2012-02-23
«Gatazka bakarra» ETArena dela erantzun dio Raxoik Amaiurri
Bezperako Kongresuaren agiriaren mezuari helduz, «ETA desegiteko» legearen instrumentuak baliatuko dituela azaldu du
Amaiurrek «berehalako urratsak» egiteko eta eskubide oro bermatzeko eskatu dio
Joxerra Senar Iruńea
«Legea bete behar dut, eta legea betearazi. Hori egingo dut, hori egitea dagokiolako Espainiako gobernuburuari». Presidente izendatu zutenetik bere ahotik bakegintzari buruz egin duen diskurtsoari estu-estu lotu zitzaion atzo ere Mariano Raxoi. Kongresuko osoko bilkurako eztabaida Xabier Mikel Errekondok egindako galderarekin hasi zen atzo. Amaiurreko diputatuak euskal gatazka politikoa konpontzeko zer ekarpen egiteko prest den galdetu zion, eta Raxoik, minutu eta erdiko erantzunean, argi utzi nahi izan zuen ez datorrela bat Amaiurren planteamenduarekin. «Euskal Herrian konpondu beharreko gatazka bakarra» ETArena da», azpimarratu zuen.
Aurreko egunean, Kongresuan PPk, PSOEk, EAJk, CiUk, UPNk, Coalicion Canariak, FAk eta IU-ICVk dokumentu bat hitzartu zuten Amaiur eta Bildu koalizioak legez kanporatzeko UPD alderdiaren eskaerari aurre egiteko. Testu bateratu horretan, alderdi horiek —PPk barne— egiaztatzen dute ETAk jarduera armatua uzteko urriaren 20an iragarritako erabakia «demokraziaren garaipenaren ondorio» dela, eta, besteak beste, ETAri eskatzen diote desegin dadila «behin betiko eta inolako baldintzarik gabe».
Raxoik dokumentu horren edukiari heldu zion atzo. Horrela, azpimarratu zuen ETA oraindik ez dela desegin «bere krimenak eten arren». Haren ustez, Espainiako Gobernuaren betebeharra da «legearen instrumentu guztiak baliatzea ETA desagertu dadin erabat eta haren kideek banan-banan Justiziaren aurrean erantzun dezaten». Gobernuaren ardura hori zela zehaztu zuen, eta eskaera zehatza egin zion Errekondori: «Subiranotasun nazionalaren bermatzaile den heinean, jaun horri egoerak kezkatzen badu iradokitzen diot bere eragin eremua, eraginik badu, balia dezala mehatxu armatu horri eusten diotenak desegiteko». Bezperako dokumentuari erreferentzia eginez, gaineratu zuen «bere borondatez eta inongo baldintzarik gabe» desegin behar duela ETAk.
Tarteka paperari begiratuz baina Amaiurreko diputatuen harmailetara begiratu gabe erantzun zuen Raxoik. Bost aldiz erabili zuen lege hitza. Haren hitzetan, Kongresuak «ziurtasun osoa» behar du izan legea beteko duela.
«Aukera historikoa»
Raxoik erantzun aurretik bi minutuko tartea izan zuen Errekondok bere irakurketa egiteko. Haren hitzetan, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen lan politikoaren emaitza da «itxaropenezko eta ilusiozko» jokaleku politiko berria. Haren ustez, jada inork ez du hori ukatzen, eta «aukera historiko hori» baliatu beharra dago. Gogora ekarri nahi izan zuenez, «ETA sortu aurretik ere» gatazka politikoa bazen eta «gatazkak jarraitzen du ondoren ere».
Errekondoren hitzetan, gatazkaren konponbideari heltzeko, haren zergatiei eta ondorioei heldu behar zaie. Ondorioei dagokienez, hiru ardatzi heldu behar zaiela azaldu, eta «berehalako urratsak» egiteko eskatu zion.
Batetik, giza eskubide oro eta eskubide zibil eta politikoak bermatzea, besteak beste Sortu legeztatuz. Bestetik, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Euskal Herritik ateratzeko planifikazioa egiteko eskatu zion Raxoiri, «biztanleko polizia gehien bertan dagoelako». Hirugarrenik, Amaiurrek «memoriaren ehuneko ehuna jasoko duen gatazkaren kontakizuna» defendatu zuen, eta «alde guztiak ordezkaturik egongo diren biktimen batzorde bat» eratzeko eskaera egin zuen.
Rufi Etxeberriaren ustez, Kongresuko testua «ez da nahikoa»
Ezker abertzaleak gogor kritikatu du akordioa, ez duelako «konponbide politikorako bide orririk proposatzen»
J. Senar
Herenegun Kongresuko hainbat alderdik —besteak beste PPk, PSOEk, EAJk, CiUk eta UPNk— hitzartutako akordioarekin ez dator bat ezker abertzalea. Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen arabera, akordio hori «ez da nahikoa, inondik inora». Etxeberriaren hitzetan, akordioak agerian uzten du «euskal auzia gai politikoa» dela. Horrenbestez, auzi politikoa den heinean, konponbide politiko bat eman behar zaiola uste du Etxeberriak, eta, alde horretatik, akordioa herren geratzen dela iritzi dio. «Ez doa errora. Hau da, ez du proposatzen konponbideetara heltzen lagundu diezagukeen bide orririk».
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, EAJrekin kritiko agertu da. Etxeberriak gogoan du Ińigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak inor baztertuko ez den akordioak egiteko konpromisoa azaldu duela maiz; aldiz, Kongresuko akordio horretatik kanpo utzi da Amaiur: «EAJk dokumentu hori lantzeko prozesuan parte hartu zuen. Horrenbestez, EAJk Amaiur baztertu zuen, eta uste dugu abiapuntu kezkagarria dela». Haren ustez, EAJk azalpenak eman beharko ditu horri buruz.
Bestalde, Etxeberriak nabarmendu du auzi garrantzitsuena dela urriaren 20an ETAk hartutako erabaki historikoa. Hortik abiatuta, Etxeberriak gogora ekarri du beste gatazka batzuetan (Irlanda, kasu) desarmea «hitzartuta eta koordinatuta» egin dela eta «nazioarteko begiraleekin» egin dela. Haren ustez, hori da irizpide logikoena. Azpimarratu duenez, «ETAko militanteak preso badaude, ETA presente egongo da bizitza eta agenda politikoan».
Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak ere Kongresuko akordioari buruz hitz egin zuen. Haren ustez, akordioaren sinatzaileetako batzuek konponbideari heltzeko bide orri gisa proposatu duten heinean, «ez da erreala eta eraginkorra». Dena den, zenbaitek ere azaldu dute akordioa ez dela «hitzez hitz» hartu behar. Irakurketa horren arabera, akordioak bestelako jokalekuak sortzea bila dezake, eta tartea eman estatuari konponbide prozesuan urratsak egiteko. «Hala balitz, ez dugu inongo arazorik izango iritzi horrekin bat egiteko». Dena den, akordioaren edukiak bestelako mezua ematen duela nabarmendu du.






