Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 26 - 04:48

2011-03-03

Segikoen atxiloketa gogorrak ikusiz, «eskandalizaturik» dira hautetsiak

«Ideia politikoengatik» Espainiaratua izatea ezin dutelako onartu, haien etxeen ateak irekitzen jarraituko dutela adierazi dute

Prentsaurrekora zihoazela Ramirez anaiak atxilotu zituzten, Endika Perez ondotik

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

Endika Perezen atxiloketaren une bat. / JENOFA BERHOKOIRIGOIN

Ipar Euskal Herriko hautetsien etxean babesturik diren Segiko gazteen atxiloketak ikusiz «eskandalizaturik» agertu dira hautetsiak berak eta Euroaginduaren Aurkako Kolektiboko kideak atzo Baionako Lan Burtsan egin prentsaurrekoan. Hala eta guztiz ere, haien konpromisoa «zintzoa eta osoa» dela erranik euroaginduen «bidegabekeria» salatzen jarraituko dutela argi utzi zuen Anais Funosaz Askatasunako bozeramaile eta kolektiboko kideak.

Astelehenean lau gazte eta atzo prentsaurrekora zihoazela, Jazint eta Xalbador Ramirez atxilotu zituzten. Prentsaurrekoa eta gero Endika Perez zuten hartu. Bi atxiloketan poliziek pistola erakutsi zuten, hautetsiak ere mehatxatuz. Endika Perezen kasuan, autoa geldiarazi, kolpatu eta berina hautsi ondoren bortizki atera zuten bertatik. Seyssen kartzelaratu zituzten Ramirez anaiak eta Perez Baionako polizia etxera eraman zuten. Ramirez anaiei bihar jakinaraziko diete haien aurkako euroagindua Pauen. Hori dela eta kolektiboak argi du «ezin dela horrelako erantzun bat eman geroz eta ozenagoa eta zabalagoa den euroaginduaren aurkako mezuari». Batez ere, Euskal Herriak bake prozesu demokratikoa eskatzen duen garai politiko horretan.

Oroit gara, Benat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint Ramirez, Aitziber Plazaola, Xalbador Ramirez, Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz Segiko kideek agerpen publikoa egin zutela Izpuran (Nafarroa Beherea), Espainiaratzeko arriskuaren aurrean, eragileei eta herritarrei babesa eskatuz eta lan politikoa jarraitzeko asmoa berretsiz. Hainbat hautetsik haien etxeetan aterpetzeko hautua plazaratu zuten baita publikoki Kanbon (Lapurdi) larunbatean.

«Ezin onartuzkoa da»

«Ideia politikoengatik atxilotua eta torturatua izatea ezin dugu onartu» dio Battitta Amestoi Uztaritzeko hautetsiak. Espainiaratzeak onartuz Frantziako Estatua Espainiarekin «eskuz esku» ari dela salatzen du. Berdin berdina zion Endika Perez gazteak, atxilotua izan baino bi ordu lehenago: «Euskal Herriko gatazkan Frantzia ez da soilik kolaboratzailea, erabat gatazkaren barne da».

Egoeraz «eskandalizatuak» dira hautetsiak. «Nire haurrak balira bezala artatuko nituela erran nien gurasoei, maleruski bi egun baizik ez du iraun». Horra zer adierazi zuen Alice Leizagezahar Akitaniako kontseilariak (Europe Ecologie), euroaginduaren mehatxupean ziren Aitziber Plazaola eta Beńat Lizeaga Segiko kideekin ukan esperientzia laburra zuela gogoan. Haren babesa erakutsiz larunbatean etxeko ateak ireki zizkieten eta astelehenean atxilotu zituen poliziak gazteak Donibane Garazin.

«Elkartasunezko uholdea» erakutsi nahi diete zortzi gazteei eta orokorki euroaginduaren mehatxupean diren orori, Luxi Oxandabaratz Gamarteko (Nafarroa Beherea) hautetsiak azaldu duenez. Etxean zuen Oxandabaratzek ere zortzietako bat, «gazteen familiaren sufrimendua pixka bat arintzeko gogoz». Nahiz aste hastapenean gazte hura ere atxilotu, argi du ez dutela etsiko eta «behar orduan beste batzuk hartuko» dituztela ere.

Biltzen ari den elkartasunaren islatzeko giza-katea burutuko dute larunbatean Baionan, 15:00tan. Guztiei luzatu dute hitzordurako deia, «mekanismo errepresiboa guztion artean dugulako oztopatuko». Bestalde, Paueko auzitegian euroaginduak aztertuko diren egunetan auzitegira joateko deia luzatu dute baita.

Zortzi gazteei eta orokorki euroaginduaren mehatxupean diren herritar guztiei «agur beroa» luzatuz bukatu zuten prentsaurrekoa.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia