Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 16:24

2012-02-23

Jazarpenak amaitzeko eskatu du Joseba Agudo abokatuak

Bere delitu bakarra «erbesteratuei laguntza ematea» zela esan du abokatuak Auzitegi Nazionaleko epaiketan

Erredakzioa

Joseba Agudo abokatu errenteriarra atzo epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Leporatzen dizkioten delituak ukatu, eta errugabetzat jo zuen bere burua epaimahaiaren aurrean: «Erbesteratuei eta euren familiei laguntza ematea izan da nire delitu bakarra». Horren ildotik, iheslari eta erbesteratuak jazartzeari uzteko eskatu zuen: «Bezero ditudanen atzetik ibiltzeari utz diezaiotela eskatu nahi dut, eta haiek etxera bueltatzeko mekanismoak martxan jar ditzatela ere bai». Halaber, gatazka politikoa konpontzeko martxan dauden ekintzekin bat egitea galdegin zuen.

ETAko kide dela ukatu zuen Agudok, eta bere egitekoa «egoera zailean zeuden pertsonak laguntzea» zela azaldu zion epaimahaiari. Lan hori, gainera, «poliziaren kontrol hertsiarekin» egin behar zuela jakinarazi zion.

Luis Barroso fiskalak, berriz, iheslarien eta ETAko zuzendaritzaren arteko zubi lanak egitea leporatu zion. Iheslarien artean «ETAren aginduak» zabaltzen zituen Agudok, fiskalaren arabera, eta iraultza zerga kudeatzeko eta kobratzeko egituran ere parte hartzen zuen. Hain justu, ETAko kide izatea leporatuta, fiskalak bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du abokatuarentzat.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia