«Euskadi eraikitzeko» alboan izanen duela esango dio Urkulluk Lopezi
Bere kargua betetzeko eta oposizioburu gisa aritzeari uzteko eskatuko dio jeltzaleak lehendakariari
Erredakzioa.
DonostiaIñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak uste du Patxi Lopez ez dela Eusko Jaurlaritzako lehendakari lana egiten ari, baizik eta oposizioko buruarena. Zortzi hilabete hauetan «Espainiako Estatuan izandako hainbat gertakaritan, Euskadiren interesak defendatzeko aukera» behin eta berriz galdu dituela ez dauka dudarik Urkulluk. Heldu den urtarrilaren 29an bien artean egin behar duten bileran Eusko Jaurlaritzako lehendakari den aldetik bere ardurak betetzeko eskatuko dio batez ere. «Euskadi eraikitzen» jarraitzeko prestasun osoa erakutsiko dio, autogobernuan eta «Euskadiren» defentsaren gaietan nabarituz. «Bide horretatik jarraituko dut. Euskal herriak beti EAJrekin topo eginen du Euskadiri onurak ekarriko dizkion gaietan»..
Bien arteko bigarren bilera izanen da, joan den urteko maiatzean Lopezek Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuenetik. Alonsotegin (Bizkaia) duela 30 urte hildako lau herritarrei egindako omenaldi batean, Urkulluk jakinarazi du gogo berarekin joanen dela «gobernu ahul bati eta PPren babesa duen PSE-EEri» EAJk dituen kezkak eta beldurrak azaltzera.
Urkulluk ez daki Lopezek proposamenik eginen ote dion, baina nabarmendu du joan den astean Lopezek aipatutako «Euskadiren» ereduari buruzko eztabaidak eta itun sozialak ez dutela ezer berririk ekartzen, bere alderdiak urteak daramatzalako aukera horiei buruz hitz egiten. «Ikusiko dugu lehendakariak zer dioen EAJko presidentearekin luze eta zabal hitz egitean». Hala ere, oroitarazi du bien arteko lehen bileran EAJren hamar kezka helarazi zizkiola Lopezi, eta oraindik erantzunik gabe dagoela.
Eusko Jaurlaritzak EAJko buruarekin hitz egiteko gogoa erakutsi badu ere, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ohartarazi du EAJrekin «serio eta berme batzuekin» hitz egiteko zailtasunak dituztela, alderdi jeltzalea «oilategi bat» delako. Ez dakite «ziurtasun osoz» zein den burua. «Oraindik ere, ez dago argi zeinek zuzentzen duen EAJ; Urkulluk, Interneten daukan bere blogetik; Joseba Egibarrek, Eusko Legebiltzarretik, ala Jose Luis Bilbaok, Bizkaiko Aldunditik». Atzo Bilbon emandako prentsaurreko batean egin zituen adierazpen horiek Pastorrek. Urkulluk PSE-EE eta PPren arteko hitzarmenak Eusko Jaurlaritzaren jarduna murrizten duela leporatu izanak ez dauka zentzurik, Pastorren arabera. Are gehiago, EBBko presidentea «errealitatea desitxuratzen» ari dela uste du.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere gogor erantzun die EAJk egin dituen kritikei. Ziurtatu du lehendakariak «lehen minututik» egin dituela eskaintzak, eta bilera batera inoiz ez dela «paper zuri batekin» joan. Haren ustez, EAJk helburu bat baizik ez dauka: Eusko Jaurlaritza higatzea.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
