Militantzian adorez, eta umorez
Emakume gazteek topaketa egingo dute maiatzean, 'Kuleroak burura eta salto mundura' leloa ardatz
Arantxa Iraola.
DonostiaErabakita dago noiz. Maiatzaren 7an, 8an eta 9an egingo da Euskal Herriko Emakume Gazteen III. Topaketa. Lekua ere bai: Gipuzkoan izango da, Hernanin. Leloa ere plazaratu dute. Kuleroak burura eta salto mundura. Hitzikur horrekin, militantzia feministan murgiltzeko era propioa erakutsi nahi izan dute emakume gazteek, umoretsua, berritzailea, freskoa, eta grinatsua. «Kuleroak sinbolo hartuta, pribatutasuna hautsi nahi izan dugu; zer eta buruan jarri nahi izan ditugu, pentsatzeko tokian». Topaketa antolatzeko batzarra egin zuten atzo Donostian Jaiki batzordeko hainbat emakume gaztek, eta azalpenak eman zituzten Oihana Etxebarrietak (22 urte) eta Kattalin Perezek (21 urte).
Gazteak dira biak, eta feministak. Feminista militanteak. Erraiek hala aginduta dihardutela diote, baina inguruak ez diela maiz behar adina sostengu ematen. Feminismoaren «olatu handia» orain dela hainbat hamarkada igaro zen, eta ingurukoek maiz ez dute ulertzen beren borrokarako gogoaren zergatia. «Sarri geure burua justifikatzen ibili behar izaten dugu», dio Perezek.
Gizartean, gizon eta emakumeen arteko ustezko berdintasunaren gaineko ideia erruz zabaldu dela uste dute biek, eta arrakasta izan duela. Baina harago begiratzearen aldekoak dira biak. «Saldu digutena, gezurrezko berdintasun bat», dio Etxebarrietak. «Instituzioen aldetik ere saldu nahi duten irudia da dena eginda dagoela». Beraiek bestelako irakurketa egiten dute, ordea. «Eta horren aurrean esateko gauza asko ditugu», dio Perezek.
Miretsi egiten dituzte aurretik bidea egin duten emakume feministak. «Ez gatoz eten bat egitera. Haiengandik edan dugu, eta haiekin batera militatzen dugu», dio Etxebarrietak. Emakume gazte gisara, nolanahi ere, ekarpen aparta egin dezaketela uste du. «Beste esateko eta bizitzeko molde bat, hain justu». Bat dator Perez, poztasunak eta alaitasunak aparteko lekua dute beren borroka egiteko moduan. «Seriotasuna ematen diogu militantziari, baina beste mekanismo batzuekin. Ez da borroka deprimagarri bat».
Oinarri horiek ardatz hartuta egin nahi dituzte maiatzeko topaketak Jaiki batzordeko emakumeek. Euskal Herriko mugimendu feministaren historia aztertuko dute, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sexualitatea, indarkeria eta identitatea, besteak beste. Sorkuntza ardatz, arte feministari ere aparteko lekua egingo diote topaketan. «Ez soilik emakumeek egindako arteari, baizik eta sorkuntza feministari», zehaztu du Etxebarrietak.
Lehendabiziko kalkuluen arabera, 300 emakume inguru elkartuko direla pentsatzen dute, baina ateak irekita daude agertu nahi duten guztientzat, eta kopuru hori gaindi daitekeen irudipena dute.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero:
www.gaztefeministak.blogstop
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
