Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:28

EUSKALHERRIA;2009-11-22;EAk subiranisten bilgune bat sortzeko deia egin die eragile politiko, sindikal eta sozialei. Proposamena bateraezina da estrategia politiko militarrarekin; irekia da, baina postulatu argia eskatzen du Urizarren arabera, normalizazioa, bakea eta independentzia lortzeko oinarria da

EAk subiranisten bilgune bat sortzeko deia egin die eragile politiko, sindikal eta sozialei

Proposamena bateraezina da estrategia politiko militarrarekin; irekia da, baina postulatu argia eskatzen du

Urizarren arabera, normalizazioa, bakea eta independentzia lortzeko oinarria da

Xan Harriague.

Donostia

«Eskubide guztiak, pertsona guztientzat eta herri guztientzat». Hori defendatzeko ekintza bateratu baten garaia iritsi dela uste du Eusko Alkartasunak. Gatazka konpontzeko bide bakarra da, haren arabera. Horretarako, behar-beharrezkoa eta presazkoa ikusten du esparru subiranistan ari diren erakundeen eta pertsonen arteko gogoetak partekatzea, enpatiak sortzea eta bilgune fisikoak zein ideologikoak sortzea. Dei egin die helburu horrekin bat egiten duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiei, lidergo partekatua ahalbidetuko duen antolakuntza ireki eta dinamiko batean sartzeko.

EAk argi du Frantziako eta Espainiako estatuek bultzatzen dituzten politikak gainditu behar direla. Horien adibideak eman ditu: euskal nazioaren izaera ukatzea, zatiketa administratiboa sendotzea, eskubide kolektibo zein indibidualak «urratzea», euskal nortasuna eta kulturaren aurkako «erasoak» izatea eta erabakitzeko eskubidea urratzea. «Euskal Herriak, etorkizunik izan behar baldin badu, aukera bakarra du: Europan, estatua izatea».

Alde horretatik, Eusko Alkartasunaren oinarrizko proposamena Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista bat sustatzeko agiria plazaratu zuen atzo Pello Urizar alderdiko idazkari nagusiak, Donostiako Miramar jauregian egindako konferentzia politikoan. Alderdiko 200 bat kidek parte hartu zuten. Tartean ziren historiko batzuk, hala nola Carlos Garaikoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, eta Koldo Amezketa, alderdiko presidente ohia. Rafa Larreina legebiltzarkide ohia ere han zegoen, baita Jesus Mari Larrazabal gaur egungo legebiltzarkidea ere. Tasio Erkizia, Miren Legorburu eta Amparo Lasherasek ezker abertzalea ordezkatu zuten, eta Antton Karrerak Ezker Batua. Nazioartetik ere zenbait ordezkari bildu ziren EAren proposamenaren aurkezpenera; alegia, BNG eta Xunta Aragonesistako ordezkariak.

Alderdiaren oinarriarekin hilabeteetan landutako proposamena da, «zintzoa eta zorrotza, inolako zalantzarik gabe hauteskunde arriskuen aurrean». Ondorioztatu dute mugimendu abertzalearen sektore zabal batek sakondu nahi duela errealitate nazionalaren, autodeterminazioaren eta independentziari ateak irekiko dizkien bide batean. «Jauzi kualitatibo bat eman behar dugu Euskal Herria normalizazio politikora, bakera eta independentziara eraman eta bultzatuko duen estrategia bateratua egituratzeko». Gisa berean, uste du abertzaleek agortutzat ematen dutela esparru autonomikoa. Aukera historikoa da, Urizarren erranetan, independentzia zilegizko alternatiba dela erakusten dutelako nazioartean, besteak beste Eskozian, Quebecen, Groenlandian, Faroe uharteetan eta Ipar Irlandan, garatzen ari diren joerek.

Batasun subiranisten aldeko apustua are derrigorrezkoagoa iruditzen zaio EAri, kontuan harturik Espainiako Estatuaren interesak defenditzen dituzten alderdien jarduera bateratuak baztertu egin duela transbertsalitatearen ideia; alegia, PP eta PSOEk «fronte unionista» osatu dutela. Hori ikusirik, Urizarrek ohartarazi die transbertsalitatearen tesiari eusten dioten abertzaleei beren gain hartu beharko dutela horrek Euskal Herriaren iraupenerako izan ditzakeen ondorioen erantzukizuna. «Agiri honek planteamendu eta postulatu argiak exijitzen ditu eragile bakoitzaren aldetik».

EAko idazkari nagusiak argi utzi nahi izan du proposatzen duen indar metaketa bateraezina dela estrategia politiko militarrarekin: batetik, arrazoi etikoengatik, eta, bestetik, praktikotasun estrategiko hutsagatik. ETAren eta Espainiako eta Frantziako estatuen indarkeria amaitzeko exijitu behar da, haren ustez, baita estatuei euskal gatazkaren ondorioz preso daudenen eskubideak urratzeari uzteko ere.

Konferentzia politikoak iraun duen bitartean, Urizarrek konfiantza mezua zabaldu nahi izan du, eta proposamena ere bide horretatik doa. «Bide demokratikoak, politikoak eta baketsuak bakarrik erabiliz, posible izango da euskal gizartearen gehiengoaren atxikimendua lortzea». Urizarrek badaki horrek lan asko eskatzen duela, baina baita denen konpromisoarekin posible dela ere. «Herria bera da, antolaturik dauden egitura politikoekin elkarlanean, helmugara irits daitekeen bakarra». Alde horretatik, EAk argi du botoen indarra geldiezin bilakatuko dela herritarrengan itxaropena piztuz gero. Epe laburrera begira, agiriaren atxikimendu soziala hedatzeari ekinen dio, baita nazioarteko harreman sarea indartzeari eta gizartearen babesa areagotzea ahalbidetuko duten formulak aztertzeari ere.

Hamaikabaten kritika

EAk agiria jakinarazi eta ordu gutxira, Hamaikabatek prentsa ohar bat kaleratu du: «EA ezker abertzalearen jarraitzaile bilakatu da, ETA desagertu gabe». «Fronteen politikak» jarraitzeko helburuarekin bat egin duela uste du, eta hori kritikatu du.

 

Ondorioak



1. Eusko Alkartasunak konpromisoa hartzen du esparru subiranista-independentista baten eraketa estrategikoa sustatzeko eta garatzeko, ezker sozialdemokrata aurrerakoiaren ikuspegi batetik.

2. EAk konpromisoa hartzen du ahal den guztia egiteko Euskal Herriaren erabaki eskubidea aldarrikatzen duten bestelako indar politiko abertzaleek bat egin dezaten esparru subiranista-independentista horren ekintza batasunarekin, betiere erabaki eskubidea esparru juridiko-politiko berri bat lortzeko oinarri gisa hartzen bada.

3. EAren iritziz, indar subiranista-independentisten bateratze estrategikoa da bide bakarra Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin duen gatazka behin betiko konpontzeko.

4. EAk berretsi egiten du, zalantza izpirik gabe, edozein motatako indarkeria erabiltzeak ez duela lekurik jarduera politiko demokratikoan.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia