Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:39

EUSKALHERRIA;2010-05-19;Kalearen erabilera Ťaskeať defendatuko dute igandean Bilbon. Bilboko Udalari Espazio Publikoen Ordenantza berridatzi eta galdeketa bidez onartzeko eskatu diote hainbat eragilek

Kalearen erabilera «askea» defendatuko dute igandean Bilbon

Bilboko Udalari Espazio Publikoen Ordenantza berridatzi eta galdeketa bidez onartzeko eskatu diote hainbat eragilek

Maite Asensio.

Bilbo

«Kaleak kontrolatu» nahi izatea egotzi diote Bilboko Udala onartzekotan den Espazio Publikoen Ordenantzari. Hiriburuko 60 eragile sozial, sindikal eta politikotik gora batu dira Kalea guztiona da ekimenean, espazio publikoaren erabilera «aske eta zentzuzkoa, errespetuan oinarritua» aldarrikatzeko. «Neurriz kanpoko erabilerak eta herritarren eskubideei kalte egiten dieten jarduerak mugatu behar dira, baina ez askatasunak eta eskubideak urratuz», adierazi zuten atzo Inmaculada Mujika eta Borja Sarrionandia bozeramaileek. Kalea guztiona da, guztiok goza dezagun libreki, guztion eskubideak bermatuz lelopean, igande eguerdirako manifestazioa antolatu dute, Plaza Eliptikotik aterata.



«Postaleko hiri bihurtu dute Bilbo, guztiontzako hiriaren kaltetan», esan dute. Haien iritziz, ordenantza «murriztailea» da, eta hiriaren oinarri diren sormena, aniztasuna eta bestelako balioak baztertzen ditu. Halaber, araudia herritarren eta eragileen parte-hartzerik gabe landu izana deitoratu dute. Orain arte «inolako oztoporik gabe» eginiko jarduera zibiko, kultural eta ludikoak arautuz, «mugak» jartzen ari da Udala, ekimeneko kideen ustez. Era berean «aldarrikapen politikoak kaletik ezabatu» nahi izatea leporatu diote, elkarte sozialen ekimenei jarritako traben harira.

Aldiz, «gogaikarritzat hartu» izan diren hainbat jarduera «mehatxu eta zigorren bidez ikusezin» bihurtu nahi dituztela salatu dute. Prostituzioan, kale edanean edo kale salmentan dihardutenei alternatibarik ez eskaintzea ere gaitzetsi dute. Arazo horiei irtenbidea emateko «hausnarketa sakonagoa» eskatu dute, are gehiago kaltetuak etorkinak eta andreak badira, «babes gabe» baitaude.

Mozioa udalean

Ordenantzaren aurkako mozioa aurkeztu zuen iragan astean Kalea guztiona da ekimenak, baina ez dute uste udalbatzara helduko denik. Edonola ere, araudia atzera botatzeko eskatu diote Udalari, eta beste testu bat lantzeko prozesu parte-hartzailea abiatzeko. Era berean, araudi berria erreferendum bidez onartu beharko litzatekeela uste dute, «espazio publikoa herritar guztien ondarea» delako.

Bilboko espazio publikoen gaineko araudia



GAKOAK

Espaloiak eta oinezkoentzako guneak. Eskuineko aldetik ibili behar da, eta taldeak edo ilarak sortzea saihestu. Ezin da bizikletan, patinetan edo antzekoetan ibili.

Jolasak. Besteentzat «arriskutsuak edo gogaikarriak» izan daitezkeen jolasak debekatzen ditu, hala nola kometak, bumeranak eta antzekoak.

Sexu harremanak. «Gizalegezkoak ez diren sexu jarduerak» debekatzen ditu, baita sexu harremanak diru truke eskaintzea edo eskatzea ere.

Kale salmenta. Debekatuta dago dendetatik kanpo edozer saltzea, ohiko merkatu eta azoketan izan ezik.

Jarduera politikoak. GKEek ezingo dute mahai informatiborik jarri, horien bidez «ideia politikoak» hedatuko badituzte.

Kaleko edana. Debekatuta dago, edaria tabernetan erosia ez denean.

Musikariak eta artistak. Ordutegi, espazio eta baldintza jakin batzuetan araututa daude.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia