Berria.info

Astelehena, 2012ko maiatzak 21 - 15:21

EUSKALHERRIA;2009-04-26;Udalbiltzako auzipetuek diote auzia artxibatzeko nahiko arrazoi daudela. Udaletxeen aurrean elkarretaratzeak deitu dituzte asteazkenerako polizia operazioaren 6. urteurrenerako

Udalbiltzako auzipetuek diote auzia artxibatzeko nahiko arrazoi daudela

Udaletxeen aurrean elkarretaratzeak deitu dituzte asteazkenerako polizia operazioaren 6. urteurrenerako

Xan Harriague.

Oiartzun

Udalbiltzaren auziak oinarri juridikorik ez duela salatu dute auzipetuek haien aurka egindako lehen polizia operazioaren seigarren urteurrenaren kari egindako agerraldian. Egokiena auzia artxibatzea litzatekeela diote. Urte hauetan guztietan egin duten bezala, azpimarratu dute haien aurkako auzia ez dela justizia kontu bat. «Nazio eraikuntzan eta udalen arteko elkarlanean egindako urratsak geldiaraztea zen eta da haien helburua».

Miren Odriozolak eta Lander Etxebarriak hitz egin zuten 22 auzipetuen izenean, atzo Oiartzungo udaletxean emandako prentsaurrekoan. Datorren asteazkenean sei urte eginen ditu Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa agindu zuenetik. 2003ko apirilaren 29an, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen eta erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu. Udalbiltza «ETA-Ekin zuzentzen duen egituran» sartua zegoela argudiatu zuen. Orduz geroztik, bertze 14 lagun gehiago inputatu ditu Garzonek, eta guztiei ETAko kide izatea leporatu die. Joan den irailean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 240 urteko kartzela zigorra eskatu zuen 22 auzipetuentzat.

Euskaldunon Egunkariaren auzia ekarri du gogora Etxebarriak eta oroitarazi Fiskaltzak berak eskatu duela artxibatzea «akusazioa oinarritzeko elementu nahikorik» ez dagoelako. Haren ustez, Udalbiltzaren auzian ere «baliorik ez duten txosten horiek berak dira» haien aurkako epaiketaren heldulekua. «Aurretik izan diren eta atzetik etorriko diren hainbat sumarioren eta epaiketen oinarri dira txosten horiek».

Etxebarriak uste du haien alde egiten dutela Espainiako Estatuak NBEtik jaso dituen aholkuak eta joan den urtean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen legez besteko proposamenak. Gogorarazi du joan den urrian NBEko Giza Eskubideen Komiteak eta, berrikitan, Martin Scheinin NBEko kontalari bereziak Espainiako Estatuari ohartarazi ziotela hainbat jarduera terrorismotzat jotzeak eskubideen urraketa ekar zezakeela. Eusko Legebiltzarrak, berriz, Udalbiltzaren lana zilegitzat eta beharrezkotzat jotzeaz gain, haren jarduerak kriminalizatzea «demokraziaren aurkakoa» zela onartu zuen. Legez besteko proposamenean auzia «irmoki» salatu zuen, eta Fiskaltzari akusazioa kentzeko eskatu zion.

Udalbiltzak jasaten duen jazarpenaren salaketarekin bat egin duten hautetsi asko daudela jakinarazi du Etxebarriak. Nazioartean horren berri emateko dagoeneko 1.000 hautetsiren sinadurak bildu dituzte: alkateak, zinegotziak eta zinegotzi ohiak.

Kriminalizatzea helburu

Eraikuntza nazionaleko dinamikak eta udalen arteko auzolan ekimenak kriminalizatzeko saiakera dago auzi horren atzean, auzipetuen arabera. Baina argi utzi nahi izan dute Udalbiltza «herri honetako gehiengoaren babesarekin» sortu dela eta «euskal gizartearen eta udalen ondarea» dela.

Ez daukate zalantzarik haien buruak baino haratago euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak daudela auzitan eta, bidenabar, «Euskal Herriak eta euskal herritarrek nazioa erakundetzeko duten eskubidea». Eskubide horiek aldarrikatzeko eta defenditzeko une egokia iruditzen zaie «erasoaldiaren» seigarren urteurrena. Hartara, berretsi dute Euskal Herriaren nazio aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitzeko eskubidearen alde aurrera egiteko «tresna egokia» dela Udalbiltza.

Aldarrikapen horiek kalera eramateko eta eskubideen errespetatzeko eskatzeko elkarretaratzera deitu dute asteazkenerako, Udalbiltzaren aurkako lehen polizia operazioaren seigarren urteurrenaren egunerako. Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean eginen dituzte 20:00etan Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia