2012-02-09
Aberri Egun «mundiala» egingo du Iruñean Independentistak sareak
Apirilaren 8ko Aberri Eguna «inflexio puntua» eta «estatua lortzeko bidean urrats eraginkorren hasiera» izatea du xede
Sareak dei egin du etorkizunera begirako nazio estrategia bati buruz gogoeta egiteko
Joxerra Senar Iruñea
Independentistak sareko kideak, atzo, Iruñean, Aberri Eguna aurkezteko egin zuten agerraldian. / IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2012. urtearen «garrantzi sinbolikoa» dela eta, aurten Independentistak sareak Iruñean egingo du Aberri Eguna. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dira aurten, eta, bi gertaerok historian zein gizartearen irudimenean garrantzi handia izan dutenez, Iruñea aukeratu du Aberri Egunerako. Hala ere, Independentistak sareak etorkizunera begiratu nahi du. Horregatik, aro politiko berriak Euskal Herrian piztu duen ilusioak eta Europan estaturik gabeko nazioei irekitzen ari zaien aukera berriak bultzatuta, dei berezia egin die sareak mundu osoan barreiatuta dauden euskal independentistei aurtengo Aberri Eguna «mundiala» eta «inoiz baino jendetsuago eta esanguratsuagoa» izan dadin.
Iruñean bertan prentsaurrekoa eskaini zuten Independentistak sareko ordezkariek: Txutxi Ariznabarreta, Maria Luisa Mangado, Itziar Ituño eta Esti Mujikak. Dei egin zuten apirilaren 8an aldarrikatzeko «independentista guztiek bat eginik herri bat martxan dagoela eta ez dela geldituko helburu nagusia lortu arte». Hartara, Iruñeaz gain, munduko beste hainbat tokitan egun hori modu bateratuan ospatzeko deia egin dute sareko ordezkariek. Haien ustez, aurtengo deialdiak mugarri bat izan behar du, eta, «euskal estatua lortzeko bidean, urrats eraginkorren hasiera».
Egungo egoeraren gaineko analisia egitea egokitu zaio Txutxi Ariznabarretari, eta, haren esanetan, aro politiko berriarekin «aukera historikoa sortu da herriaren erabakiari atea irekitzeko». Krisi ekonomikoak, berriz, estatua lortzeko beharra «areagotu» egin duela iritzi dio. «Urrun gelditzen dira independentziaren kontra entzuten ziren kritikak: lekuz kanpoko egitasmoa zela, iraganeko formula zela, estatuak desagertzen ari zirela, bideraezina zela Europan eta abar», arrazoitu du Ariznabarretak.
Eskoziaren eredua
Alde horretatik, Europan estaturik gabeko hainbat naziok —Eskoziak, Faroe uharteek, Groenlandiak eta Flandriak— independentzia «etorkizunerako aukerarik onena» bezala hartzea oso adierazgarritzat jo du sareak, eta horren aurrean, geldirik ezin dela egon azpimarratu du. «Herrialde horiei begira jartzeko unea da. Ez kopia sinplerik egiteko, egoerak ezberdinak baitira, ikasteko eta gurean asmatzeko baizik», gaineratu du Ariznabarretak.
Independentistak sarearen arabera, «espainiar eta frantziar estatuen menpe» Euskal Herriak ez du lekurik. «Ez dago herri libre izaterik gure izaera eta nahi dugun estatusa erabakitzeko eskubidea ukatzen dizkiguten bitartean», arrazoitu du Ariznabarretak. Horretarako, sareak dei berezia egin die alderdiei, sindikatuei, gizarte eragileei eta herritarrei etorkizunari buruz gogoeta sakon bat egitera eta nazio estrategia bat diseinatzera. «Gure ustez, Aberri Egunak eskatzen du denok denbora bat eskaintzea benetan herri honen etorkizunari buruz hausnarketa egiteko. Eguneroko kontuen gainetik, nora doa gure herria? Zein da etorkizunik onena?», galdetu du Ariznabarretak.
Eragile guztien ekarpenak beharrezkoak direla azaldu du. Gainera, planteamendu estrategikoen inguruan maiz «modu abstraktuan» hitz egiten bada ere, beharrezkotzat jo du zehaztasunerako urratsa egitea. Hori guztia bultzatzeko baliatu nahi dute aurtengo Aberri Eguna.
Indar abertzaleen arteko harremanen egoeraren ispilu
Urte gehienetan alderdi abertzaleek eguna bereizita ospatu arren, batera joateko hainbat ahalegin egin dira
J. S. Iruñea
ETAren erabaki historikoaren ondotik, lehen Aberri Eguna izango da aurtengoa, eta bateratua izateko anbizioarekin egin du deialdia Independentistak sareak. Azken urteetan hainbat ahalegin egin dira Aberri Egun bateratua egiteko, baina, salbuespen bakan batzuk kenduta, abertzaletasunaren zatiketaren isla izan da iragan hurbilean. Izan ere, alderdi abertzaleen arteko harremanen egoeraren ispilu da eguna.
Ez da Iruñean egiten den lehena. Euzko Alderdi Jeltzaleak 1932an, bere sorreraren 50 urteurrenean, lehen aldiz ospatu zuen, Bilbon, eta handik hiru urtera, 1935ean, Iruñean antolatu zuen eguna. Nafarroako eskuinaren presio itzela eta garaiko gobernuaren debekuak zirela medio, ohiko egunaz kanpo ospatu behar izan zuen, Euzko Eguna izenarekin eta ekitaldiaren kutsu politikoa kenduta.
Frankismoan, 1967an erbesteko Jaurlaritzak Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu zuen. Erregimen frankistak salbuespen egoera ezarri zuen. Diktadorea hil ondoren, 1978an, modu bateratuan hegoaldeko lau hiriburutan ospatu zen Aberri Eguna. PSOEk eta Euskadiko Ezkerrak bat egin zuten. Iruñean 40.000 herritar inguru bildu ziren. Geroztik, abertzaleek baino ez dute ospatu eguna.
Dena den, urte gehienetan bereizita ospatu da. Ezker abertzaleak gehienetan Iruñea aukeratu du. EAJk, berriz, 80ko hamarkada hasieran Nafarroako hainbat herritan ospatu zuen (Elizondo, Leitza, Lizarra eta Erriberri).
Lizarra Garaziko Akordioaren ondorioz, deialdi bateratua egin zen. 1999an, Nazio bat gara lelopean, ospakizun bateratuak egin ziren udaletxeen aurrean. 2000. urtean, berriz, Udalbiltzak deituta, Euskal Herri osoko udaletxeetan elkarretaratzeak egin ziren.
Azken hamarkadan, zatiketa izan da nagusi. Alabaina, abertzaleen arteko zubiak eraikitzeko beharra azpimarratu nahian, 2008an, Nazio Eztabaida Guneak Irun eta Hendaia arteko zubia aukeratu zuen Aberri Egunerako. Lehen deialdi harekin bat egin zuten Batasuna, Aralar, EA eta ABk. 2009an ere bertan egin zuten, eta 2010etik aurrera Independentistak sareak hartu du lekukoa. Iaz, Gernikan egin zen. Aralarrek eta ABk iaz ez zuten bat egin deialdi horrekin, eta EAJk urte guztiotan bere kabuz ospatu du eguna.






