Luzarraga aske uzteko eskatu dio Euskal PEN Klubak Txileri
Idazlea errugabea dela defendatuz, gutuna aurkeztu du Txileko Bizkaiko kontsulatuan
Urtezahar egunean atxilotu zuten atentatu saio batekin lotura izatea egotzita, eta bihar da pasatzekoa epailearen aurretik
Irune Berro.
LeioaGabon zahar egunean Txileko Padre de las Casas herrian atxilo harturiko Asel Luzarraga Zarrabeitia euskal idazle eta musikaria (Bilbo, 1971) aske uzteko eskatu zuten atzo kulturaren esparruko hainbat ordezkarik, Leioan, Txilek Bizkaian daukan kontsulatuaren aurrean eginiko elkarretaratzean. Euskal PEN Klubaren ekimenez egin zuten bilkura. Izan ere, erakunde horretako lehendakariak, Laura Mintegik, Asel Luzarraga «egiaz nor den» azaltzen duen gutuna eman zion kontsulari, euskal idazlea «kargurik gabe» «berehala libre uzteko» eskatzearekin bat.
Bizkaiko ordezkaritza horretako kontsulak ez zuen hedabideen aurrean azaldu nahi izan, baina Mintegik adierazi zuenez, «jarrera ona» agertu zuen Euskal PEN Klubeko ordezkariekin. «Gutuna Bartzelonako eta Madrilgo kontsulatu nagusietara bidaliko duela agindu digu, eta prest azaldu da bere bitartez beharrezko ditugun harreman diplomatiko guztiak egiteko», azaldu zuen Mintegik, bileratik irtetean.
Asel Luzarraga Urtezahar egunean atxilotu eta espetxeratu zuten, Txileko La Araucania eskualdeko Justizia idazkaritzan izandako atentatu saio batekin lotura izatea egotzita. Etxean zela hartu zuten atxilo. Izan ere, iragan martxoaz geroztik Txilen bizi da idazlea, Padre de las Casas herrian. Haren etxebizitzan eginiko miaketan, lehergailuak egiteko materiala aurkitu zutela zabaldu zuten polizia iturriek hasiera batean. Egunak igaro ahala, alabaina, akusazioak indarra galdu du. Eta Luzarragak berak senide zein hurkoekin egunotan izan dituen telefono elkarrizketetan behin eta berriro ukatu du etxean halakorik zeukanik.
Nolanahi ere, epaileak bihar hartuko dio deklarazioa, eta orduantxe erabakiko du idazlearen aurkako prozedurarekin aurrera jarraituko duen edo bertan behera laga eta kargurik gabe libre utziko duen. Itxaropentsu egoteko arrazoiak badituztela uste arren, Luzarraga Txiletik kanporatuko ote duten beldur dira senideak.
Maputxeen defendatzaile
Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008) liburuen egilea izateaz gain, Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kidea ere bada Luzarraga, eta nazioarteko PEN Clubeko Writers for Peace (Bakearen aldeko idazleak) batzordean lan eginikoa.
Anarkista pentsabidez, maputxeen lurraldetasun eskubideen alde aritu izan da Txilen. Haatik, Mintegik argi dauka: «Ezagutzen dugunok badakigu soilik hitzaren bidez borrokatzearen aldekoa dela». Hortaz, «gainerako guztia gezurra baizik ez» dela salatu du Euskal PEN Klubeko lehendakariak. «Giza eskubideen defendatzaile sutsua da; horregatik, pentsaezina da Aselek [Luzarraga] bortizkeria erabili izana».
Luzarraga PEN Clubak aurten Tokion egingo duen biltzarra prestatzeko lanetan murgildurik dabilela azaldu du Mintegik.
Lourdes Luzarraga.
Asel Luzarragaren arreba«Ez dago akusazioei eusteko frogarik, eta abokatua itxaropentsu dago»
I. B.
LeioaSinadurak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
