Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:53

EUSKALHERRIA;2010-06-05;Zuzendaritza taldeen ustez, EAEko sare publikoko kalitateari «eraso» diote. Baliteke dimisioa aurkeztea Gipuzkoako eta Bizkaiko 69 eskolatako zuzendaritza taldeek, egoera «konpondu» ezean

Zuzendaritza taldeen ustez, EAEko sare publikoko kalitateari «eraso» diote

Baliteke dimisioa aurkeztea Gipuzkoako eta Bizkaiko 69 eskolatako zuzendaritza taldeek, egoera «konpondu» ezean

Lierni Alkorta.

Donostia

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2010-2011ko ikasturtera begira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoetako lanpostu zerrendetan egin asmo duen murrizketa «eskola publikoaren kalitatearen kontrako eraso zuzena» da, Gipuzkoako eta Bizkaiko 69 ikastetxe publikotako zuzendaritza taldeek salatu dutenez. Are gehiago, murrizketen eraginez «urteetan izugarrizko ahaleginaren ondorioz» martxan jarritako proiektu batzuk bertan behera eta beste batzuk kolokan geratuko direla adierazi dute. Hau da, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektua bera geratuko dela bertan behera, finean, irakasleek klaseak emateko bestetarako denborarik ez dutelako izango.

Euren jarreraren berri emateko, agerraldi jendetsua egin zuten atzo Donostian ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeetako ordezkariek. Bertan, iragan asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeari helarazitako idatzia plazaratu zuten, besteak beste. Eguneratutako datuak ere eman zituzten. Haien hitzetan, orain arte egindako datu bilketaren arabera, Gipuzkoako 70 ikastetxetan 28 talde gehiago izango dira 2011-2011ko ikasturtean. Aldiz, 125 irakasle gutxiago aurreikusi ditu Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Bizkaian, aldiz, kontaketa atzeratuagoa doa, «lanpostuen zerrendak astebete beranduago heldu direlako», zuzendari taldeetako ordezkarien arabera. Edonola ere, 17 ikastetxetako datuak bilduta, talde bat gutxiago eta 30 irakasle gutxiago espero dituzte datorren ikasturtean. Araban, berriz, bederatzi eskolatako datuak bilduta, 16 irakasle gutxiago izango dituzte 2010-2011ko ikasturtean.

Hala, hezkuntza publikoaren «kalitatea» azpimarratu zuten: «Guretzat, kalitatea hitza da garrantzitsua». Horretarako, hezkuntza proiektuez gain, giza baliabideak «ezinbestekoak» dira: «Ez baitago kalitateko hezkuntza proiekturik lantzerik, irakaslerik gabe».

Etorkizunean zer gerta daitekeen ere iradoki zuten: «Egoera hau konpontzen ez bada, Hezkuntza Sailari gure dimisioa aurkeztea serio aztertzen ari gara». Egoera horretan ikastetxeak kudeatzea «ezinezkoa» delako, zuzendaritzen proiektuak aurrera eramatea ere «ezinezko» bihurtzen zaielako, kalitateko eskola publiko baten «alde» daudelako eta euren ikastetxeetako ikasle eta gurasoei «iruzurra» egin nahi ez dietelako ari omen dira, hain zuzen, dimisioaren aukera aztertzen.

Aurrera begira

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren «nagusikeria» ere gaitzetsi zuten atzoko agerraldian. «Hauxe dago» eta antzerako erantzunak entzun behar izan omen dituzte. Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko prest daude, ordea: «Prest, benetako eta edukiz osatutako negoziazio bati aurre egiteko». Areago, jakinarazi zutenez, bilerak eskatu dituzte baina ez dizkiete onartu. Beraz, pilota Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren teilatuan dago, Gipuzkoako eta Bizkaiko 69 eskola publikotako zuzendaritza taldeen irudiko. «Haiei dagokie ardura politikoa eta erabakiak hartzea».

Bien bitartean, atxikimendu gehiago jasotzeko itxaropena dute. Izan ere, besteak beste, Arabako ikastetxe publikoetako zuzendariak datorren astean bilduko dira gaia aztertzeko. Horrez gain, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ere antzerako murrizketa gerta daitekeela adierazi dute. Izan ere, azaldu dutenez, haiek ez dituzte oraindik lanpostu zerrendak jaso. Edonola ere, haien bidea ere «antzerakoa» izango delako susmoa dute. Sinatzaileen zerrendan ez txertatuagatik ere, Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxetatik ere atxikimenduak jasotzen ari direla adierazi zuten.

Datorren asteko astearte edo asteazkenerako espero dute Jaurlaritzaren erantzuna. Zuzendaritza taldeek orduan erabakiko dute aurrerantzean zer bide hartu.

«Dirua egon badago»

Lanpostu zerrendetan murrizketak egiten direla, baina «izen handiko proiektuetan» Eusko Jaurlaritzak «dirutza» gastatuko duela ere salatu zuten. Bi proiektu «ponpoxo» jarri zituzten adibide gisa: Eskola 2.0 eta ingelesezko barnetegiak. Lehenengorako Jaurlaritzak 12,5 milioi euro erabiliko dituela esan zuten, bigarren proiekturako, berriz, «auskalo zenbat». Beraz, dirua egon badago, 69 ikastetxe horietako zuzendaritza taldeen arabera; «kontua da non eta zertan inbertitzen den».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia