Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:30

EUSKALHERRIA;2010-01-08;Basagoiti, presoak gose greba amaieraraino eramatearen alde. PPko buruak dio «arazo bat gutxiago» egongo litzatekeela presoek greba muturreraino eramango balute

Basagoiti, presoak gose greba amaieraraino eramatearen alde

PPko buruak dio «arazo bat gutxiago» egongo litzatekeela presoek greba muturreraino eramango balute

Erredakzioa.

Bilbo

Espetxeetako egoera salatzeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) iragarritako borrokaldia mespretxatu du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. Presoek itxialdiak eta gose grebak egiteak ez dio «inolako penarik» ematen. «Nigatik, egin dezatela denek gose greba, Otegik lehenengo, eta amaieraraino eramaten badute, arazo bat gutxiago. Penarik ez didate ematen». Adierazpen horiek berri agentziei egin zizkien.

Haren ustez, «burua hotz» mantendu behar da presoen auzian: «Preso txintxoak eta gaiztoak daudela saldu nahi dute. Baina niri ez diezadatela esan Valentin Lasarte preso ona dela, egin dituenak egin eta gero. Denak dira gaiztoak», azpimarratu du. Preso guztiek amaiera bera izan behar dutela iritzi dio: «Kartzelan amaituko dute, eta ez dute ezer lortuko».

Basagoitiren aburuz, ez da ezer espero behar ez ezker abertzalearengandik, ezta euskal presoengandik ere. Barne mugimenduei edo hausnarketei ez die inolako sinesgarritasunik ematen. «Gauza bera behin eta berriz errepikatu da, beti esan da aldaketak egongo zirela mundu horretan, baina egiaren ordua iritsi denean ez da ezertxo ere aldatu».

PPko buruaren irudiko, ETAk negoziatzera bultzatu nahi du Espainiako Gobernua, eta horregatik Arnaldo Otegi «aurpegi onarekin» jarri du, «negoziatzaile itxurarekin». Ordea, «amua ez irensteko» eskatu du. ETAren aurka jarraitu beharreko bidea jazarpenarena dela esan du: «ETAk egiten duena egiten duela, haren aurkako borroka elkarrekin egin behar dugu PPk eta PSE-EEk, eta Alderdien Legea eta gisa horretako neurriak onartzen jarraitu behar dugu».

Hauteskundeak

Basagoitiren ustez, ezinbestekoa da «ETAri» 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartzea galaraztea. Hala, duela hiru urteko hauteskundeetan gertatutakoa berriro ez errepikatzeko eskatu du PPko presidenteak: «Espero dut inork ez ematea babesik ETAri datozen hauteskundeetan eta egin beharreko etxeko lanak egin daitezela». Zapateroren «terrorismoaren» aurkako borrokak «proba» garrantzitsua gaindituko du orduan, haren irudiko. Horrez gain, Eusko Alkartasunari ere adierazi dio ez liokeela babesik eman behar ezker abertzaleari.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia