Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:36

EUSKALHERRIA;2010-03-10;Javier Murillo. Hezkuntzaren teorian aditua. «Ebaluazioak zoriontzeko aitzakia izan behar du, ez errepresiorako aitzakia». Ikasleen ezagutza neurtzeko eta horren jarraipena egiteko egungo sistemak aldatzearen alde agertu da Murillo, Ikastolen Elkarteak antolatutako XVII. Jardunaldi Pedagogikoetan.

Javier Murillo.

Hezkuntzaren teorian aditua

Ikasleen ezagutza neurtzeko eta horren jarraipena egiteko egungo sistemak aldatzearen alde agertu da Murillo, Ikastolen Elkarteak antolatutako XVII. Jardunaldi Pedagogikoetan

«Ebaluazioak zoriontzeko aitzakia izan behar du, ez errepresiorako aitzakia»

Jon Rejado.

Gasteiz

Eskolek ikasleengan duten benetako eragina ebaluatzeko moduetan aldaketa behar da. Horren alde egin du Javier Murillok, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Irakasleen Hezkuntza Fakultateko irakasleak, Gasteizen. Ikastolen Elkartea XVII. Jardunaldi Pedagogikoak egitean ari da atzotik bihar arte, Gasteizko Europa jauregian, eta bertan mintzatu da Murillo.

Ikasleen ebaluazioen emaitzen %20 eskolaren ekarpena dira, «kasurik onenean», Murilloren ustez. Eskolaren garrantzi zehatza zein den jakin behar da, «eskolaren balio erantsia», informazio zehatz horretan hezkuntza hobetuko duten erabaki zuzenak hartzeko. Hala, ikasgai jakin batzuen ezagutza eta ezagutzaren bilakaera aztertzen duten ebaluazioek, PISA txostenak esaterako, «ondorio maltzurrak» dituztela azaldu zuen atzoko hitzaldian.

Ebaluazioa bera helburu bihurtu dela nabarmendu duzu hitzaldian. Hori al da egungo hezkuntzak dituen zametako bat?

Pentsatzen da ebaluazioak berak hezkuntza hobetuko duela, baina hori ez da horrela. Ebaluazioak informazioa ematen digu, baina informazio hori aztertu egin behar da, eta behar diren erabakiak hartu.

Ebaluazioak beste helburu bat izan beharko luke, zure ustez.

Positiboa den hori erakutsi behar du ebaluazioak, adibidez, Espainiako edo EAEko hezkuntza sistemek nabarmendu beharreko oso gauza onak dituztelako.

Aldaketa handia ekarriko luke horrek. Hau da, ikasleen artean ebaluazioa modu ezkorrean ikusi ohi da, adibidez.

Ez bakarrik ikasleen artean. Irakasleek ez dute ebaluatuak izan nahi, ebaluazioa errepresiboa izango dela pentsatzen baitute, eta gehienetan ez daude oker. Ebaluazio askotan, esaten da zer ez den ondo egin, baina ez dute nabarmentzen ondo egiten den horren garrantzia, ezta babesik ematen ere. Ebaluazioak zoriontzeko aitzakia izan behar du, ez errepresiorako aitzakia.

Dena den, aipatu duzun presio hori ez dago ebaluazioaren berezko helburuen artean, ezta?

Ondorio maltzur asko ditu ebaluazioak, eta hezkuntzaren izaera bera aldatzeko gai dira batzuetan. Badakigu zenbait ikastetxetan probak ondo egiteko hezten dela. Ikasle batzuk ez dira hezten; probak ondo egiteko prestatzen dira.

Hitzaldian, azaldu duzu Ikasgai jakin batzuen ebaluazioari berebiziko garrantzia ematen zaiela baina beste alor batzuk oharkabean igarotzen direla: elkartasuna, sormena...

Ezagutzen dena ebaluatzen da, eta oraindik oso gutxi dakigu. Hezten dugunaren zati txiki baten emaitzak baino ez dituzte jasotzen PISAren moduko ebaluazioek, baina muturreko garrantzia ematen diegu eta orokortu egiten ditugu. Horrek motibazio falta dakar, eta hezkuntzaren funtsezko helburua ahanztea ekartzen du: ikaslearen prestakuntza osoa ahanztea.

Soin hezkuntzaren orduak murriztea eztabaidagai izan zen EAEn duela hilabete gutxi. Ohikoa al da hori?

Hori gertatzen da, bai. Dena den, azken urteotan argi gelditzen ari da ikasgai guztiak garrantzitsuak direla. PISAk denboran atzera egitera behartu gaitu, bi irakasgai garrantzitsu baino ez zeuden garaira.

Ikastetxeek ikasleengan duten ekarpen zehatza aztertzeak, «balio erantsia» zehazteak, zer ekarpen egiten du egoera horretan?

Ebaluazioen informazio gordina ez da erreala. Ez dator bat errealitatearekin. Beste faktore batzuen berri ematen du. Jakin behar dugu zer ekarpen egiten duen eskolak. Gerta daiteke ustez goi mailako eskola denak ikasleari ekarpen gutxi egitea, eta ikasle batzuk baztertzea ebaluazioetan emaitza onak lortu ahal izateko.

Balio erantsi hori zehazteko tresnak daudela esan duzu, baina ez direla orokortu. Zergatik?

Politikarien nahia falta da. Ebaluazioa oso kontu labaina da, eta horretan aurrera egiteko segurtasun handia behar da; bestela, kritika zorrotzak jaso daitezke. Politikariek ez dute ausartak izan nahi, kritikak jasotzeko arriskuagatik. Berritu dezatela eskatu behar diegu, hori baita ikastetxeetan zer gertatzen den jakiteko modu bakarra.

Zer emaitza positibo izango luke ebaluazio aldaketa horrek?

Irakasleek ahal den informazio zabalena izan behar dute lan egiteko. Zehatzagoa den informazioa izanez gero, erabaki zuzenagoak hartuko dituzte, eta horrek hezkuntza hobetuko du.

Gizartean zer eragin izango luke horrek? Gurasoek seme-alabengan duten garrantzia onartu behar lukete...

Hezkuntza denon ardura da: gurasoena, gizartearena, politikariena eta eskolarena. Eskolaren ardura handia da, baina ez da esaten den bezain handia. PISAn emaitza txarrak badaude, ez da eskolaren arazoa, gizartearena baizik.

Eskolen benetako ardura zehazteak lana erraztuko lieke irakasleei?

Benetan duten ardura baino handiagoa hartzen ari dira. Gauzak aldatzea ez dago haien esku, neurri batean. Ardurak ematen zaizkie, baina ez horiei aurre egiteko tresnak. Sistema ez da bidezkoa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia