Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:29

EUSKALHERRIA;2010-01-06;«Tratu umiliagarria» salatu du Espainiako Greenpeaceko buruak. Juan Lopez Uralde ikusteko segurtasun neurri gogorrak pasatu dituzte senideek Kopenhageko kartzelan

«Tratu umiliagarria» salatu du Espainiako Greenpeaceko buruak

Juan Lopez Uralde ikusteko segurtasun neurri gogorrak pasatu dituzte senideek Kopenhageko kartzelan

Erredakzioa.

Gasteiz

Juan Lopez Uralde (Donostia, 1963) Espainiako Greenpeace talde ekologistako buruak, Koro Castellanos emaztearen eta Iñigo Lopez Uralde anaiaren bisita izan zuen atzo. Vestre Faengsel espetxean (Kopenhage, Danimarka) dago Lopez Uralde, abenduaren 17tik. Berak eta atxilotuta dauden Greenpeaceko beste hiru kideek «tratu umiliagarria» jasaten dutela adierazi die senideei.

«Ohi baino argalago baina lasai» dagoen arren, Greenpeaceko kideak jasaten ari diren «neurrigabeko» tratuarengatik haserre dagoela esan die Lopez Uraldek senideei. Atzo egindako bisitan segurtasun neurri «gogorrak» ezarri zituzten espetxean. Atxiloketa eta kartzelatzea eragin zuten gaiez hitz egiteko debekua izan zuten, eta une zehatzetan etenak egiten zizkien itzultzaile batekin egon ziren. Senideek jantzi garbiak eta dirua emateko aukera izan dute, baina kartzelako funtzionarioek ez diete bi liburu eta turroi bat sartzen utzi.

Duela bi egun, astelehenetik, gainerako presoekin batera daude Lopez Uralde eta Kopenhageko klima aldaketari buruzko goi bileran atxilotutako Greenpeaceko beste hiru kideak. Abenduaren 17tik astelehenera arte atxiloaldi inkomunikatuan egon dira. Espainiako Kanpo Gaietarako ministro Miguel Angel Moratinosek ohiko presoengandik bereizteko eskatu dio Danimarkako Gobernuari, enbaxadaren bitartez.

Mario Rodriguez Greenpeacen Kanpainetako zuzendariak gogor kritikatu du atxilotutako lau lagunak ohiko presoekin elkartu izana: «Mundu hobe baten alde borroka egiten duen gizarte zibilari emandako zigorra da». Eta «intentsitate gehiagoko» lana eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Elkarretaratzeak gaur

Kopenhagen atxilotutakoen askatasuna eskatzeko, datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin die hiritarrei Rodriguezek. Gaur bertan Bilboko Arriaga plazan, Iruñeko udaletxe aurreko plazan eta Errenteriako (Gipuzkoa) Sorgintxulo kalean, Danimarkako Kontsulatuaren aurrean, elkarretaratzeak egingo dituzte 19:00etatik 20:00etara.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia