15 guardia zibil zigortzeko eskatu du Portu eta Sarasolaren abokatuak
Tortura eta lesio delituak egiteagatik, sei urtetik 17 urtera bitarteko zigorrak galdegin ditu akusazioak 15 guardia zibilentzat
Haietako zenbat epaitzen dituen erabaki behar du epaileak, eta epaiketa eguna jarri
Oihana Elduaien.
Igor Portu eta Mattin Sarasola 15 guardia zibilek torturatu zituzten, bi presoek aurrera daramaten akusazioaren arabera. Zazpi izan ziren Portu torturatu zutenak, eta zortzi Sarasolari tratu hori eman ziotenak. Haiek guztiak identifikatuta eta inputatuta daude, eta orain, epaitu eta zigortzea nahi du akusazioak. Halaxe eskatu diote auzia ikertzen ari den Donostiako 1. Instrukzio epaitegiari.
Guardia zibil haietako bakoitzarentzat egiten duen zigor eskaera ere zehaztu du akusazioak, BERRIA-k eskuratu duen txostenean. Operatiboaren arduraduna zen Juan Jesus Casas Garcia sarjentuarentzat eskatzen du zigorrik handiena: 17 urteko espetxea, 24 urteko inhabilitazioa, eta sufragio pasiborako inhabilitazio berezia. Beste inori ez bezala, inkomunikatuta eduki zituzten aldian Portu eta Sarasola biak torturatzea egozten dio akusazioak Casas Garcia sarjentuari, eta horregatik eskatzen du besteentzat baino zigor handiagoa.
Gainerakoan, Portu torturatu eta hari lesioak egitea egozten dien beste sei guardia zibilentzat hamaika urteko espetxe zigorra, 12 urteko inhabilitazioa eta sufragio pasiborako inhabilitazioa eskatzen ditu. Sarasola torturatzea egozten dietenei, berriz, sei urteko kartzela, 12 urteko inhabilitazioa, sufragio pasiborako inhabilitazioa eta bi hilabetetan egunero 100 euroko isuna ordaintzea -isuna bost guardia zibilentzat eskatzen du, ez seirentzat-.
Portu eta Sarasolari kalte-ordaina emateko ere eskatzen du akusazioak. Batetik, kalte moralengatik bakoitzari 50.000 euro ematea eskatzen die akusatu guztiei. Horretaz gain, eragindako kalteengatik Porturi 1.497,8 euro emateko eskatzen die hura torturatzearen arduradun egiten dituen guardia zibilei; eta Sarasolaren lesioen arduradun egiten dituenei 401,1 eurokoa.
Auzi honetan epaiketa egitearen alde dago Gipuzkoako Fiskaltza ere, baina, hamar guardia zibil baino ez ditu eserarazi nahi akusatuen aulkian. Gainera, haientzat akusazioak eskatutako zigorren aldean, zigor txikiak eskatu ditu. Akusazioak egozten dizkien delitu berdinak egozten dizkie Fiskaltzak ere, baina delitu haiengatik eskatu dezakeen zigorrik txikiena eskatu du, akusazioaren kontrako jarrera hartuz.
Lau guardia zibil baino ez dira espetxeratu behar Fiskaltzaren irudiko. Hiru urteko espetxe zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa eta sufragio pasiborako inhabilitazioa eskatzen du haietako birentzat; bi urteko espetxe zigorra, zortzi urteko inhabilitazioa eta hamar egunez etengabe lokalizatuta edukitzeko zigorra, beste birentzat; eta hamar egunez etengabe lokalizatuta edukitzeko zigorra gainerako seientzat. Kalte moralengatik Porturi 18.670 euro ordainarazteko eskatu du, eta Sarasolari 6.420 euro.
Antzeko kontakizuna
Bai Fiskaltzak eta bai akusazioak antzeko kontakizuna egiten dute Portu eta Sarasolaren inkomunikazio aldian gertatutakoen inguruan antzeko kontaketa egiten dute. Epaiketa egiteko eskatuz auzitegian aurkeztutako idatzietan, biek ala biek bat egiten dute atxiloketa 2008ko urtarrilaren 6ko 10:15 aldera gertatu zela. Biek diote, autoan sartu bezain pronto Portu eta Sarasola kolpeak zein mehatxuak jasotzen hasi zirena, eta mendi bide batera eraman zituztela. Handik Intxaurrondora eraman zituztela, eta Sarasola Madrilerako bidean ere jo egin zutela ere biek jasotzen dute.
Kontaketa antzekoa egin arren, bi idatzietan agertzen dira bestean agertzen ez diren xehetasunak. Esate baterako, fiskalaren idatziak dio Portu erietxera zeramatenean ere jo egin zutela. Akusazioaren idatzian ez da hori jasotzen, baina fiskalarenean jasotzen ez den beste gauza bat jasotzen da: Portuk erietxean pasatu zuen aurreneko gauean, hura zaintzen zeuden bi guardia zibilek mehatxatu eta iraindu egin zutela.
Ñabardurak ñabardura, kontaketa antzekoa egiten duten arren, gertatutakoaren inguruan bi arrazoi oso desberdin ematen dituzte akusazioak eta Fiskaltzak. Akusazioak dioenez, «ustez ETA erakundearekin harremana izateagatik zigortzeko helburuz» egin zituen torturok Guardia Zibilak, «eta baita aitorpenak eta beraien zein ETArekin lotuta egon daitezkeen beste pertsona batzuen inguruko informazioak» lortzeko ere. Fiskalaren arabera, berriz, «seguruenera, ETAko kide direlako zigortu nahian» gertatu ziren tratu txar horiek, «lau aste lehenago Frantziako Capbreton herrian gertatutako bi guardia zibilen hilketak sortutako sentipenak eraginda».
Guardia zibilen defentsaren idatziak jaso ostean erabakiko du Auzitegiak zein guardia zibil epaitzen dituen, eta noiz.
TATek hitzaldia emango du gaur Iruñean, UPNk debekatu arren
Mobilizazioak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
