Imanol Miner.
Euskara teknikariaBeltzen, emakumeen eta homosexualen antzera euskaldunek ere ukazioa bizi dutela nabarmendu du Minerrek. Horretaz jabetu eta antolatu egin behar dutela uste du.
«Euskaldunok nortasun krisi bat dugu, eta autoestimua ezin beherago dugu»
Mikel Peruarena.
DonostiaTopagunea euskara elkarteen federazioaren zuzendaritzan aritutakoa da Imanol Miner (Errenteria, 1974), eta euskara teknikaria da. Urtarrilaren 23an abiatu zuen Topaguneak euskara elkarteen etorkizuneko erronkei buruzko gogoeta, Durangon. «Ilusioz» hartu du hausnarketa Minerrek. Iruditzen zaio euskara elkarteetan ari direnek «armatu» egin behar dutela, «inteligentzia emozionalaz armatu», eta espero du eztabaidarekin «ideia nagusi batzuen inguruan adostasunak lortzea».
Zeintzuk dira ideia nagusi horiek?
Uste dut nortasun krisi handi bat dugula, euskara elkarteetan eta norbanako hiztun gisa. Horren gainean egin behar da gogoeta, eta adostasunak lortu, ikuspegi bateratuarekin jarduteko. Kontzeptu asko jakintzat ematen ditugu: euskalduna, Euskal Herria... Identitatea horien gainean eraikita daukagu, baina ez gara bat etortzen kontzeptuek zer esan nahi duten. Gauza hauen gainean egin behar da gogoeta.
Euskara elkarteak ez daudela autozentratuta esan izan duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Noraino erantzun diote sorrerako helburuei euskara elkarteek? Hor hutsune handiak antzematen dira. Ez egin dena gaizki dagoelako. Alderantziz, egindako ezer ez dago sobran. Kontua da beste gauza batzuk egiteari ez diogula heldu. Ez gaude autozentratuta, esaten dut, diskurtso propio bat ez daukagulako, begirada propio bat oraindik landu ez dugulako.
Akaso, hiztunei, pertsonei ez zaie behar beste arreta jarri?
Euskara elkarteetan, udalerriaz aritu izan gara. Beti giza taldeez aritu gara. Ez gara iritsi hiztunaren mailaraino eta hiztunak duen hizkuntza esperientzia digeritzera, arrazionalizatzera, jabetzera. Euskaldunon elkarteetara etorritako boluntario bakoitzak bere baitan zekarren ezinegonari ez diogu arretarik eskaini, eta horri heltzeko premia sumatzen da orain. Garai berriek erantzun berriak eskatzen dituzte.
Ba ote dute euskaldunek gutxiengo izatearen kontzientzia?
Gutxiengo izatea ez da arazo nagusia. Arazoa da ez garela antolatzen gizartean leku bat egiteko. Zain gaude, konponbideak nondik etorriko zaizkigun. Soluzioak ez dira kanpotik etorriko. Horretaz jabetu direnek egin behar dute antolatu. Autoantolaketa da giltzarria.
Feministek, homosexualek eta bestek erabili ohi dute empowerment, edo jabetzea, kontzeptu hori. Zuk euskarara ekarri duzu. Nolatan?
Hori egiaztatze batetik dator: euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Euskaldun gisa nortasun krisi bat dugu, eta ikusten dut autoestimua ezin beherago dugula. Portaera aztertuta, ondorioztatzen da euskalduna otzana dela. Normalki, isildu egiten gara, elebakarrari alfonbra gorria jartzeraino: barkamena eskatzen dugu, erraztasun guztiak ematen dizkiogu, gazteleraz bestea eroso senti dadin. Justu, erreproduzitu nahi ez dugun portaera erreproduzitzen ari gara. Hori gertatu da oso jazarpen egoera gogorrak ezagutu dituzten beste giza talde batzuetan. Oso ibilbide luzea egin du feminismoak, esate baterako, eta arrazarengatik diskriminatu dituztenek, gay eta lesbianek eta transexualek... Giza talde haiek bide bat egin dute, beren egoeraz jabetu eta horri buelta emateko. Mugimenduak antolatu dituzte, eta horien presio eta lanketak eragin du administrazioak ere aintzat hartzea, politika publikoak martxan jartzea... Euskaldunok ukazioa bizi dugu maila guztietan. Horrek parean jartzen gaitu beltzekin, emakumeekin, gay eta lesbianekin....
Azken finean, zuriak eta mendebaldarrak dira euskaldunak. Ez ote dituzte buru berean kolonizatua eta kolonizatzailea, bi-biak?
Biak daude hor; eskizofrenia gisako batean bizi gara. Esperientzia hori guztia digeritu behar da, arrazionalizatu, jabetu. Nik esaten dut armairutik bi aldiz atera nintzela: sexu identitateari dagokionez, gay gisa, eta gero hiztun gisa, kultur identitateari dagokionean. Ni konturatu nintzen abertzalea baino lehen gauza asko nintzela, tartean euskalduna, eta askoz gauza gehiago nituela beste euskaldun batekin partekatzeko. Nazionalista ez omen direnekiko desadostasunak non datoz? Lurraldearen antolaketa politiko-administratiboan. Noski, herrialde indoeuroparrek identitatea horren gainean eraikitzen dute. Guk, ez derrigor. Tradizioak erakusten digu hizkuntza praktikaren gainean eraikitzen dugula identitatea. Euskalgintzaren helburu politikoak zer dira? Estatu baten defentsa? Ez, hori alderdi politikoei dagokie. Gure helburu politikoak beste batzuk dira: komunitatearen identifikazioa eta aitortza, gure garapena trabatzen duten legeei betoa jartzeko eskubidea, erdal hedabideetan kuotak izatea...
Topaguneak hortik jo beharko luke?
Hori ere bada haren egitekoa. Alegia, helburu politiko batzuen definizioa eta defentsa. Euskaldunen elkarteek esan behar diete herrietako eragile politiko eta sozialei hizkuntza kontuetan zer, eta ez alderantziz. Orain arte euskara elkarteetan eman den beste mezuetako bat izan da: «Guk ez dugu politika egin behar». Nola ez dugula politika egin behar? Ez dugu alderdikeria egin behar! Gay edo lesbiana edo feminista talde batek lan politikoa egiten duen bezal-bezalaxe, guri ere gure esparrutik jardutea badagokigu.
Hizkuntza aholkulari izanik, zein aholku duzu euskara elkarteentzat?
Sorgintzan jardun behar dugula iruditzen zait. Euskara elkarteek oso original izan beharko dugu. Sortzaileekin lan egin behar dugu, esperimentatu eta huts egiteari ez diogu beldurrik izan behar. Eta gainditu behar dugu udalerriaren eta auzoaren ideia: lantokian sor liteke euskaldunen elkartea. Euskaldun giza taldeak biltzen diren edozein gune izan liteke euskara elkartea.
mperuarena@berria.info
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
