Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 14:09

EUSKALHERRIA;2009-05-02;Ohiko epeen barruan egingo da inbestidura saioa. Eusko Legebiltzarrak hauteskundeetatik bi hilabete eta lau egunera izendatuko du Patxi Lopez lehendakari

Ohiko epeen barruan egingo da inbestidura saioa

Eusko Legebiltzarrak hauteskundeetatik bi hilabete eta lau egunera izendatuko du Patxi Lopez lehendakari

Erredakzioa.

Gasteiz

Hauteskundeak egin zirenetik bi hilabete eta lau egun igarota egingo da Patxi Lopezen inbestidura saioa. Ohiko epeen barruan egingo da, beraz. Ezusterik ezean, datorren asteartean aukeratuko dute Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari.

Eusko Jaurlaritzan egon diren lehendakari gehienen aukeraketak hauteskunde egunetik bi hilabete ingurura egin izan dira. Lehendakaria hautatzeko epea ez dago legez araututa -Legebiltzarreko araudiak ez du horretarako eperik zehazten-, baina orain arte ez da bi hilabete baino gehiago behar izan inbestidura saioa egiteko. Salbuespen bakarra 1995ean gertatu zen, Jose Antonio Ardanzaren inbestidurarekin, lau hilabete baino gehiago igaro zirelako aukeratua izateko.

Eusko Legebiltzarrak Patxi Lopez lehendakari izendatu eta bi egunera, maiatzaren 7an, egingo du karguaren zina Gernikako Juntetxean. Orain arte, Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an erabilitako euskarazko formula erabili dute lehendakari guztiek zina egiteko. Alabaina, litekeena da Lopezek formula hori aldatzea. Hainbat hedabidek azken egunotan zabaldutakoaren arabera, Lopezek ez du jainkoaren aurrean apalik esaldia esango. Hauteskundeen aurretik BERRIAri emandako elkarrizketa batean ere, Agirreren garaitik erabilitako formula hori aldatzearen alde agertu zen PSEko lehendakarigaia kazetariaren galderari erantzunez: «Badakit tradizio bat dela, baina alda badaiteke beste motatako apaltasuna bilatuko dut, herriaren aurrean edo, eta ez inongo jainkoaren aurrean».

Karguaren zinaren formula nahi erara egiteko aukera dute lehendakariek, ohituran oinarrituta dagoelako, eta ez dagoelako legez araututa. Hala, ekitaldiari erlijio kutsua kentzearen aldekoa da Lopez, eta baliteke karguaren zina 1865eko euskarazko bibliaren gainean egin beharrean, Espainiako Konstituzioaren ale baten gainean egitea. Gainera, litekeena da zinaren mahaian egon ohi den gurutzea ere kentzea.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia