Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:57

2011-08-28

Berriozarren pertsona denak «eskubide guztien jabe» izatea aldarrikatu dute

Normalizazioa lortzeko oraindik «aurrerapauso anitz» eman behar direla azaldu du Bilduk manifestazioan

Joxerra Senar Berriozar

Herriko jaiak hasi aitzin atzo Berriozarren egin zen manifestazioa. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Berriozarko jaiak asteazkenean hasiko dira, eta ospakizunen atarian, Bilduk deituta manifestazioa egin zuten atzo ehundik gora herritarrek Eskubide zibil eta politikoen alde, euskal presoak etxera lelopean. Manifestazioaren amaieran, Olaia Goñi Bilduko hautetsiak aipatu zuen «itxaropen uneak» izan arren, oraindik normalizazio politikoa gauzatzeko eta Gernikako Akordioak biltzen dituen baldintza guztiak betetzeko bidea egitea falta dela: «Askatasun politikoak, giza eskubide guztiak, biktimen onespena, presoen eskubide eta bizi baldintza duinak izan ditzaten... aurrerapauso anitzak eman behar dira oraindik ere».

Goñik aipatu zuen Berriozarrek une garrantzitsuak bizi dituela. Udal gobernua NaBaik eta Bilduk osatzen dute, eta Goñiren arabera, udal gobernuak aukera berriak eskaini nahi ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko.

Manifestazioak lasaitasun osoz egin zuen aurrera. Euskal presoak etxeratzearen aldeko eta amnistiaren aldeko oihuak entzun ziren ibilbidean zehar.

Deialdiak, ordea, polemika eragin du asteon. PPk Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari eskatu zion manifestazioa debekatzeko, «terrorismoaren apologia» egin zitekeela aurreikusi zitekeela argudiatuz. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak ohar bidez erantzun zuen ez zegoela manifestazioa debekatzeko «elementu juridikorik». Roberto Jimenez Gobernuko lehen presidenteordeak adierazi zuen ez zuela batere gustuko manifestazioa, baina «irizpide legalak» betetzen zituela.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia