekin, eta normalizazio politikoan aurrera egitea desiratzen du. Bilduri egindako «mehatxuak» erakusten du PPk ez duela aro berrian bere lekua topatzen eta bere «etsai nagusia» euskal independentismoa duela, Ikerne Badiola Komunikazio idazkariaren arabera.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia