Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:28

EUSKALHERRIA;2009-12-17;Euskararen erabilera indartu nahi du EEPk 2010-2016rako xedean. Behin betiko xedea ekainean onartuko badute ere, 420.000 euro gehiago ukanen du 2010eko aurrekontuak

Euskararen erabilera indartu nahi du EEPk 2010-2016rako xedean

Behin betiko xedea ekainean onartuko badute ere, 420.000 euro gehiago ukanen du 2010eko aurrekontuak

Aitor Renteria.

Baiona

Euskararen Erakunde Publikoak 2010-2016rako jokabide esparruen proiekturako akordioa deritzona onartu du eta bertan euskararen erabilpena indartu nahi du. Hiztun osoak sortzea ukanen du helburu, eta gazteengan eragitea izanen da lehentasuna. Orain arteko lehentasuna transmisioan eragitea izan bada ere, euskararen erabilpena sustatzea funtsezkoa dela nabarmendu zuen Max Brisson EEPko presidenteak. «Erabilpenari ez diogu eman behar duen garrantzia, eta, horregatik, orain arteko hizkuntza politika maingu egon da».

Onartu duten txostena behin-behinekoa izanen da. Izan ere, 2010eko ekainean ebatziko da behin betiko xedea. 2010eko abuztuan EEPren oinarrian dagoen egitura, interes publikoa duen elkargoa luzatzea onartuko da eta indarrean egonen da 2016ko abuztura arte.

2010eko aurrekontua 3.056.000 eurokoa izanen da, eta aurtengoarekiko 420.000 euro emendatuko da. Aurrekontuaren osaketari dagokionez, EEPko partaide nagusietako bakoitzak (Estatua, Akitania eta Departamendua) 740.000 euro ezarriko ditu, orain baino 120.000 euro gehiago bakoitzak. Horrez gain, Akitaniak 60.000 euroko gehigarria eskainiko du, Departamenduak bezala. Egitura bakoitzak aurten baino 10.000 euro gehiago onartu ditu. Herri arteko sindikatuak 40.000 euroko gehigarria onartu du. Eusko Jaurlaritzak orain arteko ekarpena berretsiko duela jakinarazi zuen Brissonek.

Euskararen alde baliatuko diren funtsak handiagoak izanen direla azpimarratu zuen Brissonek. Xede berriak EEPren esku ez dauden hainbat eremutan ukanen du eragina. Adibidez, haurtzaindegietako langileen prestakuntza bere gain har dezala eskatuko dio Frantziako Hezkuntzari. Gisa berean, tokiko erakundeen langileen prestakuntza bere gain har dezala eskatuko diote prestakuntza egiturei. «Herriek eta erakundeek langileen prestakuntzari dagozkion zergak ordaintzen dituzte. Bidezkoa da egitura horiek politika publikoak finkatu dituzten lehentasunak onartzea eta diruztatzea». prestakuntza egiturek ez dute egundaino onartu hizkuntza ikastaroak ordaintzea.

Bizi publikoan eragitea nahi bada, tokiko erakundeek eta Herriko Etxeek langile euskaldunak beharko dituzte. Horretarako baliatuko diren diru partidak prestakuntza erakundeek ordainduko dituzte eta ez da hizkuntza politikaren aurrekontuan agertuko.

Erronkak hiru sailetan

Hizkuntza politikaren xedean hiru atal nagusi finkatu dituzte, transmisioa, erabilera eta zeharkako eremuak. Horien baitan hamabi erronka finkatu dituzte, hala nola familia transmisioa, lehen haurtzaroa, irakaskuntza, helduen euskalduntzea, hedabideak, aisialdiak, argitalpena eta bizitza soziala.

Sail zabal horiek azpi-eremuetan garatuko ditu EEPk, bereziz berezko logika eta antolaketa dituztenak, molde independentean jorratzen ahal direnak eta esku-hartze estrategia berezitua dutenak. Gidaritza eskema bat osatuko du eremu bakoitzarentzako.

Aholku Batzordeak abenduan burutu dituen bi bilkuretan ekarpenak egin zituzten euskalgintzako gizarte eragileek. Bertzeak bertze helburuak zehazteko, epeak finkatzeko eta neurgailuak ezartzeko eskatu zioten EEPri. «Orain artean horren kontrakoa nintzen baina iritziz aldatu dut eta xedean onartu ditugu». Azpi-eremuak garatu ahala garatuko dituztela jakinarazi du.

 

Jarduera koherentea egituratu duela dio EEPk

Azken lau urteotan garatu duen hizkuntza politikaren ardatz nagusia gazteengan eragitea izan da

A.R.

Baiona



EEP sortu zenetik lau urte pasatu direlarik, egindako lanaren bilduma baikorra egiten du EEPk. Hizkuntza politikaren jomuga gazteengan eragitea izan dela nabarmentzen du EEPko presidente Brissonek, hiztun osoak sortzeko helburuz.. Egindako lanaren fruitua emaitzetan islatzen dela erran du, azpimarratuz Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lehen mailako bi zentroetatik batean eredu elebiduna segi daitekeela eta ikasleen herenak egin duela hautu hori.

Aitortzen du indar gehienak eskaintza hori egituratzean ezarri direla, bertze esparru batzuetan gutxiago eraginez. Hala ere, hezkuntza arloan protokolo zehatzak finkatu dituztela erran du, bai sail berriak irekitzeko tenorean, bai irakasleak hartzeko orduan.

Hizkuntza politika eraginkorra garatu ahal izateko oraindik traba handiak daudela aitortu zuen, hala ere. Haurtzaindegien kasuan, ez dute oraindik sare bat egituratzea Ipar Euskal Herri osoan. Hala ere, hamar haurtzaindegitan eskaintza elebiduna egiteko aukera landu dutela jakinarazi du.

Bizi publikoan eragin nahi du EEPk. Orain arteko xedean ere nahikari hori aitortzen zuen eta hala ere nabarmena da euskararen falta edo presentzia ahula seinaletikan, administrazioan edo erakundeetan. Trabarik ez zela egonen agindu zuen suprefetak baina hala ere, euskara arrotz da suprefeturan. SNCF tren konpainiak ez du onartu euskara erabiltzea. «Hurrengo xedean azpiegituretan eragitea bilatuko dugu; hirietako autobus konpainiek onartzen badute euskara sustatzea, bertzeek ere onartu beharko dute, goiz ala berandu» adierazi du Estebe Eiherabide EEPko zuzendariak.

Euskara teknikarien lanpostua sortu eta sare bat antolatu arren, hastapeneko akordioak kendurik, EEPk ez du lortu garatzea Herriko Etxeen ildoa, bizi publikoan eragin zuzena badu ere.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia